Testua: Lurdes Lasuen, Txorierriko Udal Euskaltegiko zuzendaria
Zertarako? Gai bati buruz irakurri edota entzutean ulertzeko, informazio elkartrukatzeko edota gure arteko harremanak sortu eta sendotzeko.
Euskaraz eskura dezakegun informazioa urria da; euskara oso hizkuntza zaharra bada ere Hezkuntzan jaioberria da. Urte gutxi dira eskolak euskaraz hasi zirenetik, euskaltegiak sortu eta lan egiten hasi ginenetik, Euskal Herriko Unibertsitatea ere orain hogeita bosten bat urte hasi zen bere lehen ikasketak euskaraz eskaintzen.
Denborarekin egoera aldatuz joan da. Egun euskaraz idatzi eta argitaratutako hainbat liburu ditugu; zenbait ikerlarik egindako lanak ere euskaraz burutuak eta argitaratuak izan direlarik. Honek guztiak hizkuntzaren aberastasuna ekarri du euskararen esparru guztietara.
Enpresa munduak ere, gero eta garrantzi handiagoa ematen dio euskarari; hau da, ohikoagoa da enpresa batera deitzea eta lehen agurra euskaraz entzutea, langileek euskara ikastea, lankideen artean euskara erabiltzea, paisaia lingüistikoan duen garrantzia azpimarratzea…