Testua: Jon Legarreta, Fisika Zientzietan doktorea
Modan jarri dira eskumuturreko magikoak edo osasungarriak. Baina egia da produktu horren publizitatean esaten dena? Ez; iruzur hutsa baino ez da. Produktu horiek saltzen dituen enpresa batek horrela dio: “Eskumuturrekoak holograma bat du eta horren barruan maiztasun bat dago, gorputzaren energia-eremuari onurak ekartzen dizkiona, indarra eta oreka emanezâ€. Benetan harritzekoa! Mirarizko produktu guztiek badute komunean ezaugarri bat: zientziaren erabilpen makurra. Hala ere, ez gara zientzialariak izan behar maiztasunaren kontzeptua ulertzeko, hori eguneroko terminoa baita: fenomeno periodiko bat denbora-unitatean errepikatzen den aldi-kopurua. Beraz, nola egon daiteke maiztasun bat holograma baten barruan? Argazkirik egin ahal zaio segundo bati? Graba dezaket kilometro pare bat disko gogor baten barruan? Maiztasuna neurtzeko unitatea da, eta berez ez da existitzen. Ondorioz, holograma horretan maiztasunik ez badago, zelan ekar diezazkioke oreka eta osasuna nire gorputzari? Eskumuturrekoa erosita duen baten batek hobeto sentitzen dela esango du. Eta egia izango da. Baina, eskumuturrekoarengatik baino, plazebo-efektua martxan jarri delako.