Personak dira Bertokoren arima

Aikor aldizkaria 2010ko eka. 23a, 14:41
Bertoko Zamudioko soinu-tresnen alkartea orain dala 14 urte sortu zan, herriko talde batek bultzatuta. Urte luze honeetan Zamudio eta Txorierritik ez ezik Euskal Herriko beste txoko askotatik be ibili dira, euskal kulturea, folklorea eta euskerea bera zabaltzen. Soinu-tresnen alkartera instrumentu bat jotzen ikasteko hurbiltzen dan lagunak hamaika aukera ditu: albokea, trikitia, panderoa, txalapartea, paluak eta dultzainea. Gainera, datorren ikasturteari begira alkarteak beste hiru ikastaro eskaintzeko asmoa dau: kantua, kainabera eta koilarak. Ikastarook Bertokoren heziketa-eskaintza osatu eta aberastu egingo dabe. Baina Bertoko musika eskolea baino gehiago da. Bertoko hori osatzen daben personak dira, euren gogoa eta euskal kultureagazko daben maitasuna. “Taldeak dauan baliabiderik handiena bere partaideak dira, eta alkartearen arrakastea horreengan dago”, azaldu deusku Josu Aretxabaleta Bertokoren presidenteak. “Bertoko irakasleak, ikasleak, batzordekideak, gurasoak, lagunak... gara, eta bakotxak oso eginkizun garrantzitsua dau talde barruan. Jente desinteresaua da; herria, musikea eta euskerea maite dituana, eta zer garen erakusteko harro dagoana”. Bertokok bilakaera handia izan dau bere ibilbidean zehar. Halan, 30 gaztetxo inguru zituala hasi zan taldea, eta gaur egun lau urtetik 40 urte eta pikora bitarteko ikasleak ditu. Sortu zanetik hona lagun asko eta asko pasau dira taldetik “Gure helburua ez da oso musikari trebeak heztea, gure kulturea zabaldu eta ikasle guztiek kanpoan joteko aukerea izan daiela baino”. Horretarako, urteerak antolatu eta hainbat ekitalditan hartzen dabe parte, gurean zein Txorierritik kanpo. Bailaran erreferente bihurtu dira, eta euskal kulturea eta folklorea guztion artean zaindu behar dan altxorra dala irakatsi deutsee gainontzeko txorierritarrei. Herria eta kultureagazko sentimentua bideratzea lortu dabe. Ez da arraroa, beraz, edozein bariku edo zapatutan Bertokoko koadrila bat herriko kaleak girotzen ikustea. Irati Abona (trikitia eta panderoa), Nerea Goirigolzarri (trikitia), Eneritz Larrañaga (trikitia, panderoa eta paluak) eta Oihane Zioardia (trikitia): “Bizitzeko beste era bat dalako” Urteak daroazuez taldean, zein erakargarritasun dau horrek zuentzat? Ikasteko prozesua ez dala klasean edo etxean gelditzen. Kalera urteten dogu, ikastitakoa jente-aurrean erakusteko. Eta bide batez, ikasten jarraitzen dogu, kalean agertu daitekezan egoera ezbardinei egin behar deutsegulako aurre. Zer da Bertoko? Ez da bakarrik musikea; kulturea be bada, sortzen dan giroa, lagunartea... hainbat gauza! Berton egon behar da sentiduteko zer dan. Askok pentsauko dabe zapaturo jo behar izatea aspergarria dala, baina ez da horrela. Guk itzel gozatzen dogu; eta alboan dogunak be gozau egiten badau, askoz hobeto. Bizitzeko beste era bat da. Askotan alkarregaz lotzen gara poteo bat egin eta herrian giroa sortzeko. Gura dogulako, lagunak garalako eta gustura gagozalako. Bertokon sortzen dan giroa ez dago inon. Oso gazteak zarie; beste talde batzuetan ez dago hainbeste gazterik, beharbada. Txorierrin ohituta dagoz gu ikusten, baina kanpora urteten dogunean, harritu egiten dira gazteak garalako eta atxinako abestiak joten badakigulako. Batzuek, nerabezarora ailegau diranean, taldea itxi egiten dabe; guk jarraitu dogu, berton oso pozik gagozalako. Euskal folklorea lehengo gauzea dala pentsau daiteke kanpotik, baina gaur egungo musikea be kantau eta jo daiteke. Egin behar dana lantzea da, eta gu prest gagoz horretarako. Oihana Astobieta (panderoa eta txalapartea), Nerea Guarrotxena (trikitia) eta Marije Batiz (panderoa): “Txorierriri bizitasuna emoten deutsagulako” Loiukoa, Sondikakoa eta Lezamakoa zarie hurrenez hurren, alkargunea da Bertoko? Bai, Zamudioko jentea ez ezik Txorierriko gainontzeko herrietako jenteak be –alboko herrietakoak ahiztu barik- ikasten dau Bertokon. Horri esker, txorierritarron arteko hartu-emona indartu egiten da. Herririk herri ibilten gara joten eta taldekideren batek beti ditu lagunak edo ezagunak bertan. Hango jenteagaz lotu eta handiago egiten da taldea. Eskolan be oso gustura gagoz. Bertakoak bagina legez sentiduten gara Bertokon. Zein da soinu-tresnen alkarteak Txorierriri egiten deutsan ekarpena? Oso ekarpen kultural handia. Bertoko sortu aurretik, txistuaz gain, ez egoan beste instrumentuak joten non ikasi. Musika herrikoia eta bizia lantzen dogu, eta horrek oso bizitasun handia emoten deutso Txorierriri. Zergaitik Bertoko aukeratu? Hurbiltasunagaitik eta hainbat instrumentu batera ikasteko aukerea eskaintzen dauan beste eskolarik ez dagoalako inon. Ganera, kalera urteten gara jotera, eta sortzen dan jai-giroa zoragarria da, benetan. Jaime Gardoki, June (Trikitia eta panderoa) eta Eider eta Olaiaren (panderoa) aita; eta Aitor Elorriaga, Laieneren (panderoa) aita: “Seme-alabak euskal folklorean murgiltzen diralako” Umeek ikasteko leku aproposa da Bertoko? Baietz pentsaten dogu. Batetik, euskal musikea eta instrumentuak joten ikasten dabilz, eta hori pozgarria da. Bestetik, musika eskolan irakasle onak dagozala uste dogu, eta erabilten dan ikasteko prozesua egokia dala alaben adinerako. Jolastuz ikasten dabe; eta ikasteaz ganera, primeran pasaten dabe. Zer nabarmenduko zeunkie eskolearen ganean? Hango giroa eta beharra zelan bideratzen dan, talde-beharrari garrantzi handia emoten jakolako. Eurak oso pozik doaz Bertokora eta nahikoa da horregaz. Zer edo zergaitik izango da, ezta? Beraz, alabek han jarraitu dagien asmoa dozue... Eurek gura arte. Nagusiagoek beste instrumentu batzuk be joten dabezala ikusi dabe, eta eurei be instrumentu horreetarako grinea biztu jake. Apurka-apurka. Neskak, Bertokon oso pozik zagozela entzun dogu, egia da? Bai! Oso ondo pasaten dogulako, lagunakaz gagozalako, kalera joten urteten dogulako eta jolasak egiten doguzalako! Felix (panderoa), Nahikari (panderoa eta trikitia) eta Janire Bilbao (trikitia): “Familia handi bat garalako” Aita eta alabak zarie zuek. Familia handi bat da Bertoko? Zalantza barik. Oso harreman sendoa dago gure artean, eta jentea laguntzeko prest azaltzen da beti. Ganera, alkarregaz zer egin badogu: urteerak, bazkariak, ospakizunak... Eta zuen arteko harremana estutzeko be balio deutsue? Alabakaz bikotea edo hirukotea osatzea amets izan dot betidanik, eta inoz alabetariko bategaz jo izan dot. Ea gehiagotan animaten diran! Etorkizunean, zure seme-alabak, lobak... be Bertokon ibiltzea gustauko litxakizue? Bai. Urteak daroaguz Bertokora lotuta era baten edo bestean, eta pozgarria izango litzateke atzetik datorren familiak be gure bidetik jarraitzea, ohitureari eustea... Ez kezkatu, aititek hartuko dau horren ardurea! Gainontzeko zamudioztarrak eta txorierritarrak animauko zeunkiez musika eskolan parte hartzera? Jakina! Euskal folkloreak eta giroak merezi dabelako. Gure kulturea bultzatzen dogulako, Zamudion zein Txorierrin galdu ez daiten. Eta harreman itzela dagoalako taldekide guztien artean. Edurtzeta Ania (pandero irakaslea) “Txorierri Bertoko barik ez dogulako imajinau gura” Non dago alkartearen indarra? Partaideen konpromisoan. Orain dala urte batzuk boom itzela egon zan trikitiaren inguruan; eta boom horrek herri gehienetan behera egin dauan arren, Zamudion mantendu egin da. Gainera, beste instrumentu batzuk be hasi dira ikasten. Bertokoko ikasleak kalera urteten dabe, lagunak dira, hainbat ekitalditan hartzen dabe parte... Kultura zein herri-mobimentuagazko konpromiso handia dauan jentea da. Behar dan moduan estimaten dogu euskal kulturaren inguruan egiten dan beharra? Hain gertu dagoanean ez zara ahalegineagaz ohartzen, baina kanpotik zatozenean atoan konturatzen zara: hainbeste jai, euskerea, kulturea... Emonaldi bakotxaren atzean oso behar handia dago, entsegu asko, orduak... Bertokok ekarpen nahikoa handia egiten deutso euskal kultureari zein herriari. Horregaitik zaintzeko beharra dogu. Ilusinoa mantentzea derrigorrezkoa da honek guztiak aurrera jarraitzeko, ezta? Bai, beharragaz eta proiektuakaz jarraitzea oso inportantea da, ikasleek ilusinoa galdu ez daien. Bertoko moduko proiektu garrantzitsuak egon dira beste herrietan, baina akabuan desagertu egin dira, eta jentea orduan konturatu da zer egoan. Nik ez dot Txorierri Bertoko barik imajinau gura. Zorionez, Bertoko mantentzen ez ezik hazten be badoa urterik urte.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).