Zentsura

Aikor aldizkaria 2010ko mar. 25a, 14:28

Toti Martínez de Lezea

Liburuak zentsuratzea ohiko jarduna izan da Historian zehar. Errege-erreginak, naziak, komunistak, katolikoak, juduak, musulmanak, luteranoak... Zentsura erabili dute horiek guztiek, beren garaikideen adierazpen eta pentsamendu askatasuna kontrolatzeko. Espainian, 1490ean, sei mila liburu erre ziren Salamancan, eta Sevillan, urte berean, hebrear biblia kopuru handi bat. 1500ean, arabieraz idatzitako milaka ale erretzeko agindu zuen Granadan Cisneros kardinalak. 1502an, atzerritik liburuak inportatzea debekatu zen, eta 1558an zigor larriekin eta are heriotzarekin kastigatu zen Inkisizoak zentsuratutako edozein liburu edukitzea. Urte bat geroago, "Autore eta Liburu Debekatuen Indexa” sortu zuen Trentoko Kontzilioak, eta 1966. urtea arte egon zen indarrean. Index horretan sartutako obren zerrenda hain zen zabala, non, lau mendez, ia ez baitzen izan bertan agertzetik libratu zen autorerik, pentsalaririk, filosoforik edo zientzialaririk. Inork uste badu joanak direla garai haiek, oker dabil. Aurten berton, 2010ean, liburu dendetatik kendu da José A. Pagola euskal apaiz eta teologoaren Jesucristo, una aproximación histórica liburua, Tarazonako gotzainak kentzeko agindua eman baitu, Gotzainen Konferentziaren eta Vatikanoren oniritziarekin. Obra horrek Nihil obstat e imprimatur delakoa jaso zuen zortzigarren edizioan; hau da, moral eta doktrina ikuspuntutik argitaratua izateko onespen ofiziala, Uriarte gotzainak emana. Beste garai batean, jendaurrean atzera egitera derrigortuko zuten autorea, baita erretzera kondenatu ere. Uriarte gotzaina eta obra “heretikoa”ren irakurleak ere erre egingo zituzten. Baina orduan liburuak ez ziren iristen jende gehienengana, eta hedabideak eta baliabide teknologikoak ere ez ziren oraingoak. Orain arte saldutako 60.000 aleak askotxo dira Pagolaren pentsamendua gal dadin menderen mendetan amen. Argitara zenean irakurri nuen liburua, baina irakurri egingo dut berriro. Izan ere, ez dago ezer kitzikagarriagorik hau baino: kontra egitea pentsatze hutsa zuzenean infernura eramango zaituen bekatua dela sinesten zen lehengo garai haiek, garroteen eta ahokoen garai on horiek, faltan botatzen dituztenei.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).