Arantza Amondarain ginekologoa da Osakidetzan, eta Txorierri eta inguruko pazienteak ere hartzen ditu Derion duen kontsultan. Berarekin izan gara solasean emakumeen kontuei buruz.
Emakume gehienok lotsa diogu ginekologoarenera joateari...
Medikuarengana joateak beldur apur bat ematen du beti, eta ginekologoarenean, gainera, biluztu behar zara. Antzineko kultura-tabuek indarrean jarraitzen dute gaur egun, eta oraindik kostatzen zaigu gure gorputza normaltasunez ikustea. Hala ere, esan behar da emakumeok hasi garela azterketa ginekologikoak oso beharrezkoak direla barneratzen, eta lotsa edo beldur hori gero eta txikiagoa dela.
Zein adinetan hasi behar gara ginekologoarenera joaten?
Galdera hau zitologia egiteko momentuarekin lotuta dago batez ere. Zitologiak utero-lepoko minbizia prebenitzeko egiten dira. Aspaldian egindako ikerketaren arabera, utero-lepoko minbizia sexu-harremanaren bidez sor daiteke . Beraz, neska gazteak sexu-harremanak izaten hasi bezain laster joan beharko lirateke ginekologoarenera edo emaginarengana.
Zerk sortzen du utero-lepoko minbizia? Ohikoa da gure gizartean?
Sexu-harremanen bitartez giza papiloma birusa kutsa daiteke, eta horrek eragin zuzena du utero-lepoko zeluletan: aldatu egiten ditu. Zelula horietan aldaketaren bat egon dela garaiz ikusten bada, minbiziari aurrea hartzeko aukera dugu. Horregatik da oso inportantea zitologiak egitea. Minbizi mota hau ez da oso ohikoa gure gizartean, batez ere aldez aurretik, zitologien bitartez, prebenitzen delako. Gaixotasun honen kontrako txertoa badago eta orain dela bi urte hasi zen eskoletan hamabi urteko neskatilei jartzen. Horri esker, gaixotasuna ia desagerraraztea lortuko da; lehenengo munduan, behintzat.
Ezinbestekoa da nork bere gorputza ezagutzea, ezta?
Inportantea da emakumea hilekoari adi egotea: aldaketarik nabaritu duen, odol asko edo gutxi galtzen duen... Emakume askok, adibidez, odol asko galtzen dute hilekoan zehar, baina ez diote garrantzirik ematen. Eta analisiak egin ostean, oso anemia handia dutela ikusten dugu. Era berean, ezinbestekoa da hilekoaren ondoren titiak ondo miatzea, beldur barik. Eta zerbait arraroa nabaritzen bada, medikuari galdetu.
Izan ere, bularreko minbizia ohikoena da emakumeon artean.
Bai. Baina gaur egun, zorionez, gaixoen ia %90ek lortzen du hura gainditzea. Prebentzioa ezinbestekoa da eta mamografiek helburu hori dute, hain zuzen ere. Osakidetzan 50 urtetik aurrera egiten dira mamografiak, baina adina 45 urtera jaitsiko da laster.
Minbizi-kasuak gero eta ohikoagoak dira, zergatik?
Bularreko minbiziari lotutako faktoreak ondo ezagutzen dira: emakumeok gero eta beranduago ditugu seme-alabak, seme-alaba gutxi ditugu eta gure dieta oso koipetsua da, Kutsadura arazoak ere hor daude batzuk aipatzearren.
Zeintzuk dira arazo ginekologikorik arruntenak?
Infekzio arruntak, bularreko arazoak, hilekoaren aldaketak... Ginekologook abantaila dugu, osasunean modu integralean jardun ahal dugulako. Hau da, emakumeak gugana etortzen dira arazo ginekologikoak prebenitzeko, baina horiek ez ezik bestelako osasun-arazoak ere prebenitzeko aukera dugu, pazienteari hainbat galdera egiten baitzaio bere ohiturei, elikadurari, lanari, sexualitateari, egoera psikologikoari... buruz.
Ohitura txarren artean erretzea dago. Zelako kalteak sortzen ditu ginekologia mailan?
Erretzeak gorputz osoari egiten dio kalte: larruari, birikei, bihotzari, zainei, eta abar. Gure arloan zehazki, menopausia aurreratu egiten du. Hilekoa dugun bitartean estrogenoak ekoizten ditugu, eta estrogenoek arazo kardiobaskularretatik babesten gaituzte. Menopausiarekin galtzen dugu babesle hori eta arrisku handiagoa dugu bihotzekoa, tronbosiak... izateko. Beldur handia diogu minbiziari, baina, egia esan, emakumeon artean hilkortasun-tasa handiena sortzen dutenak arazo kardiobaskularrak dira. Menopausiarekin batera osteoporosia ere agertzen da. Erretzeak hezurrek kaltzioa azkarrago galtzea eragiten du.
Lehen aipatu duzu emakumeok gero eta beranduago ditugula seme-alabak. Zelako ondorioak dakartza horrek?
Aldirik emankorrena emakumeak 20 urtetik 30 urtera arteko tartean dagoenean izaten da. Baina, gaur egun, umeak askoz beranduago izatea erabakitzen dugu, eta horrek arazoak dakartza, gu gazte sentitu arren, obarioak ez direlako gazteak. Tratamenduak hartzeko beharra dago, eta horiekin batera, haurdunaldi anizkuna izateko arriskua, besteak beste. Badakit ez dela erraza, baina gizarteak hausnarketa egin beharko luke horren gainean.
Arduraz
Koitoaren osteko pilula errezeta barik eros daiteke farmazietan joan den urteko irailetik hona. Gobernuko erabakiak eztabaida sortu zuen kalean. Arantzaren iritziz, albiste ona izan da. “Kezka bakarra da pilula zelan erabiliko dugun: arduraz edo ez. Izan ere, askok beste antisorgailuen ordez –kondoiaren ordez, adibidez- erabil lezakete. Eta kontuan hartu behar dugu pilula horrek haurdunaldia saihesten duela, baina ez gaituela sexu bidezko eritasunetatik babesten, eta hau oso inportantea daâ€.
Sexua arduraz egin behar dugu eta babes-neurriak hartzea ezinbestekoa da. “Informazio nahikoa dago antisorgailu eta sexuaren bidez kutsatzen diren gaixotasunei buruz. Baina, nire ustez, emakume batzuek beldurra diote bikoteari kondoia jartzeko esateari, gizonak eskaera konfiantza faltatzat har dezakelakoanâ€. Nolanahi ere, kondoia antisorgailurik onena ez ezik babeslerik egokiena ere bada sexu-harremanak dituzten gazteentzat edo noizbehinkako bikoteak dituztenentzat. Antisorgailuei dagokienez, aukera zabala dago merkatuan: pilulak, eraztunak, partxeak, DIU desberdinak... eta “guztiak dira fidagarriak eta seguruak. Emakumeak bata edo bestea aukeratuko du bere historial kliniko eta beharrizanen araberaâ€.
Osasuna