Gontzal Mendibil, musikaria: “Sormen-arazorik ez daukat”

Aikor aldizkaria 2010ko mai. 24a, 14:42
Testua eta argazkia: Gaizka Eguskiza
Herriko jaiak aukera parebakoa dira betiko euskal kantariak zuzenean ikusteko. Gontzal Mendibil (Zeanuri, 1956) horreetako bat da, eta “Kanta herriari” ekimena eskini eutsien Zamudioko herritarrei Niko Etxart eta Txomin Artolagaz batera. Zer da “Kanta herriari” ekimena? Aspaldiko kantariok batu gara eta, horren bidez, aspaldiko kontzertuak berbiztu gura izan doguz. Eskaintzen doguzan kantak be aspaldikoak dira, baita ezagunak be. Horregaitik, parte hartzeko gonbidapena luzatzen deutsagu jenteari. Eta holan egin dogu Zamudion. Txomin hasieran aritu zan, gero Niko eta gero ni neu; eta azkenean danok batera. Kontzertu honetan beste gauza berezi bat dago, arrastiko 7etan izan dala. Ni kantetan hasi nintzanean arrastiz egiten ziran kontzertuak; gaur egun, ostera, gauez egiten dira. Nire ustez, giro politagoa eta familiarragoa sortzen da arrastian. Zelan sortu zan proiektua? Orain dala urte eta erdi hainbat kantari bildu ginan Gu gira diskoa argitaratzeko. Eta batzuk birea be egin genduan: besteak beste, Donostia, Iruña, Gasteiz, Bilbo, Arrigorriaga edo Hondarribitik ibili ginan. Arrakastatsua izan zan eta, horren haritik, Zamudion be egin dogu kontzertua. Hamahiru disko eta 35 urte musikagintzan. Zer daukazu oraindino egiteko? Banago bizirik, eta bizi nazen bitartean, gauzak egin gura dodaz, gauza hobeak, posiblea bada. Nik sormen-arazorik ez daukat. Halanda be, musikearen egoera ez da bape ona gaur egun: aurrekontu publikoek nabarmen egin dabe behera, industria musikala pikutara joan da, oso gatxa da diskoak saltzea zein kontzertuak eskaintzea.... Ildo horreri jarraituz, euskal musikearen industria batu egin da eta alkartea sortu dabe... Bai, askotan nire kabuz ibili arren, ni be banaz horren kidea. Musika arloan, gorabehera guztiak ezagutu eta bizi izan dodaz: 1970. hamarkadan 2.000 lagun etorten ziran gure kontzertuetara, eta horreek oso gitxi zirala esaten genduan. Begiratu zer dan hori gaur egun! Geroago, behera egin eban, eta gero barriro be gora. Gaur egun musikaren industria aldatu egin da, eta guk imajinazinoa landu behar dogu jentea erakarteko. Diru-laguntzak ondo dagoz, baina ez dabe ezer konpontzen musikariok produktu erakargarriak egiteko gauza ez bagara. Eta egia da hedabideek ez dabela gehiegi laguntzen. Gure herrian, kulturea apur bat baztertuta dago. Campos Bilboko antzokiaren zuzendariak esan eustan euskeraz egiten diran ikuskizunetara askoz jente gitxiago joaten dala. Oso tristea da, baina gure kulturea salbau egin behar dogu, eta hori eskatu behar deutsegu agintariei. Lehen, herrietako jaietara ez ziran kanpoko abeslariak ekarten, eta orain normaltzat hartzen dogu, esaterako, Raimundo Amadorrek Areatzan kontzertua emotea. Andaluzian bertako musikea eta kulturea guk geurea baino askoz gehiago bultzatzen dabe. Hemen kulturea eta kultur mobimentua dagoz arriskuan. Eta ez beteranoen lana, kantari barriena baino. Izan be, gaur egun oso kantari barri gitxi ateraten dira, laguntzarik ez dagoalako. Horregaitik, erderaz hasten dira kantetan. Azken diskoa 2007an atera zenduan. Zertan zabilz lanean gaur egun? Bi proiektu dodaz buruan. Bata aurton aurkeztea espero dot: ni arratiarra naz, Gorbeiapean jaiotakoa. Hainbat herri-kanta dagoz bertan, eta horreetako 16-18 abestiz osatutako bilduma txikia atera gura dot Durangoko Azokarako. Orain arte folk ikutua emon izan jake herri-kantei, baina nik beste ikuspuntu batetik landuko dodaz, biziago, alaiago. Beste egitasmoari jagokonez, kanta barriez osatutako disko bat datorren urtean plazaratzea dot helburu. Batez be, sortzailea Bere burua “sortzailetzat” hartzen dau, eta jenteak kantaria izateagaitik ezagutzen dau Gontzal Mendibil, baina zeanurikoak gauza asko egin dauz: produktore, idazle, enpresari.... “Euskal Herria txikia da eta ni ez naz ez Bruce Springsteen, ez Julio Iglesias. Berton musikatik bizitzea gatxa da”. Horregaitik, 1992an Keinu silua eratu eban eta bertan bere lanak produziduteko aukera euki dau, batez be. Geroago, konturatu zan industria musikala pikutara joango zala, eta telebista-saioak ekoizten hasi zan. Famaduena “La botica de la abuela” izan zan. Saioa orain dala 12 urte jarri zan martxan TVEn, eta saio pilotuak Larrabetzuko andra batek, Josefinak, aurkeztu ebazan. Geroago, Txumari Alfaro eta arrakastea etorri ziran. Ameriketan be ikusi dabe programea. “Gaur egun, “La botica” saio txikia igorten dau Cuatro kateak, eta etorkizunari begira, barriro egiteko asmoa dogu, baina itxuraz erabat aldatuta”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).