Quebec, erraldoi ezezagun horren pintzelada gazi-g

Aikor aldizkaria 2010ko mar. 25a, 14:37
Testua eta argazkiak: Fernando Olabarrieta
UQÀM-en (Université du Québec à Montréal-en) egon nintzan igazko urri-azaroan bertako irakasle-ikerlari batek konbidatuta, euren ikerketa-teknikak ikasten eta batera egin beharreko ikerkuntza lerroa prestaten. Sei astebete egin nebazan Montreal urian, lanean eta hango bizimoduan murgilduta. Egotaldiaren amaieran, beste zortzi egun ibili nintzan inguruak ezagutzen, bai Quebec probintzian zehar eta bai Ontarion be. Esperientzia aberasgarria, zoragarria! Dana da handia han, itzela, erraldoia… Horixe da, antza, hara lehenengoz heldu garen gehienok hartu izan dogun lehenengo inpresinoa: luzera-zabalerak, itsasoak eta basoak, ibaiak eta kataratak, uriak eta auzoak, kamioiak eta errepideak, fauna eta flora…, bertako eta hara joandako kulturak. Baina ezezaguna be bada europarrontzat. Ez dogu eskolan hango geografia, natura ez kulturarik ikasi, eta mundu globalizau honetan komunikabideek ez deuskue hango barririk ez zaharrik emoten, ez Kanadakoek eurena azaleratzeko, ezta europarrek hangoa sakontzeko. Emoten dau, Ipar Ameriketako beste erraldoia dan Estadu Batuetan ez bezala, paradisu antzeko egoera baten bizi dirala, lehen munduko estadu aurreratuenetakoa dan horretan. Baina, han be gertatu gertatzen dira gauzak, onak eta txarrak. Aragoan be txakurrek ortozik! Han be jatorrizko kulturak (amerindiarrenak) erreserba antzekoetan gordeta daukiez, jagoteko asmoagaz edo, hizkuntza eta tradizino propioak galdu ez daiezan edo, globalizazioan urtu ez daitezan edo… Ala izango da turistei erakusteko, kontzientzia zuritzeko, edo inperialismoa eta arrazakeria estaltzeko? Auzoko Estatu Batuetakoak baino nasaiago bizi dira, baina han be gertatzen dira mendebaldeko zibilizazino eta gizarte modernoetan gertatzen ohi diranak: istripuak, indarkeriak, bakartadeak, inperialismoak, “A” gripearen aldeko kanpaina ulertuezinak… Han be, kultur aniztasunaren izenean (bertakoez aparte, txinatarrak, italiarrak, hegoamerikarrak, afrikarrak…), badira kulturen arteko talkak eta konfliktoak, estatuaren mugetako kontrol zorrotzez, edo etorkin mobimentuak ondo iraziz edo “ghetto” antzeko auzoetan antolatuz bideratuak. Independentzia gosez Han be frantses hiztunek ahalegin eta lan handiak egin behar dabez elebitasunaren aldarrikapenean ingeles orojalearengandik babesteko. Quebec probintzian frantsesa da nagusi kalean eta eskolan, baina gehienek ingelesa be normal-normal erabilten dabe. Badira ingeles hutseko unibersidadeak, eta negozio zentroak be elebidun oihan horretan. Baina, ez da errespetu ezta gitxiago be ezaguera berbera ondoko ingeles hiztunen probintzietan, Ontarion eta horreetan, ezpada Ottawa uriburu administratiboan azaleratzen dan elebiduntasun ofiziala. Badagoz han be, bi erreferendum galdu ondoren (azkena ehuneko baten proporzinoagaitik), independentzia gosez. Eta bertako partidu nazionalistak hasi dira beste erreferendum bat prestaten, azkenean urte luzez aldarrikatu daben hori lortzeko asmoz. Horren adierazgarri dira Le petit livre des citations indépendantistes argitaratu barri dan amesetarako liburuxkatik hartu dodazan zita pare hau: “J’espère avec tous les ancêtres qui ont espéré; j’espère avec tous les espérants d’aujourd’hui; j’espère par-dessus mon temps, par-dessus tous les découragés… Nous aurons un pays qui portera son âme dans son visage” (L. Groulx); “Nous avons résisté (survivance). Nous avons insisté (partenariat). Nous allons exister (indépendance)” (B. Frappier). Baina punta-puntako teknologiadun eta per capita errenta oso handidun herrialde horretan ez dira txarto bizi. Orain arte ez dabe krisi ekonomikoa oso sakon nabaritu, ez dago apenas langabeziarik, hilaren amaieran soldata ederrak kobraten dabez, argindarra eta telefonoa merke-merke, politika sozialak tente-tente… Merezi dau Quebec ezagutzea. Hiru aldiz Frantziaren lur-eremua osatzen dauan herrialde honek baditu naturaren miresgarritasunak, bizi dira bertan jente abegitsuak eta apatzak. Ez dago hain urrun Kamerun! Bertan nagoala jakin dot oraintsu aurkitu dabezala euskal itsasontzi baten aztarnak, IX. gizaldikoak!, Quebec-eko iparraldeko kostaldean urperatuta. Bertan jakin dot, antza, euskal arrantzaleak udabarri aldera joaten zirala hango uretara 20-25 egunetan baleak harrapetera. Bertako amerindiarrakaz beti tratu honetan (alkar ulertzeko dialekto antzeko bat be asmau eben eta), koipearen lanak amaituta, udagoienean etxerantz abiaten ziran hurrengo urtera arte. Ur-gaineko euskal toponimia horren lekuko…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).