EMUNek “Hizkuntzen Kudeaketa, Lehiarako Aukera†jardunaldia antolatu du Derion
EMUN hizkuntza aholkularitzaren helburua da lan mundua euskalduntzea eta euskararen presentzia sustatzea arlo sozioekonomikoan. Egoitza nagusia Arrasaten dago, baina duela gutxi bulegoa zabaldu dute Derion. Azaroan jardunaldia antolatu zuten Laia hotelean, eta, besteak beste, honako hauek bildu ziren bertan: Igor Calzada, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Koordinazio zuzendaria; Miren Dobaran, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saileko Euskararen Sustapenerako zuzendaria; Txorierriko udal ordezkariak; eskualdeko enpresen, sindikatuen, kultura elkarteen eta euskaltegien ordezkariak; eta Koikili, Athleticen jokalaria.
Jardunaldiak hiru ardatz nagusi izan zituen. Alde batetik, aipatu zen hizkuntzen kudeaketak nolako garrantzia duen gaur egun arlo sozioekonomikoan; eta, bestetik, euskararen presentzia Bizkaiko enpresen artean sustatzeko beharra azpimarratu zen. Era berean, euskararen erabilera areagotzeko planak dituzten enpresen kasu batzuk eman zituzten ezagutzera.
Lekua egin
NEIKER-Tecnalia Zamudioko Parke Teknologikoko enpresak, esate baterako, duela lau urte jarri zuen martxan Euskara Plana. Iranzu Telletxeak azaldu zuenez, urte hauetan hainbat oztopo izan dituzte. Ahozko harremanetan euskara erabiltzen dute, baina idatzietan euskara gutxi erabiltzen dute, “zientzia arloko terminologia euskaraz ez dagoelako behar beste zabalduta, eta, gainera, nekazaritza arloan dabiltzan bezero asko ez daudelako euskaraz alfabetatutaâ€. Arazo horri aurre egiteko, galdeketa egin dute bezeroen artean, eta emaitzak kontuan hartuta landuko dituzte aurrera begirako ildoak. Hala ere, arlo askotan euskararen erabilera hobetzea lortu dutela aipatu zuen Telletxeak. Neiker-Tecnalia Eusko Jaurlaritzako erakunde bat da, nekazaritza ikerketa eta garapenean diharduena.
Miren Dobaranek oso positibotzat jo zuen nazioarteko hainbat enpresa euskarari lekua egiten hastea eta, ildo horretan, gogoratu zuen Azkue Fundazioak enpresen beharrizanei ere ematen diela erantzuna.
Azkenik, Dani Larrea EMUNeko zuzendari nagusiak esan zuen oraingo enpresa gehienek hizkuntza bat baino gehiagotan egiten dutela lan, eta enpresa bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako hizkuntz kudeaketa egoki bat aplikatzea dela arrakastaren giltza.