Androideak ardi elektrikoekin ametsetan

Aikor aldizkaria 2010ko uzt. 26a, 10:55

Testua: Xabier Díaz, BTEk-eko zuzendaria

BTEK Zentroaren diseinu-lanerako robotika arloan aritu ginenean, Japonian dauden robotika museo kopuruak harritu gintuen. Bai, teknologian murgilduta dagoen herria dela ematen du, baina hainbestetarako da? Michio Kakuren ustez, hori Japonian nagusi den xintoismo erlijioarekin dago lotuta. Xintoismoaren arabera, edozein objektuk badu espiritu bat bere baitan: harriek, mahaiek... Horren haritik, robotak ere adiskidetsutzat hartzen dira; espiritu bat dago robot bakoitzaren barruan, eta umeek maite dituzte. Gure inguruan, berriz, ez da horrelakorik gertatzen. Michio Kaku japoniarra kaliforniarra da jatorriz. Hamazazpi urte zituela, eta institutuaren zientzia-proiektu baterako antimateria sortzen saiatzen zebilela, lurrarena baino 20.000 aldiz handiagoa zen eremu magnetikoa sortzen zuen “traste” bat asmatu zuen. Kaku gaur egungo fisika-teorialari garrantzitsuenetariko bat da, eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan aritzen da. Biztanleriaren bizi-itxaropena gero eta handiagoa da, baina gizakiok gero eta seme-alaba gutxiago izateko joera dugu. Zelan egingo diogu aurre egoerari? Kakuk argi du erantzuna: roboten laguntzari esker. Orain arte, robotak lan astunak, arriskutsuak edo errepikakorrak egiteko erabili dira. Hala ere, betebehar horiek egiteaz gainera, gure lagunak ere izan daitezke. Eta hain zuzen ere horregatik hasi da robot berri askori aurpegia jartzen. Ikerketek dioten bezala, robot emozionalak sortzen baditugu, errazagoa izango da eurekin komunikatzea eta enpatia izatea. Erosoago sentituko gara, afaria prestatzen duenak edo tentsioa hartzen digunak, beso mekaniko bat izateaz gainera, aurpegia ere badu eta esaten diogunari emozioak erabilita erantzuten badio. MIT-eko Kismet proiektuaren barruan hau guztia ibili dira ikertzen, eta Kixmi proiektu horren “iloba” dugu. Kixmi BTEK zentroan dugun robot emozionala da, zeina alaitasuna, tristura eta hainbat emozio adierazteko gai baita, pentsatzen duzuna asmatzen duen bitartean. Philip K. Dick-ek egiten zuen galdera hain urrun ez da egongo, beharbada: Amets egiten ote dute androideek ardi elektrikoekin?