Arratsalde ederra zen, urdin-urdin zegoen zerua, eta aro ezin hobea egiten zuen, eguneroko pasiera egin genezan chardonnay mahatsondoek —“adituâ€en iritziz, beharbada munduko onenek— eratutako itsaso hartan. Kontua da, egunero bezala, eskualdeko baserritarrek egiten zuten nekazaritza jarduerarekin partekatzen genuela geure atseden eta lasaitasun sentipena, eguneroko anabasatik urrun (zehazki, Mersault-en ginen, Côte-d’Or departamenduaren erdi-erdian, Borgoinan) eta bat-batean Paki gelditu eta bota zidan: Iñaki, nola ez dira ardoak gozo egongo? Mahastizainak baino gehiago lorazainak dirudite eta! Orduantxe konturatu nintzen, argi, nire bake, oreka eta armonia sentipen hori —ia “zen†izatera iristen zena— ez zela ezustean gertatua: orduan ginen eskualde hartan, jendeen arimaren parte zen mahastizaintza, ardoa; mahats pean ereindako lore bakoitzak, landareari kendutako orri bakoitzak, erauzitako belar txar bakoitzak, baita partzela bakoitza ixten zuten harriek ere (Borgoinan, Bordelen ez bezala, oso txikiak dira partzelak, eta jabe bat baino gehiagorenak izan daitezke) badute beren zentzua; arrandiarik gabe, baina ehunka lan-urteren emaitza den dotorezia batez.
Itzuleran, mahastizain etxe bitan gelditu ginen, aukera ematen baitzuten haien ardoak dastatzeko eta, gogoko izanez gero, botila bat edo beste erosteko. Liluragarria iruditzen zait nola interpretatzen duten “berezkoaren balioaâ€, beren herria, beren lurra, beren kultura, beren ardoa; eta haiek ohartzen badira benetan estimatzen duzula, ez diote uko egingo, Frantziako beste alderdi batzuetan bezala, beren lanaren emaitzari kortxoa kendu eta zurekin partekatzeari. Baina harantzago doaz: beren produktuaren harrotasuna aski ez, eta gomendatzen dizute ez dezazula utz dastatu gabe auzoko batek Montrachet-en egiten duen chardonnay-a edo beste batek Pommard-en egiten duen pinot noir-a.
Apaltasuna eta eskuzabaltasuna, horra hor balio bi batzuetan eskuliburuan berrikusi behar ditugunak haien existentzia egiaztatzeko; topikoak diosku eskualde elitista eta garestia dela; guk, berriz, aukera ederra aurkitu dugu, ardo erabat bikainak dastatzeko, prezio eskala osoa betetzen dutenak, beren ardoei ezartzen dizkieten lau kalifikazioetan bereizirik: Grand Cru, 1. Cru, Udal ardoak eta Borgoinako ardo generikoak. Aukerarik baduzu, ez izan zalantzarik eta paseatu lorategitik. On egin!