Itsasoan 20 urtean egin eban behar, baina oinak herriaren sustraietan ipintea erabagi eban aspaldian. Larrabetzuar honek herriaren historiaren zati bat partekatu dau gugaz.
Zergaitik hasi Larrabetzuko historia arakatzen?
Herri txikietako historia oso gitxik aztertzen dabelako. Nik historia unibersala be irakurtzen dot, jakina; baina gauza handiak baino, gauza txikiak interesaten jataz gehiago: jente xumearen bizimodua. Eta hori Larrabetzuko agiri zaharren bitartez ezagutzen ahalegintzen naz. Agiriok dirudunek egiten ebezan, halango paperak aterateak dirutza balio ebalako. Ondorioz, tartean dagozan hitzakaz saiatu behar da ulertzen zelan bizi zan jente xumea.
Zeintzuk dozuz iturritzat?
Orain dala 30 urte hasi nintzan Derioko eleizako agiriak aztertzen. Bilboko Artxibategiak be kontsultau egiten dodaz; hara astean bitan joan ohi naz. Baina beste batzuk be bisitau dodaz: Indietako Artxibategia, Sevillan; eta Chancilleriako eta Simancaseko Artxibategia, Valladoliden. Horreetara inoiz bueltau behar naz, oraindino dokumentu asko badagozalako arakatzeko.
Azterketak ez inoiz amaierarik?
Ez! Nire bizitza osoan zehar ez dot nahikoa astirik izango dokumentazino guztia aztertzeko. Ganera, jakin izan dot Gernikan beste artxibategi bat dagoala, eta han lur eta etxeen salmentakaz lotutako informazinoa batu dabela. Joan beharko naz. Datuak Derion arakatzen hasi nintzanean, jatorrizko dokumentuak kontsultaten nebazan. Baina gaur egun mikrofilmen bitartez egiten da eta ez da gauza bera. Lehen historiaren zati bat esku artean izatea legez zan.
Zein da Larrabetzuren ganean topautako daturik zaharrena?
1340. urtearen ingurukoa da, Zugazti familiaren bigarren leinuko bat eskribaua izentau ebenekoa. Beste alde batetik, uria 1376. urtean sortu zan. Baina datu hori zehaztea merezi dau. Egia esan, uria 1415.ean sortu zan, baina garai hatan urteak neurtzeko modua aldatu eta atzera egin zan. Beraz, gaur egungo denporea neurtzeko sistema kontuan hartuta, uria 1376. urtean eratu zala esan behar da.
Uria, herria... zein da bata, eta zein bestea?
Uria biztanleen toki artifiziala da, nire ustez. Ha sortu baino lehen, ondo aztertu zan non kokatu eta zelango ezaugarriak izango ebezan: erreka ondoan egon behar zan, harresiak inguratuta... Uria Andra Mari kalea dan horretan egin zan. Kalearen ertz bakotxean 10 etxe altzau ziran eta bakotxari lur-zati bat emon jakon, atzekaldean ortua jar eien. Eleizea be baegoan, baina ez gaur egungoa; beste txikiago bat zan. Halanda be, udaletxea uritik kanpo dago, Errebalen. Gainontzeko guztia Eleizaldea zan; gaur egun Goikoelizalde izenagaz ezagutzen dana. Eta horretaz gabilzala, Goikoeleizalde izena ez dala zuzena aitatu gura neuke; Eleizaldea da. Han dago Larrabetzuko ama eleiza.
Nork eskatu eban uria egiteko?
Burdinoletan interesak ebezanek. Bildutako datuen arabera, garai hatan burdinola bi ei egozan Larrabetzun. XIV. mendean bandoen arteko burrukaldiak bizi-bizian egozan eta burdinolak babesteko, uria sortzeko eskatu eutsien Bizkaiko jauna zen Juan infanteari (gero Gaztelako erregea izan zana, Juan I.). Uria zuzenean Jaunaren menpean egoan, beraz, horrek zainduko ebazan haren interesak.
Zelango ezberdintasunak egozan uria eta Eleizaldearen artean?
Asko, baina batzuk aitatuko doguz. Eleizaldea ez egoan uriaren menpean, Bizkaiko Batzar Orokorren menpean baino. Ganera, eleizak bere inguruan bildu eban biztanleria herriko jauntxuen mesedetan, zeren eta jauntxuak ziran patroi eta eleizgizonen izendatzaileak. Urian alkatea egon arren, Eleizaldean maiordomua egoan, eta horrek eleizateko ondasunak gobernaten ebazan. Legeak be ezbardinak ziran leku batean eta bestean, eta bakotxak bere eskribauak ebazan. Baina XVII. menderako Eleizaldeko baserri askok bat egin eben uriagaz, eurek halan gura izanda, erregeak uria sortu ebanean, aukera hori emon eutselako guztiei. Eleiza biek be bat egin eben, eta abadeek batan zein bestean emoten eben mezea. Erakunde zibilak, barriz, ez ziran ados ipinten.
Noiz arte iraun eban egoera horrek?
Bilbok dau erantzuna. Bilbo hazten hasi zan eta Bizkaiko jauntxuek, Larrabetzukoak tartean, Espainiara alde egin eta hangoakaz egin ebezan aliantzak. Bilboko portua garrantzizko elementu bihurtu eta merkatariak, burgesak, hasi ziren indarra izaten. Bilbo inguruko mobimentuari esker indartu zan uriaren figurea XVII. mendearen hasieran. Batzar Orokorretan, ordura arte leinu etxeek edo Eleizaldeko jenteak poterea baeben, hortik aurrera Bilboko merkatariek hartuko eben lekukoa. Halanda be, Bizkaian, uriko eta Eleizaldeko batzarrak XVII. mendearen erdialdera arte ez ziran egiten hasi.
Zein da topau dozun daturik bitxiena?
Nik Larrabetzuko garapena esaten deutsadana. Garapen hori burdinolen eskutik etorri zan. XV. mendean lau burdinola egozan berton, eta hori oso datu bitxia da, Larrabetzu oso herri txikia dala kontuan hartzen badogu. Burdinoletatik horreen jaubeek ez eze herritar askok be ateraten eben bizimodua. Baserritik ozta-ozta ateraten zan jateko, eta herritarrek bertoko basoetan bildutako egurraz egindako ikatza saltzen eutseen burdinoletako jaubeei. Kintal bat burdin egiteko, lau ikatz zama ziran beharrezkoak... beraz, atera kontuak! Beste alde batetik, Larrabetzukoa burdinolaren jaubea zan Euskal Herriko uri bakarra zan, beste guztietan errotak baziran be.
Inoz Txorierriren ganeko ikerketa egitea pentsau dozu?
Beno, nik batez be Larrabetzuren ganeko datuak arakatzen dodaz, baina, ez garanez bakarrik bizi, ikerketa horretan Txorierriko datuak be topau dodaz: Lezamako jentearen ganekoak, Zugazti eta Zamudio leinuek bat egin ebenekoak... Baina nik uste dot Txorierri XX. mendean asmautako izena dala. Ez dot atxinako dokumentuetan ezer topau. Ganera, Asua bailara Lezaman hasten da, han Asua ibaia dagoalako. Eta Larrabetzuko errekek, barriz, Ibaizabal ibaira joten dabe. Larrabetzu Ibaizabal bailarakoa da eta guk Arratiarako joerea euki dogu beti. Hori guk berba egiten dogun euskeran beran be bada nabaria... Baina Txorierriko Mankomunidadea sortu zanean, Larrabetzuk han sartzea erabagi eban.
Beharbada, bereziak zariela horregaitik esango dabe gainontzeko txorierritarrek...
Bai, ezbardinak gara, orain dala gitxi arte harreman txikia izan dogulako Txorierriko gainontzeko herriakaz. Ganera, Bilborako trenbidea bakarrik Lezamaraino ipinteak be egoera hori areagotu egin dau.
Zer dozu orain esku artean?
XVII. mendeko datuakaz nabil, eta ez dakit azterketa inoz amaituko dodan. Urte honeetan batutako informazinoa kronologikoki ordenatu dot eta ja lau liburu osatu dodaz. Informazinoa ez da inon aterateko; niretzat da. Halanda be, gura dauan guztiak kontsulteteko aukerea dau.
Ola eta errota baino gehiago
Sabinek berarentzat biltzen dau Larrabetzuko historia; berarentzat eta ha kontsultau gura dauan guztiarentzat. Baina herriko historiaren zati bat argitara eroan eban Arrekikiki euskera alkarteak orain dala urte batzuk. Urkulu, ola eta errota baino gehiago liburutxuan, burdinola horren nondik norakoak azaldu dauz Sabinek.
“Txorierriko korridorea egiteko obren ondorioz, burdinolaren azpiegitura desagerrarazoko ebela banekian. Argazki pilo bat atera neban, eta horreekaz zein burdinolaren ganean topautako informazinoakaz liburua argitaratzeko proposamena egin eusten. Urkulun burdinola baegoala agiri izatekoâ€.
Sabinek azaldutakoaren arabera, Urkulu oso leku aproposa zan burdinola eregiteko, hango errekan ur-masa handia biltzen zalako. Halanda be, burdinola kokatuko zan lurrak jaube gehiegi ebazan eta tirabirak sortu ziran horreen artean. Azkenean, Urkuluko burdinola 1.503. urtearen inguruan egin zan, Pascuala Zugazti andrea bitartekari ibili zala. Baina tirabirak dirala medio, egileak ez dau uste azpiegitura 1512. urtera arte martxan ipiniko zanik. Bertako lurraren ugazaba batzuek Bilbotik ekarritako harriakaz gau baten errota altzau eben bertan eta beste gau baten uriaren aldekoek suntsitu be.
“Burdinolaren ondoan egurrezko zubia egoan. Garai hatan zubi guztiak ziran egurrezkoak eta hareek berreregiteko beharra egoan urtero. XVIII. mendean zubia harriz egitea erabagi eban uriak. Oso azpiegitura polita zan eta bere ondoan atetxu bat eban, uriolak egozanean automatikoki uraren indarraz ixten zana. Bermeotik Gaztelera eroaten zan arrainaren bidea deiturikoa izaki... Azpiegitura guztia –burdinola, etxea, zubia...- ordu baten bota eben behera, korridorea egiteko lanak zirela etaâ€.
Gai nagusia