Koikili Lertxundi, Athleticen jokalaria: “Hainba

Aikor aldizkaria 2009ko abe. 17a, 11:08

Testua eta argazkiak: Gaizka Eguskiza

Gipuzkoako Emun kooperatibak Txorierrin ireki du Bizkaiko egoitza. Emunek euskara normalizatzeko planak bultzatzen ditu enpresetan eta erakunde publikoetan. Bere jarduera ezagutzera emateko bilera antolatu zuen eta Koikili Lertxundi gonbidatu zuen bertara. Aikor! aldizkaria ere han egon zen eta Athleticen jokalariarekin hitz egiteko aukera izan zuen. Zer dela-eta etorri zara ekitaldi honetara? Batez ere, gonbidatu nautelako. Emunekin harreman estua dugu aspalditik, eta bat egiten dugu euren lan egiteko erarekin. Euskara normalizatzeko buru belarri dabil beharrean eta ekitaldi horretara joan garenok ere helburu bera dugu. Zelan ikusten duzu Athleticen denboraldia? Azken hamarkadako denboraldirik onena gaude burutzen. Ondo gabiltza, bai Estatuko Ligan, bai Europa Ligan, eta konfiantza osoz sentitzen gara etorkizunari begira. Hala ere, pena handia izan zen Kopatik kanpo gelditu izana. Helbururik baduzue buruan? Kirolariak garenez, anbizio handia erakutsi behar dugu, eta erronkak jarri behar dizkiogu geure buruari. Dena dela, oinarrizko helburua Ligan mailari eustea da, eta helburu zaila da. Horregatik, ahalik eta lasterren lortu behar ditugu behar diren puntuak, eta gero gerokoak! Horiek lortzen ditugunean eta egoera onean bagaude, beste xede handiago batzuei egingo diegu aurre. Eta Europa Ligan, antzera: ondo gabiltza, ligaxka gainditu dugu, baina apurka-apurka joan behar dugu. Eta kanporaketak etortzen direnean, ikusiko dugu... Aurreko denboraldian baino gehiago jokatzen hasi zara aurten. Zer gertatu zitzaizun iaz? Hainbat gauza gertatu ziren. Entrenatzaileak esan zidan denboraldi aurrean ez nintzela fin ibili, eta beste jokalari bat aukeratu zuen nire ordez. Gero nire ordezkariarengan ere konfiantza handirik ez zuen adierazi eta Mikel (Balentziaga) fitxatu zuten. Mikel hasi zen jokatzen eta berak lesioa izan zuenean, jokatzeko aukera izan nuen. Partida polita atera zitzaidan eta jokatzen jarraitu nuen denboraldia amaitu arte. Aurten Xabi Castillo fitxatu du Athleticek ezker hegalean aritzeko, eta datorren urtean Mikel Balenziaga itzuliko da Numantzian utzita ibili ostean. Zelan ikusten duzu etorkizuna Athleticen? Azken urteotan jokalari batzuk fitxatu ditu Athleticek ezker hegalerako. Hori dela-eta, gero eta zailagoa da bertan jokatzea. Baina ni lasai nago, jokatzeko borrokatzeko prest. Beste alde batetik, lehiakortasuna onuragarria da taldeentzat, aukera zabalagoa ematen baitio entrenatzaileari. Etorkizunari dagokionez, auskalo! Datorren denboraldi aurrean Mikel (Balentzaiaga), Xabi (Castillo) eta hirurok elkartuko gara berriro. Niregan pentsatu behar dut nik, eta Athleticen gelditzea dut asmo bakarra. Lehengo maiatzean Kopako finala jokatu zenuten. Zelan bizi zenuten jokalariok? Izugarria izan zen, eta giroa, sekulakoa. Athleticen aldeko sentimendu indartsu bat sortu genuen. Gaur egun Madril edo Bartzelonako zalea izatea erraza da umeentzat, futbola oso globalizatuta dagoelako. Hala ere, gu finalera ailegatu izana oso esanguratsua da belaunaldi berriei begira. Izan ere, hainbat haur zale zurigorriak bihurtu genituen. Ezohiko futbolaria Koikili ez da goi-mailako jokalari arrunta. Izan ere, 26 urte zituela heldu zen Lehen Mailara, oso berandu. Gainera, Unibertsitateko karrera -Historia, alegia- duen jokalari bakarra da Athleticen. “Arraroa ez naiz sentitzen, ezberdina baizik. Betidanik uztartu ditut futbola eta ikasketak, baina Bigarren B Maila eta Hirugarren Mailako jokalariek ere egiten dute. Hala ere, argi dago Lehen Mailan jarduera biak uztartzea ohikoa ez dela”. Hori gutxi balitz, enpresaria da arratsaldeetan. “Senideekin 2004an Itzarri enpresa sortu nuen. Bertan komertzial, euskara arloko arduradun eta zuzendari lanak egiten ditut”. Enpresak aholkularitza ematen du berrikuntza arloan.