Ortzi Garitano, bertsolaria: “Helduago, trankila

Aikor aldizkaria 2010ko mai. 24a, 15:54

Maiatzaren 22an, Uribe Butroeko Bertsolarien Txapelketaren finala izan zan Derioko Gurea aretoan. Finalean, Ortzi Garitanok hartu eban parte. Sei urte emon doguz bertsolari derioztarra taula ganean ikusi barik, baina merezi izan dau itxaroteak. Gazteak txapela eroan ez arren, oso saio dotore eta polita egin ebalako. Hirugarren lotu zara. Zelan ikusi dozu zeure burua finalean? Oso pozik nago egindako lanagaz. Seguru ibili naz, eta saioak ondo urten dauela esango neuke. Parte-hartze hutsak merezi izan dau, sendo ikusi dodalako neure burua. Sei urte pasau dira ezer egin barik, eta adorea emon deust ikusteak oraindino ez dodazala galdu gaitasun batzuk. Ez dakit Bizkaiko Txapelketara joateko aukerarik eukiko dodan, baina oraingo honetan ondo ikusi dot neure burua. Hori ekain aldean jakingo da. Txapelketara pasau ezkero, ahalegin berezia egin beharko dozu, ezta? Bai, baina udea dago tartean, eta badogu denporea ondo prestetako. Eskualdeetako txapelketak hurbilagoak dira. Saioak bazkari edo afari inguruan egiten dira eta han lagunak dozuz. Bizkaiko Txapelketea, ostera, beste gauza bat da. Maila altuagoa da eta bertsolariek gehiago eskatzen deutsie euren buruari, fuerteago ibili behar dalako. Txapelketa horrek badau beste ñabardura bat. Uribe Butroeko finala Derion, etxean, egin da. Berezia izan da zuretzat? Berezia baino gehiago, oso polita. Aretoa zalez beteta egon da, eta lagunak hurbildu dira bertaraino; baita Derioko euskaltzale eta bertsozaleak be. Errezagoa izan da bertan abestea. Saio polita egin dodala uste dot. Txapela Mikel Goirienak eroan dau, merezita? Oso merezita, Mikel gailendu zalako bai Derion, bai Larrabetzuko saioan. Zure ibilipearen ganean arituko gara. Futbolarien familiatik datorren bertsolaria zara, aurkakoa egin behar? Ez, ez. Ni ere futbolean saiatu nintzan garai baten, baina danok ez gara heltzen gorenera; oso zaila da. Etxean bertsozaletasun handia egon da betidanik, eta niri egokitu jatan bertsolaritza hartu eta aurrera egitea. Bertsolaritzagaz lehenengo harremana etxean izan zenduan, beraz. Hamar urte nituala Hitzetik hortzera saioa hasi zen telebistan, eta guk hori ikusten genduan. Bertsolaritzarako grina anaiek sorrarazo eusten, eta eskolan be hasi nintzan mundu honetan murgiltzen. Institutuan Lopategi izan genduan bertsolaritza irakasle, eta bere eskutik harremanetan jarri ginan hainbat bertso eskolagaz. Zerk erakarri zinduzan bertsolaritzatik? Familia euskaltzalea da nirea, eta musikea pilo bat gustaten jat. Bertsolaritzak badau hiru arlo honeen zati bat: ahozko literaturea, musikea eta euskaltzaletasuna. Horreen arteko nahasketagaitik zaletu nintzan. Zelango bertsolaria zarala esango zeunke? Bertsolari arrunta naz. Agresibitate-puntua dot batzuetan; eta beste batzuetan, bertsoa ahalik eta zuzenen egiten ahalegintzen naz. Orain dala sei urte etena egin zenduan zure ibilbidean, zergaitik? Bizkaiko Bertsolarien Txapelketan 18 urte nituala hasi nintzan parte hartzen, eta zirkuituan 24 urte bete arte egon nintzan. Atsedena hartzea beharragaitik erabagi neban, eta erabat konbentziduta be ez nengoalako. Baina Gabonetan bertso saioa antolatu zan institutuan eta Etxahun Lekuek deitu eustan bertan parte hartzeko. Eta hemen nago ostera be. Eta zelan sentiduten zara? Askoz helduago; trankilago, badakidalako ez dodala ezer galtzeko; eta oso gogotsu. Gabonetan taulara berriro igon eta Eskualdeetako Txapelketan parte hartzera animau zinan... Hasieran ez neban txapelketan ibiltzeko asmorik, baina Etxahunegaz eta Asier Legarretagaz berba egin neban eta gure eskualdeko txapelketara aspaldiko jentea joango zala esan eusten. Animau nintzan. Ganera, halan, gazteago diranak be babesten genduzan. Aurreko martxa berriro hartu behar, zelan prestau dozu zeure burua? Urtarriletik hona 6-8 lagun batu gara astelehenero Larrabetzuko Bertso Eskolan. Eskolak 25 urte bete dauz aurton, eta urte honeetan zehar bere beharra ezinbestekoa izan dala uste dot. Bestetik, ahal dodan guztietan ahalegintzen naz errimak lantzen eta neure burua prestaten. Errepidean edozer gauza ikusi eta horri be egiten deutsat bertsoa... Burua bueltaka dabilkit egun osoan zehar eta inspirazino-iturria edonon topaten dot. Sei urte pasau dira txapelketa baten azkeneko aldiz aritu zinenetik. Asko aldatu dira gauzak? Bai, gazteek beste ikuspuntu bat dabe abesteko orduan. Ez dakit nik orain beste nasaitasun bat dodan, baina gazteak gero eta ausartagoak dirala pentsaten dot. Gero eta argiago dabez gauzak eta gero eta segurtasun handiagoagaz kantaten dabe. Eskertzekoa da, eurakaz taulara igoten zaranean, beste segurtasun bat emoten deutsuelako; beste poztasun bat. Oso arpegi gazteak ikusi dira bertsolarien artean. Bai, Asierregaz batera gure eskualdeko txapelketan parte hartu dabenen zaharrenetariko bat nazala uste dot. Finalaurrekoetan bizpahiru gazte ibili dira, oso maila altua dabenak, baina punturik batu ezin izan dabenak, oraindino gaztegiak diralako txapelketan parte hartzeko. Lehen, bertsolariak zuzenean joaten zinien Bizkaiko Txapelketara, eta orain, barriz, Eskualdeetako Txapelketan hautaketa-edo egiten da. Horrek badau abantailarik? Bai, edozein bertsolarik bere maila jente-aurrean erakusteko aukerea daualako. Ni 1998. urtean, 18 urtegaz, zuzenean pasau nintzan Bizkaiko Txapelketara; inongo eskualdeetako saiorik egin barik. Eta nogaz indarrak neurtu behar zenduzan, gogorra izaten zan batzuetan. Zelan ikusten dozu bertsolaritza mundua gaur egun? Gero eta sendoagoa. Bertsolaritza oso ghetto txikietatik bultzatzen zen lehen. Baina orain, bertsolaritza gero eta barneratuago dago eskoletan eta institutuan, eta 10-12 urteko gaztetxo batek badaki zer dan bertso bat. Nire garaian ez zan halan gertatzen. Beste alde batetik, Etxahun beste faktore bat izan daiteke. Hori urrunera ailegau da bertsolaritza munduan, eta erreferente bihurtu da Txorierrin. Zeuk be erreferentetzat dozu? Betidanik. Etxahun ni baino urte bat da zaharragoa, eta 14-15 urtegaz eskolarik eskola joaten hasi ginanean, ni bere buztarria nintzan. Hau da, beragaz askotan kantaten neban. baina berak aurrera egin eban eta nik, ez. Bai, erreferentetzat dot, eta gazte askok be erreferentetzat izatea espero dot. Harrobi ona dogu gurean? Bai, baina ez bakarrik bertsotan; musika eta literatura arloetan be gauza asko egiten dira. Bertsolaritzak gero eta indar handiagoa dau. Txapelketa Nagusian zein Bizkaiko Txapelketan ikusten da zelango parte-hartzea dagoan jentearen aldetik. Bertsozale Alkarteak be gero eta gehiago dagoz. Bertsolaritzea indarrean dago eta gazteek indarrean dagozan gauzak eskertu egiten dabez; eta horreetan saiatu egiten dira. Zaleen kopurua be hazi egin da denporak aurrera egin ahala. Bertsolariak dauan aukerea zaleengandik dator; zalerik ez balego, ez litzateke saiorik antolatuko. Lehen bertso-afaria egiten zan, eta 10 lagun inguru batzen ginan han; orain, barriz, 50 lagundik gora bilduko dirala badakizu. Urte honeetan be euskera eta kultura taldeak eratu dira Txorierrin, eta euren egitarauen barruan antzerkia, musikea..., eta, zelan ez, bertsolaritzea sartu dabe. Horrek abesteko aukerea emoten deusku bertoko bertsolariei ez eze kanpokoei be bai. BBK Txapelketan eta Bizkaiko Txapelketan hartu dozu parte zure ibilbidean zehar, baten bat gogoratzen dozu bereziki? BBK Txapelketaren saio bat Derioko Institutuan egin genduan behin, eta ha oso zirraragarria izan zan alde guztietatik. Durangoko bertsolarien kontra ibili ginan eta horreek oso saio ona egin eben. Baina guk be bai eta finalerako txartela geuk lortu genduan akabuan. Eta Bizkaiko Txapelketari jagokonez, 2000. urtean Mallabiko frontoian egindako saioa. Frontoia jentez ganezka egoan eta oso polita izan zan... Egia esan, hori oso urte polita izan zan orokorrean. Bagenduan gure zirkuitutxua eta astebururo saioren bat egiten genduan. Bertsolaritzara bueltau zara, gelditzeko? Hartu dodan konpromisoa ahalik eta urrunera eroatea dot helburu. Astelehenetan nire jenteagaz Larrabetzuko Bertso Eskolan batzen jarraitzea, eta ahal dan saio guztietan parte hartzea. Baina txapelketak ez dodaz helburu nagusitzat. Horretarako, plazan ibili behar da, saio asko egin, zure buruari gero eta gehiago eskatu... bertsoa bizi, azken batean. Eta nire gaur egungo bizimoduak ez deust denporarik ixten hori egiteko.