Azaroaren 25a

Aikor aldizkaria 2009ko abe. 15a, 13:27

Testua: Susana Rodriguez, abokatua

Joan den azaroaren 25ean makina bat herritar irten zen kalera genero-indarkeria behingoan amaitu dadila eskatzera. Egun horrek urtero gogorarazten digu genero-indarkeriak indarrean badirauela, eta, horregatik, eskura daukagun armarik onenaz baliatu behar dugula haren kontra: gizartearen erabateko gaitzespena. Ildo horretan, guzti-guztiok ziur egon behar dugu genero-indarkeria pairatzen duten emakumeak bakarrik ez daudena, gizarteak babesten dituena eta gainontzeko gizabanakook haien egoera ulertu eta lagundu gura dieguna. Zoritxarrez, eguneroko bizimodua ez da horrelakoa. Egundoko arazo horren ondorioak apaldu guran, Estatuak lau haizetara aldarrikatzen dabiltzan gizarte-sentiberatzea estrategia mediatiko hutsa da, nork bere hauteskunde-proposamenei etekina ateratzeko. Zuzenbidezko estatua aitzakiatzat hartuta, agintariek idatzi eta onesten dituzten legeen itzalean, sinestarazi nahi digute epai-sistema balekoa dela, eta, norbait epaitu ostean, hobendunak zigorra beteko eta eragindako kalteagatik larrutik ordainduko duela, konponbiderik eraginkorrena berariaz alde batera utzita: aurrezaintza eta presazko neurriak. 2004an, lege berria hasi zen indarrean Espainiako estatuan. Hala ere, legeak agintzen dituen neurriak ez dira nahikoak arazoari heltzeko. Presazko neurriak behar-beharrezkoak dira biktimen samindura eta bihozmina ahalik eta lasterren arintzeko: harrera-etxe gehiago egokitu, epaitegien arteko komunikazioa azkartu, polizia eta ospitaleen arteko informazio-trukea erraztu, guardiako epaitegi gehiago gau eta egun zabalik egon, elkargune gehiago sortu zaintza eta babespea bideratzeko, eta, azkenik, diruzko laguntza handiagoak hitzartu eta erabili beharko lirateke esparru honetan dabiltzan elkarte eta emakumeentzako aholku-etxeen lan bikaina sustatu eta ahalbidetzeko. Genero-indarkeria salatzeko egiten diren publizitate-kanpainak hutsalak izango dira tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeek nora jo ez badakite, zer egin ez badakite, salaketak ondorerik izango ote duen zalantza egiten badute, edo, txarrenean, gaizkileek azkenik hiltzen badituzte, zergatik eta emakume horietako bakoitza zorioneko egun batean askeagoa izateko lehen urratsa ematera ausartu zelako.