Ameriketara joan ginan...

Aikor aldizkaria 2010ko ira. 27a, 08:42
Testua: KZ
Kantarako eta musikarako zaletasun handia dago Euskal Herrian, baita Txorierrin be. Horrela ezagutu ginan gu laurok, Zamudioko eskoletako laugarren solairuan, Bertokon. Ingeniaria, sukaldaria, filologoa, kontabilidade-arduraduna, takoiak, mendiko botak, ule morea, modako puntadun zapatak … Izaeraz, jazkeraz, ikasketaz, adinez eta bizimoduz desbardinak izan arren, “euskal kultura” deritxan kale-tribu barri horrek bahitu gaitu. Hasieran instrumentuak ikasten ezagutu genduan alkar, gero ikasitakoagaz jaiak eta giroa sortzen ibili gara, eta pitika-pitika hainbeste ordu batera egonaz lagun egin eta gure bizitzeko modu honegaz mugak zabaldu doguz: hasieran Txorierrin, gero Bizkaian, ostean Euskal Herrian… Baina gure instrumentuek euren hotsak eta soinuak oraindino urrunago proiektau gura izan ebezan, nora eta Estatu Batuetara, Boiseko Jaialdira! Bost urterik behin ospatzen dan jai erraldoira! Gure instrumentuen erregu-hotsei kasu egin, eta haien grina hori ase nahian bidaiaz pentsaten hasi ginala, Lagatzu Zamudioko Euskera Alkartearen bidez gonbidapen ukatuezina heldu jakun, Taberna ibiltariakoak be leku berera joiazan! Zelan esan ezetz? Aukera bikaina zan gure instrumentuek lagun barriak egiteko! Duda barik, baietz esan genduan! Estatu Batuetara uztailaren 26an joan ginan, baina bidaia prestaten zortzi hilebete lehenago hasi ginan. Zelako saltsa buruan! “Zer beharko dogu hara joateko? Eta ingelesa? Dolarra zer dabil, gora ala behera? Hotz ala bero egongo da? Ulerako plantxak? Euskal jantziak eroango doguz?” Hainbeste galderagaz gure instrumentuak zoratzeko puntuan egozan. Bagenkian bidaia luzea izango zala, ordu piloa egin behar dirala hegazkinez (24!) eta aldaketa guztiakaz maletak galtzeko aukera oso handia zan. Erabagia hartu genduan, instrumentuak eta euskal jantziak eskuko maletan eroango genduzan, baina zelan edo halan Boiseraino heldu behar ziran! Bideo-kamara? Luze egin zan, baina akabuan heldu zan eguna! Goizeko 6etan, urduritasuna nabari zan Loiuko aireportuan. Han gengozan, 80 lagun inguru: Komando Orozko, Komando Unbe, Komando Arratiko zekorrak, Komando Larrabetzu, “La tasca andante”, familiartekoak eta gu, Komando Zamudio. Hegazkinez hegazkin eta aireportuz aireportu hogeta lau ordu ibili ostean eta detektagailu guztietatik oinutsik pasau eta gero, azkenean heldu ginan San Franciscora. “Hemen negua da, ala? Zelako hotza!”. Etxe-orratzak, tranbiak, kale luze eta aldapatsuak, arraza guztietako jentea, era guztietako jazkerak… Dana zan diferentea eta handia guretzat. “Pelikuletan agertzen dan bardin-bardina da! Non dago bideo-kamara?”. Egun eta erdian danerik egin genduan Kaliforniako uriburuan: turismoa, shopping (Levi´sak merke-merke!), hotdog, kafe erraldoia (txarra benetan!) eta gauean Euskal etxera bisitatxua, bertako euskaldunak ezagutzeko. Gure instrumentuak hasi ziren haien ametsa beteten. Egun bi baino ez eta bagoaz Boisera, euskaldun askoren “Mecara”, hegazkin txikitxu batean. Basamortu ondoan, bero itzela, 40 gradutik gora egunero! Alogadutako kotxeak hartu, maletak itxi, eta hasteko, zelan ez, Euskal etxera joan ginan. Hor hasi zan parranden maratoia. Boiseko kalimotxoa eskuan, Basque block dagoan kaleko lau tabernetatik trikipoteoa egiten genduan egunero, kalean gora, kalean behera, gure instrumentuak eta euren lagun barriak alkar hartuta. Euskal kantak joz eta abestuz gaueko ordu txikietara arte ibilten ginan hango eta hemendik joandako euskaldunakaz, goizaldeko ordu bietan tragua eskutik kendu eta ostikada eperdian emonda etxera bialtzen ginduezan arte, eta eskerrak! Holan egun guztietako parrandak hasi eta amaitu egin ahal izan genduzan, esfortzu handirik egin barik. Euskaldunak beti euskaldun Asteburuan, Boise kanpoaldeko landa batean be egiten zan Jaialdia, Fairgroundsen. Hara joandako euskal artzainak bizi ziren “Carro campo” dotoreetara sartzeko aukerea euki genduan. Ameriketako musikari eta dantzariak ikusi genduzan; hango “taloa”, txorizoa eta solomoa piperrakaz jan; herri kirolak ikusi eta bertan parte hartu; Jaialdiko kamisetak erosi; eta, falta barik, gure instrumentuakaz eta haien lagunakaz, eta egunero guregana etorten ziren guztiakaz, poteo erraldoia egin genduan txosnetatik. AER LINGUS, UA4963 WASH–MAD, abuztuak 4, 01:35. Gure ametsa bete da. Giro itzela egon da eta sortu dogu Boiseko Jaialdi 2010ean. Espedizino osoak euki dau eragina horretan. “Zenbat buru, hainbat aburu” dino esaerak eta hainbesteren artean danon nahia egitea ez da erraza izaten. Ondo pasetako, laguntzeko eta parte hartzeko gogoari eta prestutasunari esker, laurogeiok gozau ahal izan dogu bidaiaz, ezelango arazo barik. Zer izango ete da batzen gaituen hori? Ez dakigu, baina euskaldunak beti euskaldun han eta hemen. Jai egiteko, beti prest eta antolatzen itzelak gara. Harritzekoa da Ameriketako euskaldunek zelan goraipatzen eta senditan dabezan gure euskal berbak, estrofak eta taupadak. Ze gitxigaz izan gaitekezan euskaldun. Han benetako euskaldun sentidu gara, atzerrira joan eta inon baino euskaldunago sentiduarazo gaitue. Euskal Herrian be gure nortasuna egiten dauan guztia BIZI beharko geunke (hizkuntza, kultura, ohiturak, bizimodua, izaera, …), badakizue, “nula bizi, hala kanta”. Hau hasi baino ez da egin. Honen ostean, gure instrumentuek leku barri gehiago ezagutuko dabez: Bakio, Orozko, Zuberoa… eta batek daki! Hurrengoa “ipar polora”? Txapela buruan eta ibili munduan. Guk maletak beti prest!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).