Testua: Jagoba Zallo, Munduko Medikuak Euskadiko alkartearen Zuzendaritzako kidea
Joandako urtarrilaren 12an sekulako lurrikarak astindu eban Haiti. Lurrikararen erdigunea Port-au-Prince hiriburutik hamabost bat kilometrora gertatu zan, eta kalte handiak eragin ebazan uharteko lekurik jendetsuenean: berrehun mila hildako, beste berrehun eta berrogeita hamar mila zauritutako eta milioi bat pertsonatik gora etxe barik eta kale gorrian.
Gehien-genienok entzun doguz datuok eta izan dogu ezbehar larri horren barririk hedabideen bitartez. Baina batez be ikusi egin dogu ezbeharra, eta etxean ikusi be, telebistari esker. Handik etorritako irudiek astindu egin dabe gure kontzientzia. Eta danok agertu dogu laguntzeko guraria.
CNN efektua deritxona egon da horren atzean. 1990. urteko Golkoko gerran gertatutakoa eta gero —telebistak zuzenean eskainitako gerrea— erabilten da esamolde hori. Telebistako albistegiek daukien indarraren adierazle argia. Baina albistegietan gauza barriek daukie lehentasuna, eta kontu zaharrak ez dira albiste. Beraz, egunak aurrera joan ahala, holako gertaerak desagertuz doaz albistegietatik, beste arazo edo auzi barriago batzuk kentzen deutsielako lekua.
Eta Haitiren kasuan be gertatuko da hori. Handia izan danez ezbeharra, oraindik orain agertzen da albistegiren baten edo bestean, baina gero eta gitxiago. Orduan… ez dogula Haitikoa ahaztu behar? Jakina ezetz, baina Haitik munduko beste leku askotako beharrizanak ahaztuerazo egin deuskuz. Eta horreek nekez agertzen dira telebistan…