Gogoan duzue telebistan hiru dimentsioko pelikulak ematen zituztenean? Bai, halakoak gutxitan ematen zituzten. Eta gainera, pelikulok ikusteko, kartoizko betaurrekoak erosi behar ziren, kristalen ordez plastiko urdin bat eta beste gorri bat zituztenak. Edo etxean zelofanaz prestatu.
Gauzak asko aldatu dira ordutik hona, eta Gabonetarako hiru dimentsioa berezkoa duten telebistak merkaturatuko dituzte telebista egile askok: LG, Panasonic, Samsung edo Sony, besteak beste. Zoritxarrez, modelo berri guztiek zinean erabiltzen diren betaurrekoak beharko dituzte. Adituen arabera, oraindik ere beste hamarkada bat itxaron beharko dugu, betaurrekorik beharko ez duten 3Dko teknologiak ezagutzeko.
3Dko efektua lortzeko, begi bakoitzak apur bat ezberdina den irudia ikusi behar du, errealitatean gertatzen den bezala. Efektu hori lehengo betaurreko gorri-urdinen bitartez lortzen zen: irudiak ezkerreko eta eskumako perspektibatik lortzen ziren eta bakoitzari kolorezko filtro bat ezartzen zitzaion, gero biak batera grabatzeko (anaglyfo irudiak). Betaurrekoetako filtro gorri-urdinek kontrako efektua egiten zuten eta horrela, begi bakoitzak irudi bat ikusten zuen.
144 aldiz segundoko
Telebista berrien sistema beste bat da, ordea. Betaurrekoek txandaka, eta begiak ez antzemateko moduko abiaduran, iluntzen dituzte ezkerreko kristala eta eskumakoa. Bitartean, ezkerreko eta eskumako begientzako irudiak azaltzen dira telebistan, betaurrekoekin sinkronizatuta daudela. Ezkerreko begiak ikusi behar duen irudia pantailan dagoenean, telebistak seinale infragorria bidaltzen die betaurrekoei. Betaurrekoek hura jaso eta eskumako kristala iluntzen dute. Eskumako begiak ikusi behar duen irudia dagoenean, beste seinale bat bidali eta betaurrekoek ezkerreko kristala iluntzen dute. Ekintza hau hainbat alditan egiten da segundoko; 144 aldiz segundoko, sistema batzuetan.
Beste teknologia batzuk badabiltza ikertzen, eta badira betaurrekorik behar ez duten 3Dko monitoreak. Baina sentsazioa ez da hain ona, eta, gainera, efektua puntu jakin batzuetatik baino ez da antzematen. Apur bat mugitzen garenean, desagertu egiten da. Beraz, betaurrekoekin konformatu beharko dugu oraingoz.