Txorierri Politeknikako taldea

Aikor aldizkaria 2010ko mar. 25a, 14:20

Radimer Txorierri areto-futbol taldea

Herrialde komunistetan dena antolatzen du Estatuak, baita kirola ere. Horregatik, sindikatuek, estatuko enpresek edo armadako sail ezberdinek sortzen zituzten futbol taldeak. Esate baterako, Moskuko Spartak taldea baserritarrek eratu zuten; eta Kieveko Dinamo taldea, poliziek. Errumanian Timisoarako Politeknikako ikasleek osatu zuten futbol taldea. Radimer Txorierri areto futbol taldeak ez du zerikusirik komunismoarekin, baina horrek ere Txorierriko Politeknikaren babesa du 1999tik. Derioko Txorierri areto futbol taldea hasiera-hasieratik dago lotuta Txorierri Politeknikari. “Politeknika orain dagoen eraikinera eraman zutenean kirola bultzatzen hasi ziren. Hasiera batean, eskola mailako kirola zen, eta boleibol, saskibaloi eta areto-futbol taldeak osatu ziren. 1998an gazteen taldean ibili ginen areto-futbolariak nagusiegiak ginen maila horretan jokatzen jarraitzeko, eta Argi Martínez presidenteak talde federatua sortzea erabaki zuen. Taldea 1999an hasi zen jokatzen, Lurraldeko Bigarren Mailan”, esan digu Jorge González taldeko ordezkariak. Gaur egun, taldeak urdinez jantzita jokatzen du maila horretako hirugarren multzoan. “Garai batean, batez ere ikasle ohiek osatzen zuten taldea, baina gaur egun ez da horrela gertatzen. Politeknikak aretoa utzi eta fitxak-eta ordaintzen dizkigu. Diru aldetik, zoriontsu sentitzen gara gure mailako talde gehienekin alderatuta. Izan ere, Politeknikak eta Radimer enpresak gastuak ordaintzen dizkigute”. Aipatutako azken babeslearen eraginez, izena aldatu egin da aurten: orain Radimer Txorierri dira. Gaur egun mutilek baino ez dute jokatzen, baina 2003an nesken taldea ere sortu zuten. “Nire lehengusinak Bilbo taldean jokatzen zuen eta bertan arazoak izan zituzten batzarkideekin. Gure babespean nesken taldea eratzea proposatu nien eta onartu egin zuten. Oso talde ona zen; onegiak, Lurraldeko mailan jokatzeko. Eta Liga eta Kopa irabazi zituzten”. 2003an ere mutilen taldeak Lehenengo Mailarako igoera lortu zuen. Klubaren urterik onena izan zen. Hurrengoan, aldiz, nesken taldea desagertu egin zen, eta mutilek ezin izan zioten mailari eutsi. Igotzeko itxaropena Gaur egun anbizio handia du taldeak. “Epe laburrean kategoriaz igotzeko asmoa dugu. Horretarako, taldea erabat berritu da, eta entrenatzaile berria ere ekarri dugu aurten. Espero baino hobeto hasi genuen denboraldia, eta lehenengo itzulian, partida bi izan ezik, beste guztiak irabazi egin genituen. Bigarren itzulian, aldiz, kaskar gabiltza. Hori dela-eta, ez dakit igotzeko aukerarik izango dugun. Aurten lortzen ez badugu, datorren urtean saiatuko gara”. Entrenatzaile berria Aitor Daroca da. Daroca Estatuko txapeldun ordea izan zen iaz Castro taldeko kadeteekin. “Hala ere, arazoak izan zituen bertan eta beste eskaintza batzuk jaso arren, gurera etortzea erabaki zuen. Hemen erabateko boterea eman diogu eta berak bere neurrira egindako proiektua egin ahalko du. Daroca entrenatzaile peto-petoa da eta poz-pozik gaude berarekin”. Entrenatzailearen eskutik, jokalari berriak etorri dira. Iazko futbolari bi baino ez dira gelditzen taldean. Jokalari gazteak egon badaude, baina, bataz bestez, 28-30 urte dauzkate talde honetako futbolariek. “Etorkizunari begira, jokalari gazteagoak nahi ditugu”. Jatorriari dagokionez, Galdakao, Bilbo eta Txorierritik datoz taldekideak. Radimer-Txorierrirekin batera beste talde txorierritar bi aritzen dira multzo berean: Derioko Pozgarri B eta Zamudio. Harreman ona dute euren artean, baina Zamudio taldearekin lehia berezia dago. “Aurten arazo txiki batzuk sortu dira eurekin, baina polita da partida bereziak jokatzea”. Batez ere, etxean dabil sendo Jorgeren taldea. “Azken bolada honetan indarra galdu dugu eta aurten Txorierriko aretoa gotorleku bihurtzea izan dugu helburu”. Igoeraz gain, beste asmo bat dute taldeko arduradunek etorkizunari begira. “Taldea ezagunago egin nahi dugu Txorierri mailan. Herriko jendeak beste taldeen berri du, Pozgarri, esate baterako. Hala ere, badirudi gure egoitza Politeknika denez, herritik kanpo gaudela”. Informazio gehiago: www.deriokotxorierri.es