Arnasa hartzeko artea

Aikor aldizkaria 2010ko mar. 25a, 14:15

Mikel Etxebarria, fisioterapeuta

Erreza da arnasa hartzea. Jaiotzen garenetik, inkontzienteki, badakigu airea hartu eta botatzen. Mugimendu harmonikoa da, zeinetan esfortzuak gorputzeko muskuluetan eta artikulazioetan zabaltzen baitira, modu naturalean eta automatikoan. Muskulu-talde baten aktibazioa eta bular-kaxari lotuta dauden estruktura ezberdinen mugimendua dakartzan ekintza da arnastea. Eta ekintza guztietan bezala, badaude gehiago lan egiten duten alde batzuk eta mugimenduari laguntzen dioten beste batzuk. Baina, zer gertatzen da bigarren mailako muskuluak lehenengo mailakoak balira bezala lanean hasten direnean? Jaso daiteken lehenengo ondorioa muskulatura lagungarriaren gainkarga da, muskulu horiek ez baitaude prest halako lanak egiteko. Muskuluak estu eta laburrago bihurtzen dira, eta kontrakturak izateko joera dute. Ondorioz, mina eragin dezakete. Gehiegizko tentsioak hezur-estruktura ezberdinetan ere izango du eragina: buru-hezurra, orno zerbikalak, lehenengo saihets-hezurrak eta sorbalda. Jarrera-arazoren bat baloratzen gabiltzanean, horiek ere kontuan hartzea ezinbestekoa da. Lehen esan bezala, mugimendua automatikoa da. Hori dela-eta, txarto egiten badugu, lesioa izan dezakegu, edo okerragoa eta ohikoagoa dena: bizkarrezurrarekin zerikusia duten patologia askoren eragile bat. Luzatze-jarrerak Lehenengo eta behin, arnas mugimendua hartu behar dugu kontuan. Jarrerazko zein emoziozko erlazio-egoera batean, arnasa hartu eta botatzean, sabela gorantz eta beherantz nola mugitzen den nabaritu behar dugu, eta toraxa momentu orotan erlaxatuta eduki. Horrela, diafragmari uzten diogu arnasa hartzeko funtzioa egiten eta birikiak beherantz luzatu egiten dira. Era berean, bularreko muskulu txikiaren eta saihetsarteko muskuluen ekintzari esker, bular-kaxa handitu egiten da, birikiaren bolumena askoz gehiago handituz. Gero, lesioak edo mugimendu natural horretan eragina duten oztopoak aurkitu behar ditugu. Pertsona batzuek arazoak dituzte toraxa beherantz eramateko, eta hori gorantz gogor egiten duten muskuluak daudelako izaten da. Besteak beste, esternokleidomastoideoa eta eskalenoak dira muskulu horiek. Azkenik, tentsioa duten aldeak luzatze orokorreko jarreren bitartez erlaxatzen ikasi behar dugu, baita arnas mugimenduaren patroia berrezi ere. Jarrerak posizio ezberdinetan egingo dira, erritmoa bizitzaren egoera bakoitzera zuzen egokitzeko.