Tuenti delakoa

Aikor aldizkaria 2010ko ira. 27a, 08:43

Testua: Gaizka Peñafiel, irakaslea

Pertsonen arteko harremanetan, eta batez ere gazteen gizarteratze-prozesuan, zerbait aldatzen ari dela argi dago. Besteak beste, gizarte-sareak dira iraultza horren errudunak. Behin baino gehiagotan entzuten ditugu bai komunikabideetan, bai ingurukoen solasaldietan, hamaika gizarte-sareren izenak, arriskuak, bertuteak... eta dagoeneko ezagunak egiten zaizkigu Facebook edo Tuenti bezalako plataformak. Hala, dudarik ez dago etorkizun hurbil batean behintzat, gure bizitzan presentzia eta eragin handia izango dutela; gazteak ez ezik heldu asko ere erabiltzaile bihurtzen ari delako egunez egun. Hala ere, eragina nabarmenagoa da Informazio eta Komunikazioaren gizartean jaio direnenengan, natibo digitalengan, alegia. Txikitatik izan dituzte eskura sakelako telefono, ordenagailu, bideo-jokoen kontsola eta bestelako gailu elektronikoak, eta horren ondorioz, erraztasun aparta dute horiek manipulatzen. Txorierriko gazteek ere egin dute aukera; gehienek Tuenti hautatu dute. Izan ere, gaur egun, 11 urtetik gorako gazte gehienek bere profila dute sare horretan eta hori tresna nagusi bezala erabiltzen dute lagunekin komunikatzeko. Hitz egiteko ez ezik, argazkiak edo bideoak elkarren artean banatzeko, urrun dagoen lagunarekin harremanak estutzeko, ekimen desberdinekin bat egiteko, jolasteko, urtebetetzeak gogoratzeko, ligatzeko... eta seguru nago iraintzeko ere erabiltzen dutela Tuenti. Erreminta guztiak bezala, ematen zaion erabileraren arabera, onuragarria edo kaltegarria izan daiteke. Zeregin horretan gurasoek berebiziko garrantzia dute, gazteen intimitatea errespetatu behar badute ere, egiten dutenaz interesatu eta oinarrizko arau batzuk ezarri eta argitu ere egin beharko lituzketelako. Erabilera desegokien aurrean debekua ez da soluzioa, Tuentiko kontua ixtea ez da konponbidea; gaztea inkomunikatuta geldituko litzateke eta zail egingo litzaioke bere lagunarteko dinamikan sartzea. Gainera, ez pentsa komunikazioa modu digitalean baino ez dela egiten, interneteko hizpideak jarraipena du kalean. Lehen, soilik herriko lagunekin egotea zen ohikoena; baina gaur egun, Tuentiren bitartez, herri ezberdinetako neska-mutilek hamaika plan egiten dute oso gazterik hasita. Alabaina, gehienek argi dute, sare sozialak lagungarriak diren arren ez dagoela lagunekin hortik zehar ibiltzea baino ezer hoberik!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).