Testua: Susana Rodriguez, abokatua
Orain dela 100 urte, poliziak basakeriaz eraso zion hirurehun bat lagunek osatutako talde bati, Londreseko kaleetan manifestatzen ari zirela. Lagun horietako gehienak emakumeak ziren. Manifestariak Parlamentura zihoazen, gobernu britainiarraren aurreko bi urteetako jarrera immobilista salatzera eta emakumeei boto eskubidea emango zien legea berehala onar zezala eskatzera. Manifestazio horren ostean, Emakumeen Batasun Sozial eta Politikoa (WSPU) antolakundeak tregoa eten zuen. Beste sasoi batean, aipatutako tregoa deklaratu baino lehen, mugimendu horrek manifestazioak antolatzen zituen, emakumeen egoera salatzeko. Izan ere, orduko politikariek ez zituzten emakumeen eskubideak aintzat hartzen. Manifestazioetan indarra erabiltzen zuten eta txikizioak sortzen zituzten herri-ondasunetan.
Hasieran azaldu dugun istilua 1910. urtean gertatu zen eta “Ostiral Beltza†izenaz da ezaguna. Ostiral horretatik aurrera, mugimenduak sekulako indarra hartu zuen, Emmeline Pankhurst sufragisten buru zela.
Hammurabi Babiloniako erregeak K.a. XVIII. mendean egin zuen lehen kode juridikoan jasotako emakumeen eskubideei kasu egin bagenie, baliteke gaur egun martxoaren 8a ez aldarrikatzea emakumearen eguntzat. Baina mendeak joan mendeak etorri, sexu bien arteko berdintasuna arautzea xede izan zuen legezko ahalegin aurrendari hori ahaztu, eta emakumea bigarren mailako herritar bihurtu zen. Gainera, gizarte motel eta konformaerrazegiaren gaitzespena jasan du, hein batean Eliza Katolikoak leporatu ohi baitio gizabanakoek sufritzen duten miseriaren erruduna izatea. Horretan oinarrituta, eskubide unibertsal batzuk ukatu zaizkie luzaroan emakumeei.
Hamaikaren izaera
Hala ere, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-eskubidea lortzeko borrokan, itxuraz ezin hautsizko horma guztiak apurtu ditu emakumeen indarrak. Historian zehar ez da egon sufragisten mugimendua bezain talde esanguratsu eta sendorik. Sufragistek indarkeriaz baino ezin izan ziren beste bideaz baliatu, benetan uste baitzuten Ingalaterra viktoriarreko emakume eta gaitz gehienak —lan-baldintza jasangaitzak, prostituzioa eta emakumezkoen salerosketak— ez zirela amaituko harik eta legeak aldatu eta emakumeek boto-eskubidea eskuratzen zuten arte. Indar horren adibideak sufragistek jasan behar izan zituzten irainak, erasoak, kartzelatzeak, gose-grebak, erbestealdiak... dira, baita heriotza ere. Emakumeen boto-eskubidea hil edo biziko kontu bilakatu zen, benetako gizarte-berdintasunari eusteko.
Mende bat geroago, datorren martxoaren 8an, milaka herritar aterako dira kalera emakumeen izaera aldarrikatzera. Lana eta familia bateratu ezinean dabilen ama langilearen izaera aldarrikatzera. Adinekoak zaindu behar dituen alaba, errain edo ilobarena. Profesional bikaina izan arren, alboan duen maila bereko lankide gizonezkoak baino lansari urriagoa jasotzen duenarena. Zuzendaritza-lanpostuetara iristeko hamaika traba dituenarena eta laneko jazarpena jasaten duenarena. Hedabideek desira-gaitzat jotzen dutenarena. Adulterioa egin duelakoan, jendaurrean harrikatzen dutenarena. Klitoriaren ablazioa egin diotenarena. Burka janztera kondenaturik dagoenarena. Eta beste hamaikarena.
Beharbada, lurraren ezkutuko bazterren batean, aurtengo martxoaren 8a ere egun gogoangarria izango da emakumeen historian: 2010eko Astelehen beltza, alegia.
Emakumearen izaerako ekitaldiak
Datozen egunotan hainbat ekitaldi izango dugu gurean Emakumearen Eguna ospatzeko. Guk hauek batu ditugu; adi egon, gehiago egongo direlako, ziur asko.
Derio
Martxoaren 2an, martitzenean
17:00: “Emakumeen eskubideak garai guztietan†hitzaldia, Larrabarri baserrian. Olga MacÃa abokatuaren eskutik.
Martxoaren 5ean, barikuan
El diario de Bridget Jones zineforuma, Gurea Aretoan. Garbiñe Etxebarria psikologoarekin.
Martxoaren 6an, zapatuan
13:00: Kontzentrazioa, udaletxean.
Martxoaren 8an, astelehenean
18:00: Emakumearen Nazioarteko Eguna, kiroldegiko atarian. Kafea, musika, No te calles gida banatzea...
Martxoaren 10ean, eguaztenean
19:00: “Zelan hezi gure seme-alabak auto-estiman†hitzaldia, liburutegian. MarÃa Méndez pedagogoaren eskutik.
Martxoaren 12an, barikuan
19:00: Cobardes zineforuma, Gurea Aretoan. Garbiñe Etxebarria pedagogoarekin.
Zamudio
Emakumeek idatzitako liburuen gida, liburutegian. Liburuei buruzko iritziak ematen dituztenen artean, 40 euroko baleak zozketatuko dira.
Martxoaren 4an, eguenean
19:00: Udal Berdintasunaren Planaren aurkezpena eta sexu-jazarpenaren gaineko argibideak. Zamudiotorren. Udalak eta Lagunandre elkarteak antolatua.
20:00: Kopaua.
Martxoaren 6an, zapatuan
18:00: “Krisia generoduna ere bada†hitzaldia, Nekane Juradoren eskutik. Susterrak tabernan.
Martxoaren 8an, astelehenean
18:00: Aitorren panpina ikuskizuna, Ludotekan.
Graffiti tailerra, Gazte-estazioan: emakumeen irudiak.
Martxoaren 10ean, eguaztenean
20:00: “Emakumea eta Literatura†hitzaldia, Josune Muñoz idazle eta literatur kritikariaren eskutik. Zamudiotorren. Lagatzuk antolatua.
Martxoaren 20an, zapatuan
11:00: Nesken alde, denon alde umeentzako antzerkia, doan.
Lezama
Laiak emakumeen elkarteak ekitaldiren bat egiteko asmoa du. Laster jakinaraziko dute zer, noiz eta non.
Larrabetzu
Antzerkia antolatzeko asmoa dago. Non eta noiz zehaztu barik dago.