Teknologia berriek gizartearen ohiturak aldarazten dituzte. Gaur egun, normala da gizakion arteko harremanak Interneten bidez lantzea. Horregatik, gero eta garrantzi handiagoa hartzen doaz gizarte-sareak. Nork bere kontuak hedatzeko grina eta interaktibitatea dira sare horien gakoak. Gizarte-sare horietako bat Twitter da. Microblogging tresna horrek testu soileko mezuak bidaltzeko aukera ematen du. Mezuak laburrak izan behar dira eta guztira, 140 karaktere baino ezin da idatzi. Testuak SMS, bat-bateko mezularitza, Twitterren webgune edo Twitterrific bezalako aplikazioen bidez bidaltzen dira.
Zenbait erabilera eman ahal diogu Twitterri: albisteak irakurtzeko, lana topatzeko edo eskaintzak bilatzeko, banaka batzuk esatearren. Baina batez ere une-uneko pentsamenduak edo sentsazioak adierazteko erabiltzen dute Twitterren zaleek. Txat erraldoia bezalakoa da Twitter, baina hainbat abantaila dakartza: erabiltzaileak nahi duenean sarera sartu eta mezuei erantzun ahal die, doaneko mezuak jasotzeko aukera dago sakelako telefonoan....
Twitterren erabiltzaileen %11 nerabeak badira ere, gehienak nagusiak dira. Izan ere, hasiera batean, batez ere helduak ibiltzen diren atarietan (negozio mailakoak, besteak beste) zabaldu zen zerbitzua. Dena dela, gaur egun hazkunde itzela izan du Twitterrek hainbat lagun famatuk berarekin bat egin dutelako. Horien artean Shaquille O´Neal saskibaloi jokalaria, Britney Spears kantaria edo Ashton Kutcher aktorea dira aipatzekoak. Twitterren erabiltzaile ospetsuei “twitterati†esaten zaie.
Batzuek zalantzan jartzen dute Twitterra baliogarria den ala ez. Hala ere, zerbitzuak gero eta jarraitzaile gehiago du eta microblogging arloan erabilgarrienetarikoa da. Zenbait erabiltzailek erakunde txiki batzuk sortu dituzte Twitterren inguruan. Adibidez, Valentzian Horchata and Twitts izeneko ekimena antolatzen dute urrian. Buenos Airesen, Guadalajaran edo Cordoban ere biltzen dira Twitterren zaleak. Elkar ezagutu, iritziak elkartrukatu eta zerbitzua beraren erabilera zabaldu egiten dute jarraitzaileek bileretan. Bartzelonan Cava&Twitts ekimena egiten dute, eta azken bilerara 200 lagun hurbildu ziren.
Ekintzaileen proiektua
Twitter proiektua Estatu Batuetako enpresa ekintzaile batek jarri zuen martxan 2006ko martxoan. Hasiera batean, enpresako langileek besterik ez zuten erabiltzen, baina urrirako merkaturatu egin zen. 2008an 18 lagunek egiten zuten lan enpresan, baina gaur egun 40 baino gehiago dira. Eta langile-kopurua etengabe hazten doa. Jack Dorsey da enpresaren burua gaur egun.