Aporofobia

Aikor aldizkaria 2010ko ots. 22a, 14:56

egilea: Jon Ander Rola, irakaslea

Hitz honen berri Berria egunkarian izan dut duela gutxi. Hitza idazle batek erabili zuen etorkin pobreen aurkako jarrera definitzeko. Izan ere, jarrera horrek hitz bat behar zuen, gure gizartean gero eta hedatuago baitago. Kalean ez da Europako zein Iparramerikako etorkin aberatsen aurkako adierazpenik entzuten, nahiz eta euren azalaren kolorea gurea bezain zuria ez izan. Txiroen aurkakoak, berriz, bai. Etorkinek lana kentzen digutela askotan entzun dut aspaldi honetan. Baina argudio hori entzun dudan guztietan ez ziren Frantzia edo Alemaniatik etorritako ingeniari edo abokatuei buruz ari; etorkin txiroei buruz baino, zerbitzari edo basoan lan egiten dutenei buruz. Eta, egia esan, nik ez dut ezagutzen Euskal Herritik kanpora lan faltagatik joan behar izan den euskal zerbitzaririk. Baina ingeniariak, ordea, bai. Bada jende asko ere bertokoei diru-laguntzak lapurtzen dizkigutela esaten dutenak. Nik dakidala, erakunde publikoek bakoitzaren egoera sozio-ekonomikoaren arabera banatzen dituzte diru-laguntzak; hau da, bakoitzaren diru-sarrerak, patrimonioa, familiako kideen kopurua kontuan hartuta. Bihar bertan etorkin guztiak euren herrira itzuliko balira, ez dut uste diru-laguntzak banatzeko parametroak aldatuko liratekeenik. Ezta egoera orain dela hamar edo hamabost urtekoa baino hobea izango zenik. Gainera, diru-laguntzak engainuez lortzen dituztela ere esaten da. Baina, hori bai, Ogasuna engainatzen duena gutako bat denean, hori zoriondu egiten dugu. Eta enpresaria izanez gero, oso trebetzat hartzen dugu. Erabiltzen den beste argudiotariko bat segurtasuna da. Duela urte batzuk gertatutako pasadizo bat etorri zait gogora. Martin Fizek eta Diego Garciak Atletismo Europako Txapelketan, hurrenez hurren, urrea eta zilarra irabazi zuten egun berean enpresari euskaldun bat harrapatu zuten Alemanian, uranio-trafikoan ari zela. Hurrengo egunean albiste biak argitaratu zituzten Madrilgo egunkari bateko lehenengo orrialdean. Albiste batean, trafikoan ibilitako enpresaria euskalduna zela aipatu zuten; eta bestean, dominak lortu zituzten korrikalariak espainolak zirela. Ez dakit ez ote dugun egiten gurekin askotan egin duten berbera. Nik lapurreta batzuk jasan ditut nire bizitzan, eta larriena bertoko batek egindakoa izan da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).