Sondikako kirolzaleak: Non gogoa, han zangoa

Aikor aldizkaria 2010ko uzt. 26a, 10:57

Testua: Gaizka Eguskiza / argazkiak: Sondikako kirolzaleak

Kirolzaleak izan dira betidanik, eta denetarik egin dute: txirrindularitza, korrika, harriak zulatzea.... Azken bolada honetan, Unai Ibarrak eta bere lagunek ultratrailari ekin diote; hau da, lasterketa luzeak menditik egiteari. Guztiek Sondikako kirolzaleak taldea osatzen dute. Zer esango zenioke menditik 120 kilometroko lasterketa egiten duen lagun bati? Burutik jota dagoela, ziurrenik. Hori bera esaten diete etxekoek Unai Ibarrari eta Sondikako kirolzaleak taldeko beste kideei. Sondikako 35tik 40 urte bitarteko hamar lagunek osatzen dute taldea. “Betidanik gustatu zaigu kirola egitea, eta azken 20 urteotan hainbat kiroletan jardun dugu”, esan du Unaik. Gauza desberdinak egitea izugarri gustatzen zaie eta euren azken erronka ultratraila da. Ultratrail horretan 40 kilometrotik gorako lasterketak egiten dira, normalean natura-inguruetan, mendian edo basamortuan, esate baterako. Mota horretako lasterketa batzuk burutu dituzte sondikarrek azken urteotan. Esaterako, maiatzean “Los 10.000 del soplao” izeneko lasterketan hartu zuten parte, Cabezón de la Sal herrian, Kantabrian. “Kantauriko edo Iparraldeko infernua esaten zaio, eta halaxe izan zen, infernu hutsa. Guztira, 125 kilometro egin behar izan genituen oinez menditik”. Era berean, ekainean “Hiru handiak” egin zituzten Araban. “Lasterketa horretan Gorbeia, Anboto eta Aizkorri mendietatik pasatu ginen. Guztira, 100 kilometroko ibilbidea da eta Bizkai, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroatik ibili ginen 20 orduz”. Aurreko lasterketa biak amaitzeko gauza izan ziren taldeko kideak; uztailean Beasainen antolatutako “Ehun milak” martxan, ordea, huts egin zuten. “Oso eguraldi txarra egin zuen eta hasi baino lehen mina hartu nuen. Era berean, nire kidea hipotermiak jota ibili zen, eta berak ere ezin izan zuen lasterketa bukatu”. Dena dela, datorren urtean Beasainera berriro itzultzeko asmoa dute. Gainera, beste erronka batzuk ere badituzte buruan. “Abenduan taldekide batzuk Aconcagua mendira joango dira”. Paris-Brest-Paris Etorkizunari begira, Aconcaguarena ez da taldeko proiektu bakarra. “Paris-Brest-Paris txirrindularitza lasterketa egin nahi dugu. Lau urterik behin egiten da eta, guztira, 1.100 kilometroko ibilbidea du”. Taldekideek eskarmentu handia dute txirrindularitzan. Izan ere, apirilean Flandeseko Itzulia burutu zuten egun batean. Guztira, 270 kilometro. “Oso gogorra izan zen: aldapak ez ziren oso luzeak, baina ikaragarrizko ehunekoak zituzten; beste alde batetik, bidea ilaunezkoa da. Gogortasuna itzela izan arren, hamabi orduan amaitzeko gauza izan ginen”. Taldeak egiten dituen lasterketak izugarri gogorrak dira, baina “non gogoa, han zangoa” esamoldea hartzen dute lelotzat sondikarrek. “Buruak jartzen ditu mugak, ez hankek: 2007an, 168 kilometroko Mont Blanceko Ultratraila egitera joan ginen. Europako lasterketarik gogorrena da. Italia, Suitza eta Frantziatik igarotzen duzu, eta mendian gora eta behera ibiltzen zara. Guk gorriak ikusi genituen: 40. kilometroan oso nekatuta ibili nintzen, baina jarraitu egin nuen eta lasterketa amaitzea lortu nuen. Inoiz egin dugun eromenik handiena izan da ultratrail hori”. Lasterketak oso gogorrak badira ere, bizitza arrunta egiten dute taldekideek. “Kirola egiten dugu aisialdia dugunean, baina normalean ez dugu entrenamendu berezirik egiten”. Elikadura ere ohikoa da. “Indabak jan behar baditugu, jaten ditugu, eta txuletoia bada, askoz hobeto (kar, kar)”. Hala ere, lasterketara joan baino egun batzuk lehenago arroza, entsaladak eta pasta jaten dituzte. Era berean, korrikaldietan bertan ere hidratoz betetako elikagaiak hartzen dituzte. “Gu ez gara profesionalak; gustatzen zaigulako egiten dugu kirola. Guztiok familia dugu eta horregatik ezin gara egunero-egunero leku batetik bestera ibili. Etxekoek esaten digute ero gaudela: zergatik hainbeste kilometro, zergatik hain urrun.... Eta guk beti erantzuten diegu azkenengoa izango dela...”. Esaten da umeek eta mozkortiek baino ez dutela egia esaten; zoroek, aldiz, gezurrak esaten omen dituzte.