Bidegorriaren aldeko laguntaldea:“Posible da Txo

Aikor aldizkaria 2010ko ira. 27a, 08:38
Testua: Zesar Martinez eta Gorka Saratxu
Larrabetzuko lagun batzuk euren zaletasunari bultzada handiagoa eman nahian dabiltza. Izan ere, txirrindularitza eta ingurunea maite dituzte eta, autoa erabili barik, bizikletaz Txorierriko inguru zabalez gozatzeko aukera paregabea dagoela sartu zaie buruan. Gorka (Zamudioko txirrindulari elkartekoa) eta Goiorekin izan gara solasean. Betiko moduan, oztopoek bultzatu zaituztete bidegorriaren aldeko mugimendua sortzera, ezta? Gorka: Bai. Herrian jende asko ibiltzen da bizikletaz. Eta haien artean, ia ume guztiak. Baina guraso gehienak herritik baino ez dira ibiltzen umeekin, bideak ez daudelako egokituta kanpora irteteko. Uste dugu oso eremu mugatua dela, eta batzuetan baita arriskutsua ere. Goio: Horregatik, jendeak bizikleta autoan sartu eta bidegorria edo bide berdeak dauden inguruetara joaten da, handik lasai ibiltzeko. Eta azkenean, hurbilena da gutxien ezagutzen dena. Azken urteotan bidegorriak egin dira Bizkaian zehar. Goio: Foru Aldundiak “Plan ciclable” delakoa jarri du martxan, eta 2003tik 2016ra bitartean hainbat bidegorri egiteko asmoa dute. Eta haietako batzuk ezagutu ditugu: Ezkerraldean, Durangon edo Gernikan, esate baterako. Baina urte batzuk pasatu dira, eta gure inguruan ez dugu ikusten bizikletaz ibiltzeko biderik egiten denik edo daudenak egokitzen denik. Zelako onurak ekarriko dizkie bidegorriak Txorierriko txirrindulariei? Gorka: Lagun askok erabili ahal izango lukete. Gaur egun badira bizikletaz egiteko moduko bideak. Derion, adibidez, badago bidegorri bat Seminarioan hasi eta Aiartza auzoraino heltzen dena. Parke Teknologikotik ere nahiko eroso ibil daiteke eta, gainera, bertan kilometro bateko bidegorria dago. Leku aproposak dira horiek paseatzeko. Goio: Baina bidegorri osoa izanez gero, askoz erabilgarriagoa izango litzateke. Bideak berak lanera eraman gintzake, eta gazteek institutura bizikletaz joateko aukera izango lukete. Eta erromesei ere errepidea baino goxoagoa den ibilbidea eskaini ahalko litzaieke... Turismoa egiteko aukera emango zuen, Bilbora joateko... Bilboraino joan liteke bide horretatik? Gorka: Gure ustez, ez litzateke oso zaila izango Txorierriko bidea Lezamako trenbide zaharrarekin lotzea; hau da, tren zaharraren bidea erabiltzea. Egokia eta aproposa da bizikletaz ibiltzeko, eta sano polita, gainera. Azken batean, zegoen bidea berreskuratzea baino ez da; ibilbide historikoa eguneratzea, proiektu berriak antolatu beharrean. Emaitza ona izango litzateke, zalantza barik. Eta bitartean? Hainbat gauza egin daitezke, jendea bizikleta hartzera animatzeko: zintarrietan seinaleak ipintzea eta zintzarririk ez dagoen lekuetan errepidea inguratzen duten beste bideak seinaleen bidez markatzea; Larrabetzu eta Lezamako bidean, esaterako. Bide bazterrak ere garbitu eta margotu daitezke, eta horiek ahal den lekuetara zabaldu. Goio: Dauden bideez baliatzea, oinezkoek eta txirrindulariek inguruak goxo eta trankil ezagutzeko edo berrezagutzeko. Gure eskualdean badago zer ikusi eta nondik ibili, ume, gazte zein heldu izan arren. Beraz, herritik bizikletaz irtetera animatu nahi duzue jendea. Goio: Ditugun bideetatik ibiltzera animatzen dugu. Erraza ikusten dugu etxetik irtetea eta bizikletaz kilometro batzuk egitea, bakoitzak bere neurrian. Uste dugu interesgarria, polita eta praktikoa ere badela. Beste leku batzuetan egin dena hemen ere egiteko eskatzen dugu: bideak atontzea eta seinale egokiak ipintzea, benetako bidegorria egin arte. “Bekatu handia izango litzateke tunela abandonatuta edukitzea” Gorkaren esanetan, Artxandako tunel zaharra aipatu zuen Aikor! aldizkariko artikulu batek piztu zion jakin-mina. Tunela ikustera joan eta bide batez trenbide zaharraren ibilbidea aztertzen hasi zen: ibilbide osoa egin, argazkiak atera... Azaldu duenaren arabera, bidea nahiko egoera onean dago eta berreskuratzeko modukoa da. Tunela zpiegitura ederra da, eta bere irteera ere oso ate ikusgarria da. Gainera, Txorierri azkar baten lotzen du Bilborekin. “Bidea, tunela, guztiz abandonatuta edukitzea, bere historia ahaztuta uztea, bekatu handia izango litzateke”. Jakitun da zailtasunak eta oztopoak daudela azpiegitura egokitzeko. Tunela txukundu eta prestatu egin behar da. Horren haritik, ibilbidearen zati bat autoek, txirrindulariek eta oinezkoek batera erabili beharko luketela azaldu du, “baina ez legoke arazorik, seinale egokiak jarriz gero”. Lur jauzien ondorioz, trenbide zaharraren ibilbidetik igarotzen den errekaren zati bat galdu egin zen, “beraz, geroago sortu ziren bidezidorrak ere zabaldu eta egokitu beharko lirateke”. Bidegorri eta trenbide zaharraren gaineko informazio gehiago izateko: http://txirrin-txirrin.blogspot.com/p/lezamako-trenbide-zaharra.html

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).