Txorierritar peto-petoa da Ixone Urrutikoetxea. Derion jaio, hazi eta bizi da, eta beharra Loiun egiten dau. Eta pozaren pozez, ganera. Gizarte hezkuntzan eta psikopedagogian lizentziadun hau Derioko ludotekan hasi zan beharrean, eta gaur egun Loiuko udaletxean dabil kultura teknikari.
Zelan sartu zinan udaletxean?
Derioko ludotekan egiten neban behar, eta Loiun oposaketa egongo zala ikusi neban. Profesional mailan aurrera egiteko aukerea ona zala pentsau neban eta aurkeztu egin nintzan. Unibersidadean hainbat gauza irakasten deutsue eta berton, udaletxean, horreek guztiak jarri geinkez praktikan.
Zertan datza zure lana?
Hainbat gauza antolatzen doguz: ludotekako programea, azoka, jaiak, ekintzak, bidaiak, gazteentzako ekimenak, nagusiei laguntza emoten deutsegu.... Kulturea oso esparru zabalean lantzen dogu.
Zer da gehien gustaten jatzuna? Eta gitxien?
Ekitaldiren bat antolatu eta egiten danean, bulegotik kanpo atera eta jenteagaz egoteko aukerea dot. Orain dala gitxi, adibidez, Aratusteetan, herritarrakaz egon naz berbetan, txitxi-burruntzia jaten genduan bitartean. Horrelakoetan, jenteak esaten deutsu zer dagoan txarto eta zer ondo. Beste alde batetik, batzuetan egin behar dan burokrazia (kontuak atera, agiriak bete...) astuna da eta hori ez jat gustaten.
Herri txikerra izateak abantailak edo desabantailak daukaz kultura ekitaldiak antolatzeko orduan?
Loiu herri txikitxua da, eta ez dauka eskola publikorik. Ganera, hiru auzotan dago banatuta, eta horregaitik populazinoa apur bat sakabanatuta dago. Batzuetan jentea erakartea gatxa bada be, loiuztarrek normalean hartzen dabe parte ekintzetan.
Txorierrin jaio, hazi eta behar egin. Gustura, ala kokotaraino zagoz?
Gustura, oso gustura. Gaztea naz eta etxetik hur behar egiteko aukerea dot. Txorierri izugarri gustaten jat, eta hemen berton erosi dot etxea. Beti egon naz hemen eta giroa gustaten jat.
Zelango eskaintza dago Txorierrin kultura mailan?
Eskaintza handia dago, gero eta handiagoa. Herri guztietan dakigu nora joan informazinoaren bila. Esaterako, ekintza pilo bat antolatzen dira gazteentzat. Eurek lonjetan edo gazte-guneetan alkartzen dira. Eta zerbait behar izanez gero, jakin badakie nora joan, besteak beste, lan, etxebizitza edo aisialdiari jagokenez. Zinea, antzerkia, jaiak, laster Baserri Antzokia be egongo da... Giro polita sortu da Txorierrin eta gazteak hasi gara asteburuak hemen pasaten. Nagusiei begira, gauza bera gertatzen da.
Zeintzuk dira erronkak kultura arloan?
Eskaintza gero eta oparoagoa emon behar dogu. Holan, berton geldituko gara txorieritarrok gure aisialdiaz gozetako. Eta horretarako, Udalen artean koordinau behar da eskaintza.
Udalekuen arduraduna be izan zinan. Zelango esperientzia izan zan?
Oso ona. Harremanetan zagoz umeakaz eta gauzak egiten dira egunero-egunero: tailerrak, dantzak, bideoak ikusi... Umeek eskolan eta gurasoengandik jasoten daben heziketea osatzen dogu: euskerea bultzatu, lagunarteko giroa eta alkargunea sortu...
Euskerea aitatu dozu. Euskerearen aldeko sentsibilitatea dago Txorierrin?
Bai, gauzak egin egiten dira, baina gauza gehiago egin leitekez. Esaterako, askotan euskerazko ekintzak antolatzen dira, baina horreetan jenteak gaztelaniara joteko joerea dau. Erakundeok euskerea bultzatzen dogu, baina leku batzuetan ez dabe barneratuta geure hizkuntza. Eta arlo horretan lan egin behar dogu. Dana dala, gura dauanak euskeraz bizitzeko aukerea dau Txorierrin.
Lainomendi Dantza taldeko kidea izan zara. Zer deritxazu Txorierrin dagoan herri-mobimentuari? Alkarte nahikorik dago? Eraginkorrak dira?
Alkarteak badagoz eta horreek hainbat arlo jorratzen dabe: grafitiak egiten dabezanak, abesbatzak, mendi alkarteak.... Alkarteek aberastasuna emoten deutsee bai herriari, bai kulturari: guztiok ez doguz zaletasun berberak, bakotxa ezbardina da. Oso garrantzitsuak dira alkarteak. Izan be, Udaletako programazinoaz ganera, alkarteek Udalei lagundu ez eze, ekintzak eta ekitaldiak antolatu be egiten dabe.
Gaztea eta ...