Nafarroaren konkista, Fernando Katolikoaren hilburukoa

Aikor aldizkaria 2010ko eka. 23a, 14:33

Testua: Sabin Arana

2012an 500 urte beteko dira Gaztela eta Aragoiko soldaduek Nafarroako Erreinua konkistatu zutela. Estatuko bozeramaileak eta historiagileak laster hasiko dira esaten hori konkista ez zela izan, erreinu bien arteko akordua baizik. Hona hemen Fernando Katolikoak berak bere hilburukoan, 1516. urtean, jaso zuena: “Era berean, Juana erregina gure alaba txit maitea izendatu, eta berari eta Carlos txit gorena gure ilobari eta bere bidezko ondorengoei Nafarroa gure erreinua eta hiri eta ziutate guztiak... uzten dizkiegu. Nafarroa konkistatzeko agindua Julio oroitzapen oneko Aita Santuak eman zigun, Nafarroako Juan erregea eta Katalina erregina zismatiko izendatu zituztelako, Erromako Aita Santuaren aurka zisma sortzeagatik. Eta erreinuaren gaineko eskubideak ere eman zizkiguten. Aurki lortutako erreinua denez, aipamen berezia egiten dugu hilburuko honetan, eta Gaztelako erreinura atxiki...”. Bitxia da erlijioaren inguruan nola gertatzen ziren eta diren edozein gertaera, justifikazio eta abar. Fernando Aragoikoak Julio Aita Santuaren eskaerari leporatu zion Nafarroa konkistatu izana, bertan agintzen zuten errege-erregina protestanteak zirelako. Baina, jakin izan dugunez, Julio ez zen Fernandoren lagun mina, eta auskalo nola lortu zuen azken honek lehenengoak agindua ematea. Edo, beharbada, ez zion eman eta, Nafarroa konkistatu ostean, egoerak hala behartuta onartu baino ez zuen egin. Hori da, hala ere, Fernando Katolikoak eman zuen arrazoia, eta, bere hilburukoan idatzitakora mugatzen bagara, beste justifikaziorik ez zegoela sinetsi behar da. Nahiz eta edozeinek asmatuko lukeen, Fernandoren aseezintasuna izan zela Nafarroa konkistatzera bultzatu zuena. Bianako printzearen heriotza iluna gerta ondoren, gainera. Gerora, Espainiako hainbat historiagilek amaordearen aldetik beste eskubide batzuk ere bazituela esan dute. Baina argi dagoena bere hilburukoan esandakoa da, eta erlijioaz baliatu zela Nafarroa konkistatzeko. Fernando bigarrenez ezkondu zen, eta Aragoiko eta Nafarroako erreinuak bigarren ezkontza horretatik jaiotako seme-alabentzat izango zirela esan zuen. Baina ez zuen ondorengorik izan, eta Juana alaba, Gaztelako erregina, ondorengo izendatu zuen Nafarroa eta Aragoiko erreinuetan ere bai.