Josune Muñoz literatura-kritikaria da eta 2004. urtean Skolastika egitasmoa ipini eban martxan. Skolastika literatura-gune feministea da eta Historian, liburuetan... agertzen ez diran emakume idazleak agerrarazoten dabez bertan. Emakumearen Egunaren haritik, Josune Zamudion izan da emakume eta literaturearen ganean berba egiten.
Zelango ondorioa atera dozu emakumeek egindako hainbat eta hainbat behar aztertu ostean?
Emakumeon literaturea badagoala. Literatura idatzia gehien jorratu dogun arloa ez da, beharbada, baina garrantzia handia izan dogu ahozko literaturan. Emakumeok beti egon gara literatura munduan. Beste alde batetik, leku guztietan igarri dot emakumeon literaturearen kontrako jarrera bat dagoala, mesprezuzko kutsu bat.
Emakumeon literaturea badagoala dinozu; idazle asko, emakumeak tartean, ez dagoz ados.
Emakume idazleek ondo ezagutzen dabe emakumeon literaturearen kontrako aurreretxia, eta eurek literatura hori ez dabela jorratzen gurago dabe esan. Baina badago, jakina baietz. Eta ez da bakarrik gaietan nabarmentzen, gaiak lantzeko erean, pertsonaiak agertzeko erean, estiloan... be bai. Kontua da kritikariok tresna gehiago dogula aurreretxi horri aurre egiteko, eta emakumeon literaturea ondo aztertu eta merezi dauen duintasuna emoteko.
Zein izan da emakumeak egindako ekarpena?
Gure ekarpena ezinbestekoa izan da ahozko literaturan, gure beharra hori transmitidu eta mantentzea izan dalako. Eta kontuan hartu behar dogu idatzizko literaturea ahozkotik datorrela. Literaturea oso ikuspegi zabaletik ikusi dogu beti, eta transmisino eta mantentze-beharretan ibili gara, irakurtzeko zaletasuna bultzatzen, liburuak maileguan ixten, argitaletxeak martxan ipinten, literaturara dediketeko dirua ipinten... Emakumeok gizonen jarrera literarioak bultzatu egin doguz beti. Adibidea esatearren, Ilustrazinoa ez zan izango garaiko mademoiselle barik. Emakume horreek energia, dirua eta lekua ez eze, estimulua eta indarra be jarri eben gizonezkoen literaturea bultzatzeko.
Zer zor deutso, beraz, literatura munduak emakumeari?
Alde batetik, errekonozimendua; eta bestetik, duintasuna. Mesprezuzko jarrera hori behingoz bukatzea, literaturaren historian agertzea eta gaur egungo curriculumean sartzea. Hori guztia zor deuskue, ez gagozalako ez manualetan, ez unibersidadean, ez institutuetan...
Ze bardintasun dabe hemengo eta hango emakumeon literaturek?
Ahozko literaturan dogun garrantzia eta gaiak jorratzeko erea, banaka batzuk aitatzearren. Gizonek mundu bat kontaten dabe; eta guk beste bat: geurea. Gure sentsibilitatea, jorratzen doguzan pertsonaiak...
Euskal emakumeon literaturak badau ezaugarri berezirik?
Zorionez, eta lehenengo aldiz Historian, badagoz hiru belaunaldi ezbardinetako emakumeak beharrean: Mariasun Landa, Miren Agur Meabe eta Uxue Alberdi, belaunaldi bakotxeko adibidea ipintearren. Bertsolaritzan be beste duintasun eta maila baten sartu gara. Hor gagoz eta ziur nago geratzeko gagozana. Gero eta eleberri gehiago argitaratzen dira... Baina gure ilustratzaileen kopurua eta kalidade altua be azpimarratuko neukez. Momentu ona da arlo baten zein bestean. Istorio onak irudi on eta egokiakaz batera egotea atarramendu handiko fenomenoa dala uste dot. Orain bakarrik faltaten jaku komikira jo eta horretan ibilten hastea.
Eskubideak bagabilz apurka-apurka hainbat arlotan lortzen, literaturan be bai?
Bai eta ez. Sariak, akademia, prestigiozko lanpostuak, unibersidadea... gizonen eskuetan dagoz oraindino. Eta merkaduan, bai, emakumeok saldu egiten dogu, baina hori beti egin dogu. Emakumezkoen literaturea oraindino oso urrun dago gizonezkoen kanonetik. Beraz, edo beste kanonen bat sortzen dogu, guztiz parean dabilena, edo ahaleginetan jarraitu beharko dogu gizonen kanon horretan sartzeko. Halanda be, sentsibilitatez sentsibilitate gauzak aldatzen ari dira, baina nik espero baino askoz astiroago.
Emakumezkoen literaturagazko mesprezuzko jarrerea azpimarratu dozu. Zergaitik gertatzen da hori?
Emakumeona dalako, besterik ez. Beharra irakurri barik kritikau egiten da gehienetan. Badagoz adibide asko, baina bat jarriko dot: eleberri erromantikoak. Gizonek ez dabe genero hori irakurtzen; halanda be, badakie gatxa dana. Ganera, genero beragazko zein irakurleagazko mesprezuzko hiztegia erabilten dabe. Zergaitik? Oinarriz emakumeoi zuzendutako literaturea dalako, emakumeon gauzak baino kontaten ez dituena.
Igaz Desira/Plazer poema erotikoen bilduma argitaratu zenduan Igor Estankona eta Edorta Jimenezagaz batera. Zein da emakumearen presentzia horretan?
Idazleen kopurua sartzeko erabagia Edortak hartu eban, eta berak baimen osoa emon eustan behar beste poeta liburuan sartzeko. Emakumeak %40 dira bilduman, baina horrek ez dau esan gura euskal emakume poetak %40 diranik; %9-10 baino. Ondorioz, liburuan oso ondo adierazoten da euskal emakumeon erotismo mundua. Sorpresa, ustebako, harridura eta gustu handiko materiala da; irakurtzera animau gura dot jentea.
Gurean izan da