Xabier Mendiguren eta Anjel Valdes, Elkar argitaletxearen kideak
Elkar argitaletxea erreferentea da euskal liburugintzan eta musikagintzan. Izan ere, euskal egileen lanak plazaratzeaz gain, “gure kulturaren beharrak asetzen laguntzen†du 1975tik. Elkar Larrabetzun ekainean egin zen Literaturia azokara hurbildu zen eta bertan euskal sorkuntzari buruz hitz egiteko aukera ez genuen alferrik galdu.
Zelan Literaturian?
Xabier Mendiguren: Ondo. Azoka finkatzen ari da bigarren urte honetan. Gero eta hobeto ikusten dut nik: antolamendua eta parte-hartzea primerakoak izan dira eta kexarik ez dugu. Denboraren poderioz, erreferentea izango da Euskal Herri osoan, bai idazleentzat, bai argitaletxeentzat. Salmentak apalak dira, eta oraindik azoka ez da oso errentagarria, baina euskal kultura gizarteratzen du, eta horregatik guk laguntza osoa ematen diogu.
Anjel Valdes: Azokek herrira ekartzen dute sormena, hau da, produktuak eta egileak. Gaur egun gero eta denda gutxiago dago eta azokek hutsune hori betetzen dute: produktuak gerturatzen dizkiete herritarrei. Euskal kulturarentzat oso onuragarriak dira azokak, gure publiko naturalarengana hurbiltzen garelako. Gure lanak ez du zentzurik publikorik ez badago.
Bideragarria da gaur egun euskaraz sortutakoa jorratzen duen azoka bat?XB: Nik esango nuke baietz. Izan ere, oso ondo ari da funtzionatzen orain arte. Euskaraz egindako liburugintzan zein diskogintzan ekoizpen oparoa dago, bai kalitateari begira, bai kopuruari begira. Beraz, dudarik ez dugu azoka -eta ondorioz sormena- bideragarria badela. Gure lana jendea horren jakinaren gainean jarri eta kulturara hurbiltzea da.
Osagarriak dira Durangoko eta Larrabetzuko azokak? Onuragarria da euskal sormenarentzat biak egotea?
XB: Bai. Durangokoa masa-fenomeno bihurtu da, eta horretaz aparte, ospakizun erraldoia da. Hori ez da txarra, kulturarako zaletasuna galtzen ez den bitartean. Larrabetzuko Literaturia garbiagoa da, hau da, jendea hara joaten da literatura, kultura eta euskal zaletasunarekin harremana dutelako. Batak ez dio besteari ezer kentzen; elkarri aberastasuna ematen diote.
Zein egoeratan daude gaur egun euskaraz egindako liburugintza eta diskogintza?
XB: Krisia ekonomikoak sektore guztiak ukitzen ditu, zalantzarik gabe. Hala ere, liburugintzaren ikuspegitik sorkuntzan ez dago krisialdirik, hau da, egileek segitzen dute gauza berriak asmatzen eta argitaletxeok ere, ahal dugun neurrian, segitzen dugu liburuak-eta argitaratzen. Salmentak apaldu egin dira, baina eutsi egin behar diogu ekoizpenaren eta sormenaren kalitateari.
AV: Gure herria eta gure merkatua txikiak dira. Gainera, kanpotik hainbat eta hainbat produktu etortzen zaizkigu eta lehia horri erantzuna eman behar diogu. Egoera ez da oso ona, baina diskoak grabatzen jarraitu behar dugu; bestela, oso zaila da talde baten lana hedatzea. Eta musika zabaltzea funtsezkoa da salmentak lortzeko. Ildo honi jarraituz, Internetek sekulako aukerak eskaintzen ditu, gaur egun komunikabide eraginkorrena baita. Baina etekina ez dugu ateratzen diskoak saltzeagatik, eta beste bide batzuk bilatu behar ditugu: esate baterako, zuzeneko kontzertu gehiago eman.
Zelan ikusten duzue etorkizuna?
XB: Etorkizuna geure eskuetan dago; ez dago inon idatzita. Egunean-egunean egiten dugunak bideratuko du etorkizuna. Ez dugu tarotera joan beharrik, egin behar duguna lan egiten jarraitzea da.
AV: Ni erabat baikor agertzen naiz. Nagusiak garenok mota guztietako garaiak bizi izan ditugu. Merkatua ezin da kontrolatu, baina hobetuko dela uste dut nik. Krisialdi larrian gaude murgilduta eta musika oso lagun ona da garai txarretan. Izan ere, kantarik adierazgarrienak egoera txarretan sortzen dira. Gure lana ez da saltzea, jendea motibatzea, baizik. Elkar argitaletxeak katalogo oparoa du eta honi ilusioz ekiten jarraituko dugu. Izan ere, datozen belaunaldiek gozatuko dute katalogo horrekin. Horrela, guk uste dugu euskal nortasuna sustatzen laguntzen dugula.