Testua: Gaizka Eguskiza / Argazkiak: Uritarrak Futbol Eskolea
Gurasoek pianoa, ingelesa edo karatea ikastera bialtzen ditue umeak. Orain futbola ikasteko erea be badago Larrabetzun, Uritarrak taldearen eskutik. Bertan futbol eskolea edegi dabe eta antolatzaileek nondik-norakoak azaldu deuskuez.
Futbola jentetzea batzen dauan kirola da. Telebista kateek dirutzea gastetan dabe partiduak eman ahal izateko, eta kalean, lanean edo tabernetan askotan egiten dogu berba futbolari buruz. Iraultza Goikoetxea eta David Jorrinentzat be oso garrantzitsua da futbola. Izan be, jokalariak izateaz ganera, goi mailako entrenatzaile txartela be badabe eta heziketa fisikoko irakasleak be badira. Bion artean antolatu dabe futbol eskolea Larrabetzun, Uritarrak taldearen babespean. Aurton hasi dira eta poz-pozik dagoz.
Euren planteamentua erabat ezbardina da. “Guk badakigu futbola ez dana jolasa, jokoa baizen, hau da, batak irabazten dau, eta besteak, galdu. Lehia dago, eta gizarteak batez be emoitzea hartzen dau kontuan. Gure ustez, barriz, emoitzea baino, heziketa prozesua bera eta honeri lotutako hainbat balio dira inportanteagoak: errespetua, esate baterako. Jokalariak baino gehiago, personak hezten doguz eskolanâ€, esan deusku Iraultzak. Athleticen ikasitako metodologiari jarraituz, baloia oso garrantzitsua da entrenamentuetan, eta haren bitartez teknikea, taktikea eta koordinazinoa lantzen ditue umeek. Horretarako, zirkuituak, ariketak eta jolasak erabilten ditue entrenatzaileek.
Larrabetzura eroan baino lehen, beste leku batzutan aurkeztu eban proiektua gazte pare honek. “Leioan, Mungian eta Zornotzan emon genduan eskolearen barri, eta azkenean Zornotzan onartu eben. Bertan jarri genduan martxan eskolea, baina zornotzarrentzat oso garrantzitsua da lehia. Guk, aldiz, umeentzako egitasmoa egin gura genduan eta desadostasunak sortu ziran geure artean. Zornotza itxi, eta Daviden koinatuak, Larrabetzukoa danak, eskolea bere herrira ekarteko esan euskun. Eta holan hasi ginan Larrabetzun. Larrabetzu herri txikia da eta gurasoak dira taldeko batzarkideak. Horrek esan gura dau aitek eta amek izugarrizko inplikazinoa dabela eta beti prest agertzen dirala umeen alde lan egiteko. Beraz, oso giro ederra topau dogu gure proiektu hezitzailea martxan jarteko.
Eskolaren egiturea
David eta Iraultzagaz batera, beste bost entrenatzaile dagoz eskolan. Guztion artean 6 urtetik 12ra bitarteko 50 neska-mutil entrenaten ditue astean birritan. “Eskola arrunta bezala antolatzen dogu gure futbol eskolea: argi dago 6 urteko mutilak ez dakiala 12 urteko batek beste, eta norberaren beharrizanen arabera antolatzen doguz entrenamentuakâ€. Normalean bi moltsotan banatzen ditue haurrak: batetik, txikienak, 6 urtetik 9ra bitartekoak; eta bestetik, nagusiak, 9tik 12ra bitartekoak. Ume gehienak Larrabetzukoak dira, baina Galdakao, Morga, Lezama eta inguruko herrietatik be etorten dira. Asteburuetan Uritarrak izenpean jokatzen dabe.
Gazte bikote honen eta klubaren arteko harremanak onurak ekarten deutsez guztiei: alde batetik, Davidek eta Iraultzak euren proiektua martxan jarteko erea dabe; eta bestetik, Larrabetzuko klubak behe mailako taldeak osatu ahal ditu. “Ganera, herriko umeek futbolean aritzeko erea daukie, Larrabetzutik urten barik. Txorierrin behe mailako futbol talde gitxi dagoz, eta eskoleari esker, Larrabetzu erreferentzia izatea gura dogu Txorierrin arlo honetanâ€.
Jaialdi solidarioa
Ikasturtearen bukaera ospatzeko, jaialdia antolatu dabe ekainaren 11n, 12an, eta 13an, Larrabetzun. Guztira, 12 taldek hartuko dabe parte han: Athletic, Santanderreko Racing, Madrileko Atletico, Xixongo Sporting, Zaragoza, Eibar eta talde nafar bat. Bizkaitik be etorriko dira beste batzuk Larrabetzura. Eskolea ezagutzera emoteaz ganera, Aspanovas Bizkaiko haur minbizidunen gurasoen alkarteari laguntzea emotea dau helburu jaialdiak. Izan be, “sentiberatasun berezia sortu da Larrabetzun haur-minbiziaren inguruan herriko ume batzuek gaixotasuna pairatu dabelakoâ€. Alkarte honeri jaialdian batzen dan dirua emongo deutsie eskolakoek.