Bide mozarabiarra

Aikor aldizkaria 2009ko abe. 15a, 15:29
Testua: José M. Quijano
Igaz, Zidar bidetik ekin geuntsan Donejakue Bideari, eta Merida eta Salamanca arteko etapa egin genduan. Aurton, Salamanca eta Puebla de Sanabria bitarteko ibilpidea egin dogu. Urria hilebete egokia da erromesentzat. Udako beroa atzean lotu da eta neguaren laztasuna etorteko dago oraindino. Ganera, bidaiariari begiak alaitzen deutsiezan koloreez tintatzen dira zelaiak. Agirian dagoz udagoieneko tonu gorrizkak, zeinek orri iraunkorreko landaren berdeakaz, lurraren okreakaz eta zereal-soloen beilegiakaz batera Bidearen kolore-paleta osatzen daben. Salamanca eta Zamorako paisajea oso bestelakoa da Extremadurakoagaz alderatuta. Desertua agertu da, monotonia eta gogortasuna lagun dituala. Arteak lekua itxi deutso haretxari, eta lursail estremadurarrak zereal-solo eta mahasti bihurtu dira Ardaoaren Lurraren Eskualdean. Astorgara ailegetea genduan helburu, Frantziako bideari heltzeko, baina, Zamoran gengozala, mendebalderantz jotzea erabagi genduan, Sanabriako bidetik edo atxinako bide mozarabiarretik. Izan be, mobimentu gitxiko bidea izan arren, askoz jatorragoa da. Beste ibilpide batzuetako aglomerazioetatik urrun, babesa da Bideagaz bat egin gura dogunontzat. Asmau genduala uste dot. Atxina, Done Jakue Bidea egiten eben erromesek bide hau erabilten eben, Astorgakoa barik. Azken hori Frantziako bidearen azpiegiturei esker ibilpide erosoagoa bihurtu zanean hasi zan erabilten. Zaharra; betikoa Penintsula hegoaldetik, erromes mozarabiarrek Sanabriako mendiak zehartzen ebezan, Santiagora Ourensetik sartzeko. Almanzor buruzagi musulmanak be ibilpide hau erabili eban X. mendean Compostela arpilatu ostean. Era berean, X. eta XI. mendeetan, monje-taldeek Kordobatik urten eben iparralderantz, helburu bi ebazala: alde batetik, monasterioak eregitea (Eskaladako San Miguel, Carrioneko San Zoilo edo Lebeñako Santa Maria, batzuk aitatzearren); eta bestetik, erromesaldian ibili eta erlikia sagraduak egozan lekuak bisitetea (Compostela, León, Oviedo, Liébana...). Jente, salgai eta idea-etorri horri erantzuna emoteko, herri arabiarrak orduan egoan bide erromatarra egokitu baino ez eban egin behar. Bide zaharrak; betiko bideak. Astorga eta Braga lotzen ebazan galtzada erromatarra hortik igaroten zan; haren lehenaren ganean toponimiak egiten deusku berba: Calzada eta Calzadilla de Tera, Zamoran. La Carballedako eskualdera sartu ginan; hori haretx lekua da. Iparraldean Cabrerako mendilerroa dago, mandazain maragatoentzat oztopoa ez ziran inoz izan mendi altuak; eta hegoaldean, Culebrako mendilerroa, Europako Erkidegoko otso iberikoen erreserbarik handiena. Gaztela galego bihurtu da. Adreilua eta teila apurka-apurka desagertzen joan eta harria eta arbela agertu dira. Puebla de Sanabria, X. mendeko Urbs Senabria, muino baten dago. Tera ibaiaren ganeko galeriatik, eta hango gazteluko torreak babestuta, erromes eta ibiltarien joan-etorrien lekukoa izan da. Puebla de Sanabriara heldu eta handik gitxira ekin deutsagu etxerako bideari. Astea oso azkar joan da. Datorren urtean, Santiagora ailegauko garala ziur nago.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).