Oihane Apraiz, abeslaria: “Etxean legez nago esz

Aikor aldizkaria 2010ko api. 26a, 10:42
Oihana Lezamakoa da, hemeretzi urte bete barria da eta ez dauka asmorik musikan profesionalki jarduteko. Gazteak Enpresa Administrazinoa eta Zuzenbidea ikasten dabil eta argi dau hortik atera gura dauela bizimodua. “Musikea lagunakaz ondo pasateko tresnea da, besterik ez”. Orain dala urtebetetik hona Habemus ratas taldeko abeslarietariko bat zara: emakume ahotsa. Zelan sartu zinan taldean? Taldeak kontzertua eskini eban Korrika Egunean, Derion. Taldekideak ezagutzen nebazan eta eurakaz eszenatokira igoteko esan eusten. Igon nintzan... eta eurakaz lotu naz. Gustura zagoz? Bai! Ez dogu entsegu askorik egiten, ikasketakaitik ez dogulako nahiko denporarik. Baina entseatzen dogunean ederto pasaten dogu, barretan egiten dogu... Eta ganera, gustaten jatan musikea abesten dogu. Gehienbat punk-rocka jorratzen dozue, ezta? Bai, ia euskal talde gehienen bersinoak joten doguz: Betagarri, Txapelpunk, Berri txarrak, Deskontrol taldekoak... Gizon eta emakume ahotsa buztartzea, bien arteko orekea topetea, ez da erreza. Zuen kasuan? Beno, kontuan hartu behar da gu ez garala profesionalki aritzen. Bakotxak ahal dauana abesten dau eta, ondo lotzen bada, aurrera. Egia esateko, Arkaitzek eta biok ez dogu batera abesten. Berak abestiaren zati bat egiten dau, eta nik, beste bat. Lagunek ondo lotzen dala esaten deuste. Eta eretxi horretakoa zara zeu be? Ba, nik uste dot polito egiten dogula. Halanda be, badagoz abestiak Arkaitzek bakarrik kantaten dituanak. Izan be, abesti horiek gizon ahotsaren gogortasuna eskatzen dabe. Nik ahotsa baju dodan arren, ezin dot oso baju abestu. Erdiko bidean dago: ez da altua, baina oso bajua be ez. Prestakuntzarik dozu musika arloan? Ez, ez dot abesteko teknikarik ikasi. Ahal dana egiten da. Helbururik dau taldeak? Hasiera baten, ez. Gaztetxeren baten, jai baten... joteko erea sortuko balitz, aprobetxau egingo geunke. Baina gu ez gabilz aukera horren bila, bakotxak bere kontuak ditualako. Ganera, momentu honetan ez dogu musikeagaz dirurik atera gura... Beno, jakina!, joteagaitik dirurik emongo baleuskue, ba, hobeto! Lehen, bersinoak egiten dozuezala aitatu dozu. Zeuen abestiak inoz konposeteko asmorik? Askotan izan dogu eztabaidea horren inguruan, baina bakotxaren abestiak sortzea ez da hain erreza. Ganera, orain arte oso kontzertu gitxi emon doguz eta nik uste dot jentea erakartea askoz errezagoa dala, abesti ospetsuak joten badira. Eta zein da kantatea gehien gustaten jatzun abestia? Hesian taldearen Maite zaitut. Abestia oso gozo hasten da eta pixkanaka-pixkanaka indarra hartzen doa. Gustaten jat kontraste hori. Zenbat kontzertu eskini dau taldeak zu han zagozenetik? Lau, baina nik hiru kontzertutan baino ez dot parte hartu: Sondikan, Derion eta Lezaman. Aurretik beste talde baten egonda bazara be, eszenatoki batera lehenengo aldiz igon dozuna Habemus ratas taldeagaz izan da. Kontrolpean dozu eszena? Hasieran urduri zagoz, baina lagunak lehenengo lerroan izaten dodaz beti, eta etxean egotea moduan da. Dana dala, nik taldekideengan eta musikan ipinten dot arretea, eta ez deutsat jenteari erreparaten. Ez dot lotsarik sentiduten. Debuta orain dala gitxi egin dozu herrian, Zorrizketan euskera alkartearen urteurrenaren haritik. Zelan urten eban? Kontzertuak oso gitxi iraun eban eta jente askorik be ez zan etorri gu ikustera... Baina familia eta lagunak hor egon ziran eta horregaz pozik nago. Ondo egon zan. Musika talde gazteek, Txorierrin, nahiko aukerarik dozue joteko? Guk Larrabarri Derioko baserrian egiten doguz entseguak eta, nire ustez, lekua nahiko ondo dago antolatuta. Baina uste dot aukera gehiago emon beharko leuskiguela, jaietan-eta jo ahal izateko. Horri buruz esan behar dot batzuetan Udalek maketea eskatzen dabela, eta guk ez dogu baliabiderik maketea grabau ahal izateko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).