Atzoko eta gaurko mahatsak

Aikor aldizkaria 2010ko urt. 25a, 15:33

Bakoren bazterra: Iñaki Suarez, sumillerra

Gaur egun, esku artean dugun informazio guztiarekin, hitz egiten digutenean mahats motei buruz, batzuen aditzea izango dugu gutako askok, ziur aski, eta baliteke inoiz ere dastatu izana. Hala gerta liteke, esaterako, mota hauekin: Riesling, Cabernet sauvignon, Merlot, Shiraz, Sauvignon blanc, Pinot noir, Gewurztraminer... Kanpokoak dira guztiak, Frantziatik ekarriak gehienak, eta gaur-gaurkoz ardo globalaren nortasunaren eta glamourraren ordezkari dira. Ez naiz ni izango zalantzan jarriko dituena jatorri horien (eta dauden beste askoren) balio enologikoa eta magia, baina uste dut bidegabekeria litzatekeela ez aitortzea halakoak landatzeak—dela etekinagatik, marketingagatik edo bereizteagatik (nahiz eta hori lehenago gertatu, ezen gaur egun hainbeste globalizatu dira, non ia-ia mundu osoan hazten diren)— beste mota batzuk utzi zituela albo batera edo ordezkatu; beste mota batzuk “autoktonoagoak” zirenak, ardotze prozesua ondo eginik ardo bikainak eman ditzaketenak, eta, gainera, herri askoren paisaia- eta kultura-irudiaren adierazgarri izan daitezkeenak. Mahats horietako asko hasi dira berriro ere landatzen eta ardo egiten, arrakasta handiz kasu askotan, eta horregatik, Aikorlagunak, dastatzeko gonbita egin nahi nizueke. Badakizue foro honetan ez dudala aipatzen ardo markarik (hala egingo dut AIKORi laguntzen hasten direnean), baina bai, kasu honetan bezala, mahatsak; atzoko eta gaurko mahatsak, ziur aski gozatzeko aukera emango dizuetenak. Hona hemen haietako batzuk eta haien jatorri eremua: Juan Garcia (Arribes del Duero. Salamanca), Rufete (León), Maturana (Errioxa), Prieto Picudo (León), Zalema (Andaluzia), Vijariego zuria eta beltza (Kanariak), Vidadillo (Aragoi), Verdil (Valentzia), Verde Agudillo (Palencia), Trepat (Katalunia), Treixadura (Galizia), Romé beltza (Málaga, Andaluzia), Picapoll (Katalunia eta Languedoc), Parraleta (Aragoi), Pardina (Extremadura) etab… On egin!