Thomas Goikooleatar eskribaua

Aikor aldizkaria 2010ko api. 26a, 11:05

Testua eta argazkiak: Sabin Arana

Larrabetzuar hau 1545. urteko agirietan azaltzen zaigu lehenengoz. Goikoolea Dorreko senidea zen, gerora Zubieta auzoko jauregia eraiki zuena. Eskribaua zen ofizioz; eta gaztetatik, burdinolako negozioetan ibilia. 1559. urtean Foru Aldundiko zereginetan omen zebilen. Agiri batean agertzen denez, Gernikako Batzarrek isuna jarri zioten, Korrejidore eta Bere Maiestatearen Kontseilu Gorenekoen gastuak handiegiak zirelako. Beste batzuen artean, Thomas hartu zuten erantzuletzat eta hortik ondoriozta daiteke horien gastuen arduraduna zela. 1567. urtean Thomas eta beste batzuek fidantza eman zuten, Juan Alonso Muxika eta Butroitarrak Barraondo jaunarekin zuen zorra kitatzeko. Fidantzatzat 313 kintal burdin sotila eskaini zuten, eta horrek argi eta garbi adierazi nahi du garai hartan burdinaren negozioan jarraitzen zuela. Foru Aldundiak 1569. urtean egindako batzar batean aipatu zuten Thomas Goikooleatarrak eta bere kideak zor bat ordaindu gabe zutela (Sagarminagak ez zuen aipatu zein zen zorra), eta sindikoari (diruzaina) agindu zioten hura kobra ziezaiela. Muskizeko mena Jaurerriko lurraldeko burdinoletan baino ez zen erabiltzen hasiera batean. Hala ere, Gipuzkoara hasi zen eramaten eta ez zegoen mineral guztia bertara ailegatzen zen ziurtasunik. 1574. urtean Hiri eta Lur zabaleko Batzarra Bermeon egin zen eta Thomas Goikoleatarra aukeratu zuten lurraldetik kanpo ateratzen zen mena kontrolatzeko. Francisco Sarmiento Astorgako apezpikuak Bizkaiko Epaile Aretoa Gaztelako erakunde arruntean sartu nahi izan zuen 1575. urtean eta, horretarako, eskaera zuzendu zion erregeari. Batzar Nagusiek Thomas Goikooleatar eskribau zintzo eta trebea hautatu zuten proposamenaren kontra egin zezan. Soldatatzat 40.000 marai ordainduko zioten urteko. Ezaguna, Bizkaian Arestian esan dugun legez, Thomasek Portugalete, Galindo eta Muskizko portuetatik Gipuzkoara eramaten zen mena kontrolatzen zuen. Baina 1576. urtean, minerala kontrolatzeko, Gipuzkoako Batzarrari eskaera egin zioten bertan beste komisario bat jarri zezaten. 1579. urtean Thomas bere kargutik kentzea erabaki zuten, oso karu irteten zitzaiela argudiatuta. Ikusten denez, Goikooleatar hau nahiko ezaguna izan zen Bizkaian, batez ere Foru Aldundiko karguetan egon izanagatik. Foru-legedia ere ondo ezagutzen zuen, eta Sancho el Sabio Fundazioak interneten eskuragai jarri duen Diferencia entre hidalgos y pecheros del Señorio de Bizcaia, explicola Thomas de Goycoolea historia liburua idatzi zuen. Carmelo de Echegarai idazleak lagun bati aipatu zion Thomas hau Lekeitioko zalduna zela, baina ikerketa egin ondoren jakin izan dugu Lekeition, garai hartan, ez zegoela Goikoolea etxeko pertsonaiarik. Larrabetzun, ostera, bai; eta, gainera, aditua zen aipatutako gaietan. Thomas nahiko zaharra zela eraman zuten espetxera, Larrabetzun egin zen auzi batean azaldu zuen jarreragatik. Bere biloba Thomas Gerra eta Goikooleatarra izan zen eta hau ere eskribau ospetsua izan zen Larrabetzun. Argazkian agertzen den etxea: Thomas Goikooleatarrak egindako jauregia ei da, XX. mendearen erdialderantz berreraiki zutena. Besteak beste, Goikoolea, Zandoika eta Uribarri abizenetakoak izan ziren horren ugazabak. Etxean zurezko armarria egon zen, baina bertan Zandoika eta Kintanaren leinuko ikurrak agertzen ziren gehienbat. Historiagile batzuek etxea Zubieta leinukoa zela esaten dute. Baina erratuta daude, XVI. mendeko agirietan ikus daitekeenez etxea Goikooleatarrek egindakoa delako.