GPSa perretxikotan ere bada erabilgarria

Aikor aldizkaria 2010ko mai. 24a, 14:08

Testua: Xabier Díaz, BTEK-eko zuzendaria

Badaude gauzak berehala ohiko bihurtzen direnak. Gure artean hain erraz integratzen dira, ezen betikotzat jotzen baitugu, nahiz eta horiek berri-berriak izan. Eta miresgarriak izatetik egunerokoak izatera gu konturatu barik pasatzen dira. Ez naiz eramangarriez ari; eramangarriok aspaldikoak dira herri-kulturan. Mortadelo eta Filemonen edo Maxwell Smarten “zapatofonoak” aspalditik ditugu ikusita, eta horrek asko lagundu du “benetakoen” zabalkuntzan. Ez, GPSaz ari naiz: Global Positioning Sistem edo Kokapen Sistema Globalari buruz. Sistema hau AEBetako Defentsa Sailak sortu zuen 1973. urtean, eta hasiera batean erabilpen militarretara baino ez zen zuzendu. Sistema oso kalitate handiko seinaleetan oinarritzen zen, eta Clintonek seinaleek sortzen zuten zarata kentzea erabaki zuen 2000. urtean. Ondorioz, seinaleen zehaztasuna 300 metrokoa izatetik 20 metrokoa izatera pasatu zen, gaur egun hain arruntak diren erabilpenak ahalbidetuz. Oso sistema sinplea da. Lurraren inguruan 24-32 satelite daude bueltaka, eta satelite bakoitzak seinale bat bidaltzen du, momentu guztietan hura non dagoen eta zer ordu den adierazten duena. Autoetan-eta dugun aparatuak sateliteak agindutako seinalea jaso eta bere erlojuarekin alderatu egiten du. Hori egin ostean, badaki zenbat denbora pasatu den sateliteak seinalea agindu duenetik berak jaso duen arte. Denbora-tartea eta argiaren abiadura ezagutuz, satelite hori zein distantziatara dagoen badakigu. Eta beste satelite bi zein distantziatara dauden kalkulatuz gero, badugu gure kokapena. Baina hori oinarrizkoa baino ez da. Benetako kalkuluak egiteko, erlatibitatearen teoria ere hartu behar dugu kontuan, baita seinaleak hobetzeko hirietan jartzen diren igarle finkoak ere. Era berean, tresnen erlojuak oso zehatzak izan behar dira, argiaren abiadura hain handia izanda, denbora-tartean akats txiki bat egoteak kokapenean akats handia egotea dakarrelako. Aplikazioak mila dira: bidaiak, mendi ibilaldiak, lanerako... Eta edonoren esku daude; hori bai teknologia! Eta punta-puntako erabilera ere badu: perretxikoak non irteten diren gordetzeko! Akabo gurasoengandik seme-alabengana pasatzen ziren leku sekretu horien transmisioa :-(.