Hitz egin dezagun polemikaz josita dagoen proiektu batez: eskola 2.0. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren esku dagoen egitasmoa da, gauza gogoangarri guztiak bezalaxe. Horren ondorioz, EAEko zentro publiko zein probatuetako Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasleek ordenagailu eramangarri bana edukiko dute. Zertarako? Internet eta Teknologia Berrien munduan trebatzeko, noski. Era berean, ohiko arbelak arbel digitalari utziko dio lekua eta, ondorioz, badirudi desagertuz joango dela gutako askok ezagutu dugun irakaskuntza-sistema. Berez, polemika sortzen duena ez da egitasmoa bera, sareko konexioa baizik. WiFi-a, alegia. Labur azaltzearren, guraso asko beldur dira uhin elektromagnetikoek sor dezaketen kutsadura dela eta, minbizia eragin dezakeelako. Kezkatzeko moduko kontua da, baina, zintzoak izan gaitezen, urteak daramatzagu uhin elektromagnetikoekin elkarbizitzen, aspaldiko kontua da. Egia da haurren osasuna dagoela arriskuan, baina ez dut uste larri arduratu behar dugunik. Gainera, EHUko Telekomunikazio Ingeniarien Eskolak egindako ikerketa batek dio WiFi uhinak ez direla kaltegarriak. Sinistu dezagun, ezta?