Aner Mentxaka, argazkilaritza-ikaslea: “Argazkil

Aikor aldizkaria 2010ko mar. 25a, 14:05
Aner Mentxakak ikus-entzunezko errealizazioa ikasi zuen Andoainen eta lan batzuetan aritu ostean, langabezian gelditu zen. Neskalagunak Bartzelonara joan behar izan zuen iaz, eta gazte derioztarrak ez zuen alferrik galdu betidanik gustatu zaion hirira joateko aukera. Zer egiten zabiltza Bartzelonan? Iaz langabezian gelditu nintzen eta neskalaguna hona etorri behar izan zen. Beraz, berarekin etortzea erabaki nuen. Izan ere, Bartzelona oso hiri atsegina iruditu zait beti. Gaur egun argazkilaritza ikastaro bat egiten nabil, argazkilaritzak betidanik erakarri nau-eta. Gainera, argazkilaritza ikasteko, Bartzelona baino leku hoberik ez dago. Zelakoa da ikastaroa? Estudio-argazkilaritza jorratzen dugu: natura hila, erretratuak, publizitate-argazkiak... Argia non eta zelan jarri eta horrelakoak ikasten ditugu bertan. Espero duzunarekin egin duzu topo Bartzelonan? Ez naiz espero nuen lekuan bizi: ez naiz Bartzelonan bertan bizi, alboko herri txiki batean baizik. Herri lasaia da eta neska eta biok oso gustura gaude. Bartzelona hiriari dagokionez, espero nuen bezain ondo dagoela esan behar dut. Ikastaroa garestia da eta dena da berria, baina poz-pozik nago. Eta irudia zergatik interesatzen zaizu? Nondik datorkizu zaletasuna? Ez dakit. Ikus-entzunezko mailan ibili naiz beti, eta gustura, gainera. Baina orain hasi naiz argazkilaritza lantzen eta gaur egun argi daukat argazkilaritza gehiago gustatzen zaidala. Argazkilaria izan nahi dut. Baina argazkilari ere ibili zinen Korrikan, ezta? Bai, azken Korrika bietan atera ditut argazkiak. Txorierriko etapetan izan zen, soilik, baina oso esperientzia polita izan zen. Furgonetan ibili nintzen eta Korrika beste ikuspuntu batetik gozatzeko aukera izan nuen. Eta zer egingo duzu etorkizunari begira? Ikastaroa maiatzean amaituko da eta gero Euskal Herrira itzuliko gara. Beraz, oraindik ez dakit zer gertatuko den. Bartzelonan eskaintza zabala dago eta hemengo argazkilariek espezializazio ederra dute: ezkontzak, natura hila, publizitatea.... Etxean, aldiz, oso merkatu txikia dugu, eta profesionalek denetarik egin behar dute. Askapenaren taldekidea Aner derioztarra orain hasi da argazkilaritza ikasten, Bartzelonan, baina argazkiak egitea betidanik gustatu zaio. Bidaiak egitea ere izugarri atsegin du, eta zaletasun bi horiek uztartu egin ditu Askapena talde internazionalistari esker. Kubara txikitatik joan nahi izan zuen, eta Maputxen herria (Txilen) ezagutzeko aukera ere izan zuen. Iaz Venezuelara joan zen neskarekin, euren kabuz. Bertan argazki kamara lapurtu zioten, eta, Kataluniara joan baino lehen, beste bat “arin-arin” erosi behar izan zuen. “Leku ezezagunak ikustea gustatzen zait. Euskal Herrian bizi dugun egoera politikoa Europako beste leku batzuetan ere gertatzen da eta antzekotasunak bilatzen ditut kanpora joaten naizenean. Jendearen bizimodua ere interesatzen zait: kultura, ohiturak... Ameriketan ibili naiz, batez ere, hizkuntza aldetik errazagoa baita. Kontrasteak ere politak dira”. Aner Txilen egon da, eta duela gutxi bertan gertatutako lurrikarak hunkitu du. Baina are gehiago hunkitzen dute “gure eskuetan ez dauden gertakizunek”. “Ni ez nintzen egon lurrikara gertatu zen inguruan. Lurrikara tamalgarria da, baina baita saihestezina ere. Hala ere, beste gauza tamalgarri batzuk ere gertatzen dira: esaterako, nik Txiletik alde egin eta gero, poliziak nik ezagututako gazte bat hil zuen, eta hori benetan penagarria izan zen niretzat”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).