Oloste jauregia

Aikor aldizkaria 2010ko uzt. 26a, 12:47

Larrabetzuko baserri-jauregi honen nondik norakoak ez daude argi. Eraikinaren egiturari erreparatzen badiogu, bertan era bitako eraikuntzak daudela esan dezakegu. Alde batetik, etxea bera. Horren egitura zaharra bada ere, eta gaur egun apur bat desitxuratuta egon arren, antzinako leinu-etxe zahar horietako bat dela ematen du. Eta bestetik, XVII. mendearen hasierako eskailera eta balkoia erabilita era klasikoan egiten saiatu zirena. Baliteke etxea bera XV. mendean eraiki izana. Zalazarren idazkietatik ondoriozta daitekeen bezala, Zugazti eta Butroi leinuek bat egin zutenekoa izan daiteke, eta, beharbada, hori burdinolaren inguruko interesak zaintzeko eraiki zuten. Izan ere, etxea Bide Zaharraren hegalean dago. XVII. mendean, berriz, etxearen jabeak Matheo Etxabarri Bilboko merkatari ospetsua eta Mari Otxoa Erkinigotarrarena izan omen ziren. Azken hau Larrabetzuko Erkinigo lizentziatuaren sasi-alaba zen. Dena dela, esan beharra dago Herkinigotar hauek batzuetan Zugazti abizena ere erabiltzen zutela, eta, bide batez, Herkinigo-Zugazti abizena Bilbon oso ospetsu bihurtu zela. XVI. mendearen amaieran izurrite bat izan zen Bilbon, eta Matheo Etxabarri eta bere familiak bertatik alde egin eta Larrabetzura etorri ziren. Oloste jauregia etxebizitzatzat erabili zuten. Horren haritik, eta aurreko artikulu batean azaldu genuen bezala, Matheo Etxebarrik San Roke baseliza eraikitzeko agindua eman zuen, Santuaren laguntza eskertzeko. Beste alde batetik, testamentu batean Oloste baserriko altzari eta artelanen gainean egiten den deskribapena kontuan hartzen badugu, Oloste jauregitzat hartu beharko genuke, zalantza barik. Ondasun horiek Etxabarri-Herkinigo familiaren ospearen adierazgarriak ziren. Argazki nagusiaren azalpena: Armarria eta bost irudi. Armarriaren gainean dama bat dago; gure ustez, nagusiena. Bere ondoan, eta ezkerrean, beste dama gazte bat dago; eta bere ondoan, beste gazte bat lautea jotzen. Eskuman zaldun ehiztari bat azaltzen da; eta horren ondoan, beste zaldun bat, garaiko arropa dotorea jantzita duena. Badirudi hori familia boteretsu batekoa zela, eta bere janzkera dotoretasuna eta garaiko modaren adierazlea da. XVI. mende azkenerantz. Armarriaren azalpena: Armarria etxe biko armarriek osatzen dute: Muxika-Butronena eta Zugaztirena. Eskerrean Muxika-Butron familiaren armarria dago. Gurutze eran antolatua bost otso daude; eta lau butroi, ertzetan. Honek armarri nagusiaren erdia baino gehiago hartzen du, eta horrek Muxika-Butron familia Zugaztikoa baino inportanteagoa zela adierazi nahi du. Zugazti familiaren armarrian zuhaitza azaltzen da, erroak agerian dituela. Armarrian otsoa eta aztorea ere agertzen dira, azken honek mokoan beste hegazti bat daramala.