Iñaki Goirizelaia, EHUko errektorea: “Boloniako

Aikor aldizkaria 2010ko ira. 27a, 09:05
Lanpetuta dabil Iñaki Goirizelaia, batez ere azken bolada honetan, ikasturte berria irailean bertan martxan jarri zen-eta. Hala ere, Gure señeak elkarteak antolatutako elkartasun-ekitaldira etortzeko denbora atera du EHUko errektoreak, baita Aikor! aldizkaria bere bulegoan hartzeko ere. Zelan Derion, Gure Señeak elkarteak antolatutako ekitaldian? Oso ekitaldi hunkigarria izan zen, ume gaixoen gurasoen esperientzien berri izan nuen-eta. Unibertsitatearen eginkizuna ikertzea da. Ea horrela arazo honi konponbidea eman ahal diogun! Mungiarra zara. Harreman berezirik baduzu Txorierrirekin? Lagunak ditut. Gainera, dantzarako zaletasun itzela daukat, eta horren bidez zenbait txorierritar ezagutzen ditut. Adibidez, Gotzon txistularia. Bi urte eman duzu errektore. Pozik orain arte? Pozik nago. Orain arte gauza asko egin ditugu, eta oraindik ere jarraitzen dugu lan egiten. Ikerketari dagokionez, esate baterako, plan berri bat jarriko dugu martxan urtarriletik aurrera. Era berean, Unibertsitatea nazioarte mailan kokatu nahi dugu, baina horretarako internalizazio-plana garatu behar dugu. Horrek mugikortasuna –bai ikasleena, bai irakasleena- bultzatuko du. Graduondokoen presentzia handiagoa izan behar da nazioarte mailan, eta kanpoko ikerlariak erakartzeko gauza izan behar gara. Non dago EHU Estatukoekin konparatuta? Ikerketaren ekoizpena oinarritzat hartuta, 11. postuan gaude Estatuan. Ez nago gustura, baina horrek ez du esan nahi orain arte egin duguna txarto dagoenik: EHU oso unibertsitate gaztea da, eta azken urteotan gure joerak gora egin du. Adibidez, azken bost urteotan ikerketaren ekoizpena bikoiztu egin dugu, eta beste unibertsitateek zortzi urte behar izan dituzte gauza bera lortzeko. Denbora eta lana behar ditugu sailkapen horretan gorantz egiteko. Boloniako planarekin bat egiteko prozesuan murgilduta dago unibertsitatea, eta aurten bukatuko da epea. Zelan daramazue? Heldu behar zen momentuan heldu gara Boloniara. Duela lau urte hasi ginen Europa mailara guztiz egokitutako graduondokoak eskaintzen. Gauza berriak martxan ipintzen direnean ikusi behar dira emaitzak, eta akatsen bat egonez gero, horiek konpondu. Asko eztabaidatu da Boloniako planaren inguruan. Onuragarria da? Zeintzuk dira alde onak? Eta txarrak? Boloniako plana ona da. Honen bidez ikasketen egitura ezagutzen da Europa osoan, graduen egiturak antzekoak direlako. Kontuan izan behar dugu Estatuan dugun ikasketa-egitura oso zaharra dela, diktadura garaikoa. Beraz, gure egitura ez dator bat Europan dagoenarekin eta aldaketa behar dugu. Beste alde batetik, irakaskuntza-metodologia erabat aldatuko da Boloniako Planaren eraginez: ikaslea ikasketa-prozesuaren eragile aktiboa bihurtuko da. Gainera, ikasleek beste gaitasun batzuk lortu beharko dituzte: jendaurrean hitz egiten ikasi, proiektuak definitzen eta defendatzen, lantaldean ondo aritzen... Boloniaren kontra jarduten dutenek, ordea, aipatzen dute euskara galduko dela eta unibertsitatea enpresen eskuetan geldituko dela. Baina ez dira egia, ez bata, ez bestea. Euskararen garapena geure eskuetan dago eta normalizazio-plana guk erabakitzen dugu Gobernu Kontseiluan. Eta gainera plan hori betetzea lortuko dugu: gradu berrien %95 emango dira euskaraz. Eskaintza euskaraz egon badago. Celaá sailburuak aipatu zuen interes gutxiko karrerak bertan behera gelditu ahalko zirela. Nolako harremana duzue eusko Jaurlaritzarekin? Ondo moldatzen gara elkarrekin. Bakoitzak bere betebeharra dauka: guk proposamena egin behar diogu eusko Jaurlaritzari, eta horrek onartu edo arbuiatu egiten du. Guk aztertu behar dugu gradu berrien eragina eta erakargarritasuna. Azterketa egin eta gero, hartuko ditugu hartu behar diren erabakiak. Baina erabaki horiek guk geuk hartuko ditugu, ez Gobernuak, eta horrek onartuko ditu edo ez. Aspaldi honetan Lanbide Heziketa ikasten dutenek Unibertsitatean egiten dutenek baino aukera handiagoa omen dute lan merkatuan... Hori ez da egia. Urtero-urtero egiten dugu ikerketa, lizentziadunen lan-egoera aztertzeko. Azken bolada honetan, langabezia igo da horien artean, egia da, baina lizentziadunek oraindik ere, Lanbide Heziketa ikasi dutenek edo ikasketarik ez dutenek baino errazago lortzen dute lana. Eta aldea nabarmena da. EHUskara Euskara gero eta nabarmenagoa da EHUn, Goirizelaiaren esanetan. “Hona sartu ginenean, irakasleen %35 zen euskalduna; eta orain, %42. Eta joera gora doa. Euskararen eboluzioa itzela da EHUn. Iaz, esate baterako, 19 liburu plazaratu genituen euskaraz. Batzuetan zaila da irakasle trebatu euskaldun bat topatzea, baina baita erdaldun bat topatzea ere. Beste alde batetik, gerta daiteke kafetegian edo idazkaritzan langile guztiak euskaldunak ez izatea. Baina lanean gaude horrelakorik ez gertatzeko. Kritika horiek nekatu egiten naute, gezurra baitira. Beste inork baino gehiago egin dugu lan euskara normalizatzeko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).