Kafe goxoa bereizten ikasteko...

Aikor aldizkaria 2010ko api. 26a, 11:03

Bakoren bazterra: Iñaki Suarez, sumillerra.

Tabernetan, kafetegietan, jatetxeetan... entzuten diren gure esaldien artean hau da ohikoenetariko bat: “Zein ondo, edo zein txarto, prestatzen duten kafea hemen!”. Kafea oso produktu delikatua da eta berarengan eragina dute tenperaturak, hezetasunak, ehotzeak (meheagoa edo lodiagoa bada), hura prestatzeko erabiltzen den makina motak, tokiko urak eta, noski, kafea prestatzen duenaren eskuak. Faktore horiek oinarritzat hartzen baditugu, zeri erreparatu behar diogu zerbitzatu diguten kafearen kalitatea aztertzeko? Lehenengo eta behin baloratu beharko genuke kafe hori ordainduko dugun, ala gonbidatuko gaituzten. Ez, txantxa da. Orain benetan arituko naiz. Nire ustez, badaude bost faktore erabakigarriak direnak kafea dastatu eta horren kalitatea ona ala txarra den aztertzeko: -Krema: kikararen azal osoa gaineztzen duen estalki trinkoa da. Burbuila txikiek osatzen dute eta, desegin baino lehen, minutu batzuetan irauten du. Normalean, hurritz kolorea hartzen du eta tigre-larruaren antzeko tanto ilunagoak ditu. -Usaina: koilaraz krema apurtu eta sakonki arnasten dugunean nabaritzen dugu. Kafe motaren arabera, aromak ezberdinak izango dira. Barietate nagusia arabikoa bada, aromak finak izango dira, fruta-gustukoak eta belarkarak; baina barietate nagusia sendoa bada, aromak hurbilago egongo dira egurretik, zerealetatik edo ogi xigortutik. -Zaporea: Ahoan, ardoak bezala, kafeak aho-barrunbe osotik egingo du ibilaldia, eta sentsazio goxoak, gaziak, garratzak edo mingotsak utziko dizkigu. -Gorputza: kafeak mihian eta ahosabaian uzten duen lodiera- edo dentsitate-sentsazioan islatzen da. Elementu horrek ateratze zuzena edo ez zuena azalduko digu, arintasuna eta kafeak duen kontzentrazioa. -Zapore ondokoa: edan ostean kafeak uzten digun sentsazioa da. Kafea kalitatezkoa bada eta zuzen atera badute, sentsazio atsegina utziko digu. Baina horrela ez bada, mingostasun-sentsazio desatsegina utziko digu, edo erre-zaporea. On egin.