Testua: Gaizka Eguskiza
Elbarriek egiten dituzten kirolak normalean ez dira oso ezagunak izaten; mahai-tenisa ere ez da entzute handiko jarduera gure artean. Derion bata eta bestea uztartu eta Nazioarteko I. Irekia antolatu dute.
Futbola kirol nagusia da munduan. Eta aurreko asteetan Munduko Kopa jokatzen bada, zer esanik ez! Leku guztietan ematen digute haren berri. Hala ere, futbola ez da kirol bakarra, eta ekainean goi-mailako kirol-erakustaldi bat ikusi ahal izan genuen Derioko kiroldegian. Izan ere, Fekoor Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Bizkaiko Pertsonen Elkarteak eta DerioKOmunikazioak Nazioarteko I. Ping-pong Irekia antolatu zuten. Antolatzaileek Bilboko eta Derioko Udalen, BBKren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izan zuten. Lehiaketa ederra jokalariei eskaintzea izan dute helburu antolatzaileek. Gainera, Derioren, Txorierriren eta, oro har, Bizkaiaren irudi ona helarazi nahi diete.
Emaitzei dagokienez, Selcuk Cetin alemaniarrak irabazi zuen Irekia gizonezkoen mailan, eta Borislava Peri-Rankovic serbiarrak, emakumezkoan. Gainera, beste kategoria bi ere jokatu ziren: single eta team direlakoak. Aipatzekoa da Fekoor elkartearen taldeak erakutsi duen maila ona. Esate baterako, Iker Sastre bilbotarra —28. postuan, munduko sailkapenean— laugarren gelditu zen bere kategorian. Era berean, Porfirio Hernándezek eta Salvatore Caci italiarrak osatutako bikoteak zilarrezko domina eraman zuen etxera. Fekoor José Manuel Mentxaka derioztarrak ere jokatzen du, baina txorierritarrak ez zuen zorte handirik izan txapelketan.
8.000 kilometro, autoz
“Intentsitate handiz bizi genituen hiru egunak, lehiak itzelak izan zirelako. Jokalariek erakutsi dute mahai-tenisa ikuskizun ikaragarria dela, kirola letra handizâ€, adierazi dute Irekiaren sustatzaileek. Txapelketan munduko jokalaririk onenetarikoek hartu zuten parte. Guztira, 20 herrialdetako 70 kirolari izan ziren lehian Derioko kiroldegian: Austria, Costa Rica, Frantzia, Espainia, Maroko, Serbia, Kuwait... Batzuek, Errusia edo Ukrainatik etorri zirenek, 8.000 kilometro egin behar izan zituzten autoz Deriora heltzeko. “Horrek agerian uzten ditu jokalarien hobetzeko grina eta kirol-espirituaâ€.
Nazioarteko Mahai-tenis Federazioak aintzat hartu zuen Derioko irekia. Hori zela-eta, jokalariek puntuak lortzeko aukera izan zuten, datozen hitzordu nagusi bietarako sailkatzeko: aurten Korean jokatuko den munduko txapelketa, eta Elbarrien 2012ko Joko Olinpikoak, Londresen. Txapelketa antolatu ahal izateko, antolatzaileek urte bi eman dituzte lanean. Epe horretan Federazioko kideak Deriora etorri dira kiroldegia egokitzeko eta herriko azpiegiturak aproposak ziren edo ez aztertzeko.
josé manuel mentxaka l ping-pong jokalaria: “Kirolak aurrera ateratzen laguntzen digu elbarrioiâ€
Ping-pong txapelketa erraldoia antolatu zuten ekainean Derion, eta munduko jokalaririk onenek hartu zuten parte bertan. José Manuel Mentxaka derioztarra ere aritu zen haien artean. José Manuelek urte batzuk eman ditu mahai-tenisean jokatzen, eta datorren urtean Espainiako txapelketa irabazteko ahaleginari ekingo dio.
Zelan Derioko txapelketan?
Oso Ondo. Izugarrizko esperientzia izan da niretzat. Nik normalean Euskadi mailako txapelketetan hartzen dut parte, eta haietan oso jokalari gutxi gaude. Deriokoa, ordea, goi-mailako lehiaketa izan da, ikaragarria. Hirugarren egunean oso nekatuta ibili nintzen, oso gogorra izaten baita goi-mailako lehia. Izan ere, alde fisikoa alde batera utzita, aipatzekoak dira lehiakortasunak sortzen duen nekea eta larritasuna.
Txapelketetan munduko jokalaririk onenek hartu dute parte, eta txapelketa non eta zeure herrian egin da. Harro egoteko modukoa da, ezta?
Bai, harrigarria da. Estatu mailan ez da horrelakorik inoiz egin, eta Nazioarteko Federazioak herrialde bakoitzari urtean behin ematen dio baimena horrelako txapelketa bat antolatzeko. Antolaketa oso ona izan da eta pozik ibili gara guztiok. Tamalez, hemengo hedabideek ez dute behar bezala zabaldu txapelketa.
Zelan jokatzen du jendeak zuek kirola egiten ikusten zaituztenean?
Jendea harrituta gelditzen da. Telebistaren bidez, jendeak aukera izaten du gure kirola ikusteko, eta, horren ondorioz, elbarrien kirola normalizatu egiten da. Are gehiago, gu ikusi eta gero, jendeak txalotu egiten gaitu. Psikologikoki kirola oso garrantzitsua da elbarriontzat, aurrera ateratzen laguntzen digu-eta.
Zuk aulkitik jokatzen duzu ping-pongean, baina ibiltzeko gauza zara... Nolako gaixotasuna duzu?
Orain zazpi urte, 32 urte nituela, antzeman zidaten gaixotasuna medikuek. Nik dudan eritasuna arraroa da, ikertzen dabiltza. Gainera, progresiboa da: hasiera batean, eskuetan nabaritu nuen eta zabaldu egin da apurka-apurka. Orain ahulezia daukat hanketan, eta, horren ondorioz, ezin naiz denbora luzean zutik egon, ezin dut ariketarik egin... Bestela, mina eta zorabioak dauzkat.
Noiz hasi zinen ping-pongean jokatzen?
Gaixorik nengoela esan zidatenean, ping-pongean hasi nintzen jokatzen. Gaztea nintzela, lagunekin joaten nintzen ping-pong, billar edo mahai-futbolean jokatzera, eta zaletasuna hortik jaio zen, neurri batean. Beste alde batetik, Fekoor elkartekoek kirola egitera animatu ninduten arazoak pairatzen hasi nintzenean, eta horregatik eskerrak eman beharrean nago. Elkarte horrek izugarrizko laguntza ematen digu elbarrioi: lana topatzen laguntzen digu, aisialdirako ekitaldiak antolatzen dituzte....
Noiz entrenatzen duzu?
Lanaren arabera entrenatzen dut. Lanak ez dit egunero-egunero entrenatzen uzten, baina denbora librea dudanean, ping-pongean jokatzen dut. Normalean, taldekideekin entrenatzen dut. Eta gure artean ez ezik, zutik aritzen direnen kontra ere jokatzen ditugu partidak. Liga txikia antolatu dute Bizkai mailan, eta aurten parte hartu dugun bigarren urtea izan da. Datorren denboraldian, euskal ligan ere jokatu nahi dugu. Hori lortzen badugu, elbarriak ez direnen kontra jokatzen duen lehenengo elbarri taldea izango gara.
Kirol arloan, erronkaren bat duzu etorkizunari begira? Elbarrien Joko Olinpikoetan parte hartu nahiko zenuke?
Datorren denboraldian, Espainiako txapelketan hartuko dut parte. Elbarrien Joko Olinpikoei dagokienez, ordea, ez dakit... Bertan jokatzeko, hainbat txapelketatan hartu behar duzu parte nazioarte mailan, eta horretarako, dirua eta denbora behar dituzu. Txapelketa bakoitzean 700 euro inguru gastatu behar dira. Normalean goi-mailako kirolariei babesleek laguntzen diete, baina oso gutxiren kirola da gurea, eta babesleek ez digute kasu handirik egiten.
Gai nagusia