Mikel Artetxe Txirrindulari Zaleak: “Afizionau m

Aikor aldizkaria 2010ko mai. 24a, 15:33

Argazkiak: Mikel Artetxe Txirrindulari Zaleak

Larrabetzuko Txirrindularitza Alkartea orain dala 13 urte eratu zan. Harrezkero, ahalegin handia egin dabe herritarren artean kirol hau bultzatzen. Eneko Oñarteetxebarria alkarteko presidentea da eta berbetan egon gara beragaz. Zergaitik Mikel Artetxe izenagaz? Bizikletaz ibiltea gogokoa eban herritar taldeak sortu eban alkartea. Mikel be tartean zan. Garai hatan, afizionau mailan hasi zan gailentzen, eta alkarteak bere izena eroatea pentsau eban. Zenbat kide zarie? Hasikeran, hogei lagun inguruk osotu eben taldea, baina sei kide gara orain, eta ez dogu bazkiderik. Uste dan baino korapilatsuagoa da taldea aurrera eroatea, ekitaldiak antolatzea... Behar gogorra da, ahalegin handia eskatzen dauena, eta mundu guztia ez dago prest. Bizikletea ahal daben guztietan hartzen dabenetakoak zarie? Ez. Gutariko bi —Mikel eta Xabier bere anaia— txirrindulariak dira, baina besteok kirola ikusi gurago dabenetakoak gara... Halanda be, bizikletea hartu noizean behin bai egiten dogula! Zein da zuen eginkizuna? Txirrindularitzarako zaletasuna larrabetzuarren artean bultzatzea. Horretarako, “Jesus Loroño” Saria antolatzen dogu; San Bartolome igoera, herriko jaietan; eta Barrenetxera igoera, Emeterietan. Igaz, hamar urte bete ziran “Jesus Loroño” Saria antolatzen hasi zanetik, eta jaialdi polita egin genduan urteurrenaren haritik: lasterketea, herri bazkaria eta kontzertua. Eta igaz be Bizkaiko Biraren antolaketan ibili ginan laguntzaile. Beste alde batetik, ahal dogun herriko ekitaldi guztietan hartzen dogu parte. Zelango harrerea egiten deutsie larrabetzuarrek alkarteari? Oso ona. Laguntzeko prest azaltzen dira beti, musu-truk, eta gu oso pozik gara euren jarrereagaz. Lasterketak antolatzeko orduan, borondatezko beharraz ganera dirulaguntzak be badira beharrezkoak. Eta horreek herriko dendari eta tabernarien ahaleginari esker lortzen doguz. Udalak be dirulaguntza bat emoten deusku eta enpresa batzuek dirua ipinten dabe lasterketarako. Baina esan behar da dirua ozta-ozta probak antolatzeko ateraten dala... Dirurik eza da, beraz, kirol honek dauen oztoporik handiena... Bai. Foru Aldundiak, esate baterako, dirutza handia emoten deutso Euskaltel-Euskadi taldeari, baina ahaztu egiten da zaletu mailan ibilten garonakaz. Eta geu be zaindu beharko gindukiez, gu barik ez litzateke profesionalik egongo. “Jesus Loroño” Saria antolatzen gabilzan hamaika urtean, Aldundiak behin baino ez deusku dirulaguntzarik emon; eta hori, nazinoarteko taldeak etorri ziralako. Osterantzean, gero eta traba gehiago ipinten ditue urterik urte. Pena da, dirurik ezagaitik lasterketa asko antolatzeari itxi jakolako. Izan be, zaletasunik eza ezin da atxakiatzat erabili... Txirrindularitzea Euskal Herrian zale asko mugiten dauen kirola da, profesional zein afizionau mailan. Berton dogun zaletasuna beste leku batzuetan ez da egongo, ziur asko. Tourra horren adibidea da: euskaldunok Pirinioak hartzen doguz asteburuetan. Seguros Bilbao txirrindularien taldea zuen alkarteari dago lotuta, zergaitik? Xabier gure kidea izateaz ganera, talde horren zuzendari nagusia be bada. Txirrindulari taldeek alkarte bati lotuta egon behar dabe eta gurean sartzea adostu genduan. Talde ona da eta urtero profesionaletara igoten da hango korrikalari pare bat. Orain dala gitxi, adibidez, Espainiako Kopa irabazi dabe. ““Loroño” Saria irabazten dauenak profesionaletara igoten da” “Jesus Loroño” Saria orain dala hamaika urte hasi zan egiten. Larrabetzun hiru txirrindulari profesional egon dira: Jesus Loroño, Benigno Aspuru eta Mikel Artetxe; eta Udalak horreetako baten omenez lasterketa bat egitea proponidu eban. “Jesus txirrindularirik garrantzitsuenetariko bat izan da eta bere oroimenez egitea erabagi genduan”. Denporearen poderioz, lasterketea oso hitzordu garrantzitsua bihurtu da txirrindulari afizionauen egutegian. Bataz beste, Euskal Herritik etorritako hogei taldek hartzen dabe parte han; 200 txirrindulari inguru. Eta inoz kanpoko txirrindulariak be etorri dira Larrabetzuraino. Ganera, lasterketeak beste erakargarritasun bat dau: puntuagarria dala Sub23 sarirako. “Proba gogorra da, baina oihartzun handikoa, ha irabazten dauena profesionaletara igoten dan ustea zabaldu dalako. Adibideak badagoz: Alberto Contador, Beñat Intxausti, Igor Antón...” Lasterketea abuztuaren 28an izango da aurton, Goikoelexaldeko jaien barruan. “Lehen txirrindularitzako egutegiaren bigarren hitzordua zan, baina abuztuaren amaieran egiteko eskatu dogu. Halan, txirrindulariek aurretik kilometro gehiago ditue eginda, sasoi hobean dabilz eta, ondorioz, ikusgarriagoa da lasterketea”. Dagoaneko, behar gogorrenagaz hasi dira taldekideak: instituzinoakaz hartu-emonetan ipintea, dirulaguntza eske ibiltea enpresarik enpresa... Baina ahalegina merezi dau, lasterketarena egun berezia dalako Larrabetzun. “Ehun herritar inguru ibilten dira antolatze beharretan, eta lagun asko eta asko be batzen dira proba ikusten”.