Patxi Suarez eta Uxue Zarraga, saskibaloi jokalari

Aikor aldizkaria 2010ko urt. 25a, 15:25

Testua: Gaizka Eguskiza

Patxi Suarez eta Uxue Zarraga txorierritarrek Euskadiko saskibaloi selekzioarekin jokatu dute eta elbarrituentzako Estatuko txapelketa irabazi dute gazte mailan. Atleta trebeak ditugu Euskal Herrian, bai horixe! Kirol mota guztietan, emakumezkoak, gizonezkoak... Dominak eta tituluak lortzen dituzte normalean. Batzuetan oihartzun itzela dute garaipenek, baina beste batzuetan, aldiz, komunikabideok ez diegu merezi duten beste hedapena ematen. Horrela gertatu da duela gutxi: gazte mailako elbarrituen saskibaloi Euskadiko selekzioak Estatuko Txapelketa irabazi zuen urtarrilean, Zaragozan. Eta talde honetan txorierritar bi ditugu: Patxi Suarez larrabetzuarra eta Uxue Zarraga Erandiogoikokoa. Guztira, bost taldek hartu zuten parte txapelketan: Madril, Gaztela eta Leon, Katalunia, Aragoi eta Euskadi. “Lehenengo hiru partidak parekatuak izan ziren hasieran, baina azkenean emaitza argia lortu genuen. Finalean, berriz, oreka mantendu zen partida osoan zehar eta azkenean 14-18 irabazi genion Aragoiri”, esan digu Patxik. Larrabetzuarrak 10 urte dauzka eta poz-pozik dabil. Ez da harritzekoa, horrelako txapelketa batera joaten den lehenengo aldia izan baita, eta gainera, zer eta urrezko domina ekarri du etxera. “Primeran pasatu dut: Euskadiko selekzioarekin joan naiz, kanpoan jokatu dugu, irabazi egin dugu....”. Uxue Patxi baino lotsatiagoa da. Neskak 14 urte dauzka, eta DBHko bigarren mailan dabil ikasten. “Ilusio osoz joan ginen Zaragozara, eta bertan apur bat urduri ibili ginen. Ez genuen ezer egiteko denborarik izan. Goizez entrenatzera joan, eta arratsaldeetan partidak jokatzen genituen”. Taldeko emakumezko bakarra da Uxue, eta neska gehiagok parte hartzea gustatuko litzaioke. Hala ere, ez da kexatu. “Mutilek ondo tratatu naute, nahiz eta batzuetan txantxak-eta egin. Dena dela, giro polita dago taldean eta primeran pasatu dut”. Umeekin batera guraso batzuk joan ziren Zaragozara harmailetatik seme-alabak animatzera. Txapelketa lortu eta gero, gazteak zein gurasoak pozik agertu dira. “Kirola da, baina honek aukera paregabea ematen diete gazteei: kanpora joan, lagunekin ibili, beste jokalari batzuekin bizi...”, esan dute Iñakik eta Begoñak, Patxiren aita eta Uxueren ama, hurrenez hurren. Hala ere, alde txarrak ere izan ditu txapelketak, Iñakiren ustez. “Finalera ez zen agintaririk etorri. Gainera, txapelketan euskal selekzioko talde “arruntak” ere hartu zuen parte, baina hau eta elbarrituena hotel ezberdinetan egon ziren Zaragozan”. Elbarrituen kirolaren egunerokotasunera zabaldu du kritika Begoñak. “Erakunde publikoek ezberdin jokatzen dute. Esate baterako, elbarrituen arropa askoz txarragoa da, eta egundoko arazoak daude non jokatu topatzeko”. Bilbao BSR Patxi eta Uxueren kirol-ibilbideak antzekoak dira. Biak hasi ziren multideportea egiten eta hortik saskibaloian jokatzeari ekin zioten Bilbao BSR taldean. “Saltoa itzela izan da: duela gutxi multideportea egiten nuen eskolan; gero saskibaloian hasi nintzen jokatzen; eta amen batean Euskadiko selekzioaren kamiseta janzteko aukera izan dut. Bertan 16-20 urteko neska-mutilekin entrenatu eta jokatu dut.... Harrigarria da”, dio Patxik. Gazte larrabetzuarrari aitarengandik datorkio zaletasuna eta berarekin jokatzen du. “Momentuz aita ni baino hobea da (kar, kar)”. Lehen Larrabetzun bertan egiten zuten, baina Udalak saskiak kendu dituenez, Deriora joan behar izaten dute. Bilbao BSR taldean aritzen da gazte pare hau. “Kirola egiteko aukera handirik ere ez dute elbarrituek”, dio Begoñak. “Ez dute ligarik jokatzen, talderik ez dagoelako, eta orduan euren artean egiten dituzte partidatxoak”. Beraz, entrenamenduak dira nagusi, eta horrela kirolaren oinarriak hartzen dabiltza. Gainera, beste arazo bati egiten dio aurre Uxuek, elbarrituentzako saskibaloian jokatzeko orduan. Berak zein Patxik arantza bifido gaixotasuna dute, baina larrabetzuarren kasua larriagoa da eta gurpil-aulkia erabili behar du. Uxue, ordea, makuluekin ibiltzen da, eta ondorioz, aulkia maneiatzen ikasten dabil. Eskarmentu handirik ez dute, eta gabezi batzuk aipatu dizkigu Patxik. “Txikia naizenez, okerrago defendatzen dut, eta jaurtitzen dudanean ez naiz uztaira ailegatzen”. Entrenatzaileak uste du hobetzeko aukera izango dudala etorkizunean, eta Patxik lau urte barru Carlitos Bilbao BSR taldeko jokalariaren moduan jokatuko duela. “Aulkia ukitu barik bere buruaren inguruan hiru bira emateko gauza da Carlitos. Itzela da”. Lortuko du, agian, eta baliteke bi gazte hauek domina gehiago ekartzea Euskal Herrira. Hurrengo aukera datorren urtarrilean izango dute berriro. Batek daki! Kirol gogorra Elbarrituek araudi berezia dute saskibaloian aritzeko. Neskek eta mutilek, esate baterako, elkarrekin jokatu ahal dute. Beste alde batetik, jokalari bakoitzaren ezaugarriak (sexua, mugikortasuna, adina, indarra...) puntuen bidez sailkatzen dira, eta entrenatzaileak ezin ditu 14,5 puntu baino gehiagoko taldea aretora atera. Kantxa eta uztaiaren neurriak, hala ere, berdinak dira, eta jokalariek pilotari bote eragin behar diote. Kirol gogorra da saskibaloia jokalari elbarrituentzat. “Kolpeak eta kolpeak hartzen dituzu; saskibaloi arruntean kolperen bat dagoenean falta da, baina gurean ez”, esan digu Patxik. Horregatik, aulkiak bereziak dira. “Aulkia ez iraultzeko sistema dago, babesgarriak daude inguruan, eta gurpilak okertuta ezartzen dira. Era berean, jesarlekuaren bizkarraldea baxuagoa da, mugikortasuna areagotzeko”.