Maiatzaren 16an Bizkaiko Dantzarien Eguna egingo da Sondikan. Ekitaldian Lurralde osotik etorritako 3.500 dantzari batuko dira, eta horreei senideak eta ikusleak gehitu beharko jakez. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, jentetza handia bilduko da herriko futbol-zelaiaren inguruan. Egun osoan zehar, euskal dantzak eta folklorea nagusi izango dira Sondikako kaleetan.
Hau ez da lehenengo aldia Bizkaiko Dantzarien Eguna Sondikan egiten dana. Horrela, bada, orain dala 11 urte be bertan izan zan. Ekitaldia Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak antolatzen dau, eta handik azaldu deuskuen bezala, 1999. urteko edizino hatan, guztietan bezala, parte-hartzea oso handia izan zan. Sondikoztarrek erantzun ezin hobea emon eben eta Bizkaiko dantzari gehienek be ez eben huts egin. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak Sondikan izan ziran. Ganera, edizino berezia izan zan Emeterio Llonari merezitako omenaldia egin eutsielako. Emeterio Gorantzaileak Sondikako dantza taldearen sortzailetarikoa izan zan. Oso behar handia egin dau talde eta euskal dantzen alde 44 urtean
Antolatzaileek ez dabe zalantzarik aurtengo edizinoa orain dala 11 urtekoa moduan arrakastatsua izango dala esateko orduan; edo arrakastatsuagoa be. “Sondika herri txikia da beste batzuen aldean, baina bertako dantzariek ez eze herritar guztiek be ardura handia hartzen dabe ekitaldian. Eta hori oso gauza inportantea da; kontuan hartzekoaâ€.
Bizkaiko Dantzarien Eguna 30. aldiz ospatuko da aurton. Bizkaiko dantzarien jaialdi erraldoia da; gehienek gogo biziz itxaroten daben hitzordua. “Motibazino handiko eguna da. Goizean dantzen agerraldia da eta dantzariok esfortzu nabaria egin beharko dogu; baina jaialdiak beste ñabardura bat hartzen dau arratsaldean. Bazkaldu ostean, erromeria inguruan batzen gara eta dibertimenturako momentua eukiten dogu: lagunak agurtzeko, lagun barriak egiteko, dantzarako... Jaian dantzarien hiru belaunaldik hartzen dogu parte eta poztekoa daâ€.
Dantzariak jai-giroan batzea, eurei zuzendutako jai nagusia izatea, ekitaldiaren helburuenetarikoa da. Baina, zelan ez, euskal dantzek eta folkloreak be oso protagonismo handia dabe egun osoan zehar. “Urteetan ahalegin garrantzitsua egin da Bizkaiko ohiko dantzak batzen eta gure ondarea osatzen. Ahalegin hori ezagutzera emon behar da, eta gure dantzak eta folklorea oso aberatsak dirala erakutsi. Ekitaldia eszenatoki egokia da horretarakoâ€.
Momenturik onenetarikoan
Gauzak asko aldatu dira Dantzarien Egunaren lehenengo edizinoa ospatu zanetik hona. Halan, ekitaldia denporaren poderioz joan da indartuz, eta gaur egun guztiz sendotuta dago gure artean. Baina ez da egun batetik bestera egiten dan ekimena, eta aurtengo edizinoa zehaztuta badago, dagoaneko buruan dabe datorren urtekoa. “Jaialdia antolatzea erraza dala ez dogu esango, baina egia da gauza gitxi aldatzen dirala urterik urte, eta hori oso lagungarria da. Dinamika baten sartu gara eta bakotxak badaki zein dan bere eginkizuna: bai dantzariek, bai antolatzaileokâ€.
Dantzariek urteetan ikasitako dantzak agertuko dabez jente-aurrean. Biltzarretik adierazo daben legez, ekitaldian dantzatzen diran piezak gero eta zuzentasun handiagoz egiten dira eta errepertorio minimo bat eukitea lortu da, oso sendoa dana.
Sondikako futbol-zelaian 75 dantza talde, 3.500 dantzari eta milaka lagun bilduko dira; senideak eta ikusleak azken horreen artean. Indarrean dagozan segurtasun-neurriak zorrotzak dira eta ekitaldia eta futbol-zelaiko azpiegiturea horreetara egokitu beharko da. Berdegunean, aldi berean dantzari gehien biltzen diran momentua gaztetxoen ekitaldian izango da: 1.200 dantzari inguru.
Azken urteotan euskal dantzen mundua gainbehera doan ustea zabaldu da hemen eta han. Dantzarien Biltzarreko ordezkariak ez datoz bat adierazpen horregaz; are gehiago, euskal dantzak eta folklorea momentu onenetarikoan dagozala uste dabe. Alde batetik, 75 talde eta 6.000 dantzari inguru dagoz Bizkaian; eta bestetik, dantzariek egiten dabezan dantzek gero eta kalidade handiagoa dabe. “Tradizinozko dantza taldeek zutunik irauten dabe, beharra urtero-urtero aurrera ateraten, eta guk “urbanoak†deitzen deutsegunek be ahalegin handia egiten dabe gure ohiturak eta tradizinoak zaintzenâ€. Dantzen agerraldietaraino hurbiltzen dan ikusle kopurua be oso adierazgarria da, euren eretxiz, eta Foru Aldunditik jasoten daben babesa eta laguntzea estimagarria da. “Gertatzen dana hau da: orain dala 30 urte mendi taldeak, abesbatzak eta dantza taldeok baino ez gengozan eta gaur egun beste jarduera mueta batzuk be badagoz. Dana dala, lehen aitatutako dantzari-kopurua eta aurretik dantza-taldeetatik pasau dan dantzari-kopurua kontuan hartzen badoguz, Bizkaiko biztanleriaren portzentaje garrantzitsu bat dantzaria izan dala esan geinkeâ€.
Zaletasun handia, Txorierrin
Euskal dantzek eta folkloreak, jente artean, atxinako ikusmina sortzen jarraitzen dabe eta urterik urte lagun asko hurbiltzen da Dantzari Eguneko ekitaldi nagusiraino. Gure zati bat diralako, ziur asko. Ikusmina askoz handiagoa izan ohi da herri eta eskualde txikietan, eta Sondikan, eta Txorierrin oro har, dantzen agerraldiek sortzen daben jai-giroa horren adierazlea da. “Txorierrin oso zaletasun handia dago euskal dantzetarako. Larrabetzun izan ezik, gainontzeko herri guztietan dantza taldea dago, eta horreetako batzuek urteak daroez beharrean. Geure ohiturak eta folkloreak mantentzen eta horreek gazteei erakusten. Euren beharra eskertzekoa da; oso garrantzitsua, benetanâ€. Horren haritik, eta Txorierriko berezko dantzarik egon ez arren, Euskal Herriko eta Bizkaiko ohiko dantza batzuek beste batzuek baino eragin handiagoa izan dabe gurean. Dantzon artean, Txakolin dantzea, Jotea, Arin-arina eta Soka dantzea aitatu daitekez, esate baterako.
Datozan egunotan, dantza taldeak buru-belarri ibiliko dira ekitaldi aurreko entseguetan, eta antolatzaileek be azken ikutuak emongo dabez Bizkaiko Dantzarien Eguna gura dan moduan atera daiten. Ikuskizunaren atzean, itzelezko beharra dagoalako, askotan garrantzi gitxi emoten jakona. Bizkaiko Dantzarien Biltzarretik argi dabe Dantzarien Eguna gehien bat eurentzako eguna dala, eta ahaleginak egingo dabez, dantzari guztiek halan sentidu daitezan. “Eguraldia be lagun izatea espero dogu, eta aurreko edizinoetan legez, oso giro atsegina egon daiten. Egun handia izatea gura dogu, ekitaldia urtero antolatzeak ez dauelako esan gura guretzat garrantzia galdu dauanik. Guztiz kontrakoa, denporak aurrera egin ahala gero eta garrantzitsuagoa daâ€.
Maiatzaren 16an, domekan, hitzordua dogu euskal folklore, dantza eta ohiturakaz. Non eta Sondikan, Txorierrin.
Maiatzaren 16an, domekea
Azokea, Txorierri etorbidean (Loroño tabernaren aurrean): materiala eta erropea.
10:45: Kalejirea.
11:00-14:00: Puzgarriak, Larrabarrena parkeko kirol-gunean.
11:00-14:00: Txosnak, Larrabarrena parkeko kirol-gunean.
11:30: Dantzen agerraldia, futbol-zelaian.
Dantzari dantzea: Agintariena, Zortzinangoa, Ezpata joko txikia, Banangoa, Binangoa, Ezpata joko nagusia, Launangoa, Makil jokoa eta Txotxongiloa.
Gipuzkoako dantzak: Agurra, Makil txiki eta Zinta dantzea.
Dantzari ertainak: Aintzina pika, Ostalersak eta Olagueko esku dantzea.
Eltziegoko dantzak: Correcalles, La danza, Cuatro calles, Arbol eta Jota.
Gorulariak: Domingiloa eta Arku dantzea.
Dantzari txikiak: Txulalai, Zapatain dantzea, Esku dantzea eta Bizkar dantzea edo Xan Petrike dantzea.
Kaixarranka.
Larrain dantzea.
14:00-20:00: Puzgarriak, Ikurrinaren enparantzan.
15:00: Bazkaria, frontoian.
17:00: Erromeria, Luhartz taldearen eskutik. Tren-geltokiaren aparkalekuan.
Gorantzaileak dantza taldea
“Nerbioak dantzan izateko eguna da, baina disfrutetako be baiâ€
Gorantzaileak Sondikako dantza taldekoak gogo handiz dabilz Bizkaiko Dantzarien Egunaren aurreko ikutuak emoten. Izan be, ekitaldi nagusian egingo dabezan dantzak behin eta berriro entseatzeaz ganera, hari guztiak ondo lotuta euki behar dabez, eguna ahalik eta ondoen atera daiten. Emeterio, Izaskun, Joseba, Oiane eta Edu entsegu baten harrapatu doguz.
Dantzari Eguna ilusino handiz zabilze prestaten, baina, egia esan, apur bat ustekabean be harrapau zaitue...
Bai, berton datorren urtean egiteko asmoa genduan, baina arazotxu bat egon da hasiera baten ospatzekoa zen herrian, eta akabuan Sondikan egitea erabagi da.
Halanda be, arazorik ez dozue eukiko dana antolatzeko, ezta?
Ez! Espero genduan bezala, oso erantzun ona jaso dogu herritarrengandik eta asko izan dira gugana hurbildu diranak laguntzea eskainiz: bai taldeko dantzariakaz harremana dabenak, bai gainontzeko sondikoztarrak. Eta guztion artean oso lantalde polita osatu dogu, egun horretan izango doguzan ardurei heldu ahal izateko. Sondikan fisikoki egingo dan arren, Bizkaiko Dantzarien Eguna Txorierri eskualdean izango da aurton, eta gainontzeko taldeek be euren laguntzea eskini deuskue. Baina uste dogu, printzipioz, ondo moldatuko garala herritarren laguntzeagaz.
Zeintzuk izango dira egun horretako ardurak?
Asko! Trafikoa antolatu, autobusak eta autoak eurentzat prestatutako aparkalekuetara zuzendu, jenteari argibideak emon, umeentzako jokoak-eta atondu, kalejiraren ibilpidea antolatu, gertatu daitekezan ezustekoei erantzuna emoteko prest egon...
Laburbilduz, zentzumenak hainbat lekutan izan.
Ahaleginak merezi dau. Dana amaitu eta ondo atera dala ohartzen zaranean, beste ikuspegi batetik ikusten da.
Zer da eguna disfruteteko, ala nerbioak dantzan izateko?
Bakotxaren arabera. Izaskun oso urduri ibiliko da, ziur asko. Baina bera beti dabil urduri... bardin deutso zein ekitaldi dan (kar, kar). Gazteok primeran pasauko dogu, ziur asko.
Izaskun: Laguntzen ibiliko dan jentea badakit oso arduratsua dala, baina dana ondo ateratea gura dozu... Nik benetan ondo pasau, erromerian egingo dot.
Zelan gogoratzen dozue orain dala 11 urteko Dantzarien Eguna?
Oso egun ederra izan zan. Jentetza handia batu zan Sondikan eta herriko dantzariek ez eze sondikoztar guztiek be hartu eben parte ekitaldian. Ganera, oso hunkigarria izan zan Emeteriori, aitari, omenaldia egin jakolako. Goraintzaleak dantza taldea orain dala 44 urte sortu zan, eta bera taldearen alde erne eta tinko egon da beti.
Arrakastatsua izango da aurtengo edizinoa?
Halan espero dogu. Guztion laguntzari esker ondo aterako dala ziur gagoz. Dantzarien Egunean jente asko batzen da normalean, eta aurton be, Sondikan, horrela izatea espero dogu. Horretarako gaitasuna badogu, behintzat.
Zergaitik da hain arrakastatsua, zuen ustez, Dantzarien Eguna?
Benetan ikusgarria dalako. Ohiko dantzen agerraldietara joaten danean, nahiz eta horreek be ederrak izan, ez da gauza bera plazan hiruzpalau talde aritzen diralako. Dantzarien Egunean, barriz, futbol-zelaia ikurrinaz, dantzariz... beteten da, guztiak aldi berean dantzatzen dirala... Oso ikusgarria eta hunkigarria da.
Gai nagusia