Baserritik etxera

Aikor aldizkaria 2010ko urt. 26a, 08:59

Antzina Txorierriko baserritarrak Bilbora joaten ziren ortuariak saltzera. Industrializazioaren ondorioz, ordea, bizimodu hori gainbehera joan zen. Hala ere, badira bizimodu horri galdutako protagonismoa itzuli gura dietenak. Guk euretariko bi elkarrizketatu ditugu: Laurentzi Hormaetxea eta Jose Antonio Lekue. Zer dela eta salmenta zuzena? Gure baserriak txikiak dira eta ez dute zereginik gaurko merkatu egituran, eta, egitura horretan sartuta ere, ezin diote eutsi kanpotik datorren konpetentzia desleialari. Beraz, salmenta zuzena bide bat da beste batzuen artean. Izan ere, guk herriko denda txikiak eta betiko plazako azokak ere bultzatu gura ditugu. Zertan datza salmenta zuzena? Guk geuk, diru baten truke, astero-astero saski bete ortuari eramaten diegu etxeraino bezeroei sasoiko produktuekin. Formula honek gero eta arrakasta handiagoa du gure artean nahiz beste herrialde askotan. Gainera, bezeroak baserrira ere etor daitezke erostera, ikustera eta gainbegiratzera. Kontuan hartu behar dugu kalitatearen eta prezioaren arteko erlazioa hobea dela bitartekariak kentzearen ondorioz. Gure produktua ez da garestiagoa; gainera, atzera begiratuta ikusiko dugu duela 30 urte etxeko gastuen %30 inguru elikatzeko bazen, gaur egun horren erdira ez dela heltzen, hau da, aisian baino gutxiago gastatzen dugula, baina, beti ere, lurraren kaltean. Zer abantailak dauzka? Bezeroei kalitate handiko produktua eskaintzen diegu eta gastatzen duten dirua produktuari dagokiona da, ez nekazaritzako elikagaien industriak eta bitartekariek daramatenari. Izan ere, merkatu globalean produktu askok 2.500etik 4.000 km arteko bidaia egiten dute joan-etorrietan. Beraz, biltegiratzen, ontziratzen eta garraiatzen produktuen salmenta prezioaren % 60tik gora joaten da, horrek dakarren kutsadura kontuan hartu barik. Eta gizarteari begira? Herri batek sektore guztiak eduki behar ditu garatuta eta guk elikadura-subiranotasuna ematen dugu. Maila hurbilagoan herriko ekonomia bultzatzen dugu eta ingurumena ere jagoten da, besteak beste, baserri ingurua zainduz, ekosistema txikiak eta orekatuak sortuz... Era berean, landareen eta hazien erabilera baserritarren eta gizartearen esku uzten dugu eta ez multinazionalen esku. Horrek guztiak aleko garrantzia dauka ingurumenean, zeren produktuak eta ongarriak garraiatuz, plastikoz bilduz, kameratan gordez eta produktu kimikoak erabiliz energia izugarria xahutzen da eta ingurumena kaltetu. Osasunean ere eragina izango du... Zelan ez. Esandakoaren ildotik guk 50 km-ko muga jartzen diegu geure produktuei, kutsadura erabat minimizatuz eta enbalajea ere desagerraraziz. Denok dakigu horrek guztiak nolako eragina duen eguratsean eta osasunean. Bestalde, gure produktuen kalitatea bermatuta dago teknika onak erabiltzen ditugulako, lurraren erritmoan ekoizten dugulako eta soroan ondo helduta dagoelako, eta horregatik zaporetsuagoak ere badira. Gainera, sasoian sasoikoa jatea onuragarria da osasunarentzat. Zelan dago Txorierrriko nekazaritza? Bilboko ortua izatetik Bilboko industrigunea izatera pasa gara denbora gutxian, eta baserriko lurrak industriara eta urbanizazioetara joan dira. Gainerako lurraldeetan ere egoera bertsua da; izan ere, lehenengo sektorean diharduen langileria asko murriztu da, produktua kostuaren azpitik ordaintzen da eta ez da kontuan hartzen paisaiari, kulturari, osasunari eta ingurumenari egiten diegun ekarpena. Edozelan ere, Euskal Herrian nekazaritza guneak integratuta daude herrietan, eta horrek salmenta eta kontsumitzaileekiko harreman zuzena ahalbidetzen ditu. Zer eskatzen duzue? Administrazioari kontuan har gaitzala hirigintza planetan, eta planeamendu horietan gorde dezala lurra baserriarentzat, bestela lur emankor barik geldituko gara. Bestalde, nekazaritzako industria bultzatu beharrean, lagun dezatela baserria, bultza eta susta ditzatela gune txikiak, zeren baserriak herrien eta hirien arteko oreka mantentzen laguntzen baitu, osterantzean herriak hustu eta hiriak gainpopulatu egiten baitira. Kontsumitzaileak, azkenik, produktuaren kalitatea eta zuzeneko kontrola ikusi eta baloratu behar ditu. Amaitzeko, guk geuk bakarrik ezin dugu berreskurapen hori lortu, administrazioaren eta kontsumitzaileen konplizitatea eta laguntza behar dugu.