Ez nazatela aitzakiatzat erabili

Aikor aldizkaria 2010ko urt. 26a, 08:54

Testua: Unai Ugalde, irakaslea

Lerro hauek idazteko orduan, hiru hilabete pasatxo dira tren istripu latza izan zela Txorierrin. Hildako bat (trenaren gidaria bera) eta hiru zauritu eragin zituen, eta informazio epizentro bihurtu ginen egun batez Euskal Herrian (eta inguruko atzerrietan). Horrelakoetan gertatu ohi den legez, leku guztietatik etorri zitzaizkigun erreakzioak. Herritarrengandik, ustekabearen harridura, sinetsi ezinik etxe ondoan halakorik suertatu zitekeenik. Agintariengandik, bestalde, neurriak hartzeko eskakizunak entzun genituen, aurrerantzean antzeko gertaerarik izan ez dezagun. Ezin ahaztu, ordea, samina sakonen sentitu zutenena. Hildakoaren hurkoena. Familiakoena bai, jakina; baina bere lankideena ere bai. Horiek horrela, zoritxarreko egunean bertan, beharginen ordezkari sindikalak batzartu ziren, eta biharamunean egunbeteko lanuztea deitzea erabaki zuten, “Euskotrenen lan istripu gehiagorik ez” goiburupean. Gaueko azken albistegietan izan genuen horren guztiaren berri gehienok. Aikor! gurea ere fin ibili zen, kronika osatu-osatua sareratu zuen-eta www.aikor.com-en. Agerikoa zen beharginen animoen egoera; bereziki, esango nuke trenaz baliatzen garenok ondo ulertu genuela, egun batez, bestelako garraiobideren bat topatu beharra. Nik neuk, lineako autobusa hartu nuen Bilbora joan-etorria egiteko, beste barik. Baina, erreakzioetara bueltatuz, Euskotrenen goi-arduradunen iritziz, lanuzteak legezkotasuna urratzen zuen. Atoan, zigor-espedientea agindu zuten langile-batzordeko kideentzat. Oraintsu jakin dira behin-behineko ondorioak: samurrenak, hilabetez enplegu eta soldata barik; gordinenak, hiru urtez kategoria galtzea. Bestalde, ikerketa zorrotza egiteko konpromisoa ere agertu zuten, baina honetaz ezer gutxi jakin da harrezkeroztik, modu ofizialean behintzat. Ez dakit auziak noranzko bidea hartuko duen; urtarrilaren 19an epaiketa egin da lanuztearen harira, baina testu hau idatzi orduko ez dugu emaitzaren berririk izan. Edozelan ere, Euskotrenen erabiltzailea naizen aldetik, eskakizun xume bat. Ez nazatela aitzakia modura erabili, herrikide batzuk zigortzeko, atsekabearen gordinean planto egitea ebatzi zutelako, zertarako eta heriotza tragiko baten aurrean, dagokion dolua adierazteko eta “aski da!” ozenki esateko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).