Izena duen guztia, bada

Aikor aldizkaria 2009ko abe. 17a, 11:21

Azaroa eta abendua mugimendu handiko hilabeteak dira Izenaduba Basoan. Gabonen atarian gaude, eta Olentzeroren etxeraino ehunaka ume, gazte zein heldu hurbiltzen dira astero, ikazkina ezagutzera. Baina Olentzero ez da basoan bizi den pertsonaia bakarra. Besteak beste, Mari, Tartalo, Basajaun eta galtzagorriak ere bizi dira bertan. Horiek guztiak Aingeru Landa eta Aitziber Olabarrietaren eskutik ezagutu ditugu. Harrera Mari Teiletakoak egin digu eta hori agurtu ostean, magiaz eta esaundaz betetako basoa agertu da gure begien aurrean. Izenaduba Basoan gaude. “Antzina, gure arbasoek basoan topatzen zuten bizi izateko behar zuten guztia”, azaldu digute. Olentzeroren etxerako bidean, lamiak ikusi ditugu errekan, ileak orrazten. Kobazulo batean “sorgin bat” egon da, edabe magiko bat prestatzen. “Beno, sorgina baino, sendabelarrak oso ondo ezagutzen dituen emakumea da. Belar horiek erabiliz, edabe sendagarriak prestatzen ditu. Emakumeak euskal soineko eta buruko tradizionalak ditu jantzita”. Aurrera egin dugu bidean, eta Sugaar Mariren senarra azaldu zaigu bide ertzean. Geldialditxoa egin, eta argazki batzuk ateratzeko aprobetxatu dugu. Panel handi batean Tartalo, Basajaun eta lagunak topatu ditugu marraztuta, eta guk aurpegia atera dugu marrazkien zuloetatik, istant batez horietako pertsonaia bat garela imajinatuz. Ondoren, larre batera abiatu gara eta Aker ikusi dugu han. Hurbil txondor bat dago, eta horren ondoan, Olentzeroren etxea. “Guk filosofia hau dugu: izena badu, bada. Gure kulturan Tartalo, esate baterako, existitzen da, eta umeek horretan sinestea nahi dugu guk”. Horretarako, Izenaduba basoko gidariek hamaika azalpen ematen dizkiete bisitariei bidean topatzen diren pertsonaiei buruz, zeinek euskal mitologia eta ohituretan bete-betean murgiltzen baikaituzte. Landetxo Goikoa baserrira ailegatu gara; Olentzeroren etxera. Ate gainean eguzkilore bat dago eta esan diguten bezala, lore horrek pertsonaia gaiztoengandik babestuko gaitu etxean gauden bitartean. Atea jo dugu eta barrura sartu gara, kuriositatez. Teknologiaz inguratuta bizi gara eta Olentzero ere modernizatu egin da. Ikazkina pantaila erraldoi batean agertu da eta ongi etorria eman digu. Gu beheko suaren inguruan jarri gara. “Ahozko tradizioa oso garrantzitsua izan da euskaldunontzat. Antzina, familia beheko suaren aldamenean esertzen zen eta aitita-amamek ipuinak eta istorioak kontatzen zizkieten ilobei. Olentzeroren etxeko bisitaldia ere horrela hasten da”. Galtzagorrien atzetik Olentzero desagertu denean, leku batetik bestera ibili gara etxean zehar. Gela guztietara sartu gara eta ganbarara ere igo gara. Apur bat gehiago ikasi dugu ikazkinaren jatorriari buruz, eta baserriaren inguruko ohiturak ezagutzeko aukera izan dugu. Eta bat-batean, sast!, Olentzeroren baso magikora jotzen duen ate sekretua deskubritu egin dugu. Baso magikoan lamiak batu dira; eta jentilak, galtzagorriak, Mari, Basajaun... Olentzero azaldu zaigu berriro, eta basoan bizi diren alegiazko izakien gaineko istorioak kontatu dizkigu. Berak esandako guztia egia dela egiaztatu dugu joko interaktiboen bidez. Gu galtzagorriak harrapatzen ibili gara; harrapatu eta orratzontzian sartzen. Baso magikoan Haritz Sakratua ere badago. Zuhaitzaren adarretara igo eta sustraietara jaitsi egin gara. Beste ate sekretu batetik Izenaduba basora itzuli gara. Mariren kobazulora sartu eta ipurdiz atera gara handik, Aingeru eta Aitziberrek jainkosari bizkar ematea ideia ona ez dela esan digutelako. Tartalo haritz baten gainean eserita ikusi dugu; eta guk, zuhaitzetik irrist egin behar. Ostean, Basajaunen bila joan gara eta bere labirintoan galdu egin gara. Topatu egin dugu; nola aterako? Etorritako bidetik itzuli gara basoaren sarrera. 3D-ko simulagailura eraman gaituzte; gerrikoa ondo lotu eta betaurreko bereziak jantzi ditugu. Galtzagorriak hortz bat lapurtu dio Mari Teiletakoari eta berreskuratu behar izan dugu. Intsektu magikoaren gainean guztiz hegaldi azkarra egin dugu, hortza lortu dugun arte. Argia eman ilunari Izenaduba Basoa Euskal Herriko lehenengo parke mitologikoa da eta 2007ko abenduan jarri zuten abian. Proiektuaren historia kuriosa da. Landetxo Goikoa baserria zahartuta eta erabilera barik zegoen eta Mungiako Udala etxearekin zer egin aztertzen hasi zen. Baten batek Olentzerok etxe ofizialik ez zuela gogoratu zuen, eta ikazkina bertan bizi ahalko zela otu zitzaien. Proiektua forma hartzen joan eta Izenaduba Basoa parke mitologikoa bilakatu zen. Parkeak euskal mitoak, tradizioak eta ohitura zaharrak, modu hezigarri eta ludiko batean, txikienen eta gaztetxoen artean zabaltzea du helburu. Horretarako, bisitariek Olentzero, Lamiak, Basajaun, galtzagorriak eta gainontzeko pertsonaia mitologikoak izango dituzte bidaia-lagun. “Euskal mitologia euskal curriculumean dago sartuta gaur egun, eta ikasleek zein irakasleek eskolan ikasitakoa praktikan lantzeko aukera dute berton. Edo berton ezagutu eskolan ikasiko dutena”. Parkearen arduradunek ikasleen adinaren araberako programa ludiko-didaktikoak prestatu dituzte, Lehen Hezkuntza eta Batxilergoko ikasleek era dibertigarri batean murgil daitezen euskal mitologiaren munduan. Olentzeroren Baserrian antzinako lagunak nola bizi ziren ezagutuko dute, beheko suaren garrantzia, bihitegia non zegoen edo etxearen barruan nola banatzen ziren gizakiak eta animaliak, besteak beste. Baserrian Olentzero eta lagunak bizi dira eta bisitariak mundu magiko baten protagonistak izango dira. Mundu magiko hori joko elkarreragileen eta ikus-entzunezko edukien bitartez ezagutuko dute, baserria XVI. mendekoa bada ere, azken teknologiez baitago hornituta. “Mitologia gai iluna da, eta gu teknologiaren bidez argi apur bat eman nahi izan diogu; xarmangarriagoa egin”. Kultura anitza Bisitariek aisialdirako eskaintza aparta dute 6.000 metro karratuko ingurune misteriotsu eta magikoan. Aipatutako jokoez gainera, 3D-ko simulagailua, ikus-entzunezkoak eta kanpoko jolasak ere badute euren esku. Guztiek dute zerikusia mitologiarekin. Baina Izenaduba Basoa ume eta gaztetxoei ez ezik helduei ere badago zuzenduta, eta bisita gidatuak antolatzen dituzte euskaltegiko ikasleentzat eta elkarteetako kideentzat. Familia ere bada parkeko arduradunek zaintzen duten beste esparru bat. “Guk familia osoa hona etortzea nahi dugu, eta elkarrekin ekintza ludikoa egiteaz gainera, apur bat gehiago ikas dezatela gure kultura eta tradizioei buruz. Hau ez da soilik umeentzako kontua, inportantea da proiektua helduengana ere zabaltzea, gure kultura oso anitza dela ikus dezaten”. Gabon garaian lan handiagoa badago ere Basoan, parkea urte osoan zehar dago zabalik. Bisitaldi guztiak gidatuak dira eta horregatik komeni da hitzordua aldez aurretik eskatzea. Bisitak euskaraz zein gaztelaniaz egiteko aukera dago eta hizkuntza bietan ere egin daitezke autogiden bitartez. Sarrerak Izenaduba Basoan bertan eskura daitezke, BBK-ko zerbitzu anitzetarako kutxazainetan, telefonoz edo Basoaren webgunean. Informazio gehiago: Izenaduba Basoa. Olentzeroren Baserria. Landetxo Goikoa. 48100 Mungia Telefonoa: 94 674 00 61 www.izenaduba.com olentzero@izenaduba.com Landetxo Goikoa, baserri magikoa Olentzero Landetxo Goikoa baserrian bizi da, Mungian. Hori Bizkaiko baserririk zaharrena da; eta Euskal Herriko zaharrenetariko bat. Etxea 1507. urtean altxatu zen, eta hurrengo garaietan eraiki ziren baserrien eredua finkatu zuen, Euskal Herriko baserrien historian aro berri bat zabalduz. Eraikin bitxia da Landetxo Goikoa; euskal kultura, tradizioa eta folklorea batzen dituena. Baserria guztiz zaharberritu dute, baina antzinako egitura aldatu gabe. Bitxikeria moduan aipa dezakegu oholak matxinbratuta daudela. Sistema horri esker, eraikina hermetikoki ixten da eta barrualdea hotzetik babesten da. Baletan zebiltzan arrantzaleek teknika hori bikingoengandik ikasi zuten. Baserriaren egitura guztia agerian da eta hura ikertu duten adituek baserria arkitekto espezializatu batek egin zuela atera dute ondorio, baita baserriaren jabeak aberatsak zirela ere. Landetxo Goikoak duen ezaugarririk garrantzitsuena barruko antolaketa da, areto bakoitza zeregin zehatz baterako erabiltzen baitzen. Baserria fabrika baten antzekoa da, izan ere, dena dago ekoizpenerako pentsatuta. Zerealak eta baserrian ekoiztutako produktuak sikatzeko eta biltzeko tokia du, ukuilua, tximinia handia areto guztiak epel mantentzeko... Baina fabrika izateaz gainera, tenplu edo gune sakratua ere bada, magia, mitoak eta sineskerak biltzen dituena. Horren haritik erakusketa ezberdinak antolatu dira etxearen barrualdean eta, besteak beste, baserriaren eguneroko objektuen gaineko sineskerak ezagutzeko aukera izango dugu bertan. Era berean, funtzio magikoa eta sinbolikoa zuten elementuak topatuko ditugu nonahi: eguzki-loreak atean, elaien habiak atarian, sua eta ikatza sukaldean, igitaia, aizkora, ferra... Ilusioa ezin da zapuztu Abenduaren 15ean sorpresa txarra hartu zuten Izenaduba Basoko langileek lanera ailegatu zirenean. Norbaitek pintadak egin zituen parkean eta horrezaz gainera pertsonaia ba-tzuk apurtu ere egin zituen. Hala ere, umeen ilusioa ez zen bertan behera gelditu, parkeak zabalik jarraitu bai-tzuen konponketa lanak egiten ziren bitartean.