Uzta txikiagoa, baina goxo-goxoa

Aikor aldizkaria 2010ko urr. 18a, 10:44

Testua: Gaizka Eguskiza / Argazkiak: Ioritz Larrabeiti

Irailean eta urrian bor-bor dabilz Txorierriko baserriak, mahatsak dabezanak, behintzat. Izan be, mahatsak batzeko garaia da eta laster aurtengo uztako ardaoak dastatzeko aukerea izango dogu. Antxon Txapartegi “Bizkaiko Txakolina” Jatorrizko Deituraren Kontseju Arautzaileko idazkari teknikoa da, eta bere esanetan, 2010eko txakolina “goxoa” izango da. “Bizkaiko Txakolina” Jatorrizko Deituraren Kontseju Arautzailea jatorrizko deiturea kudeatu eta sustaten dauan erakundea da. Eta ganera, Bizkaian ekoizten dan txakolinaren kalidadea bermatu egiten dau. Antxon Txapartegiren berbetan, “oso eguraldi ona euki dogu urte osoan; baina ekaina hilebete gogorra izan da, itzelezko euri-zaparradak bota ditualako”. “Mahastiak hilebete horretan loratu egiten dira, eta aurton euriak polena kendu deutse lorei. Ondorioz, lorea ez da frutu bihurtu; eta ondorioz, mahats gitxiago egon da mordetan. Dana dala, abuztua eta iraila oso hilebete onak izan dira, eta mahatsak ederto heldu dira. Beraz, ustiapenek igaz baino gitxiago emon arren, mahatsen kalidadea oso ona izango da”. Txorierri da Bizkaiko txakolinaren sorlekuetako bat, eta bertan hainbat ekoizle doguz, batez be Lezaman eta Larrabetzun. “Ohitura handia badago be, ustiapenak txikiak dira, eta batzuek arazoak euki dabez garai barrietara egokitzeko: baserritar batzuk nagusiak dira eta ez dabe ordezkorik izan; ganera, gaur egun sektorea hazi eta profesionalizau egin da, eta horrek, besteak beste, ustiatzeko era barria eta produktuaren kalidadearen bermea eskatzen ditu”. Halanda be, gure txakolin-ekoizle batzuk aurrera pausuak emoten dabilz. Esate baterako, Txorierriko ekoizleen alkartea sortu gura dabe. Bizkaiko eskualdeetan ekoizten dan txakolina antzekoa da, eguraldia be antzekoa dalako. “Askotan eguraldia baino, askoz garrantzitsuagoa da lursail bakotxaren baldintzak: mahastien orientazinoa, lurraren drainatzea...”. Beraz, Txorierriko txakolina Bizkaiko beste txakolinen antzekoa da, baina gure ardaoak badau berezitasun bat. “Berton, batez be mune mahatsa edo folle-blanche motakoa erabilten dabe. Mahats hori ez da hainbeste erabilten beste eskualdeetan; horrexegaitik da berezia Txorierriko txakolina. Ganera, kontsumitzaile txorierritarrek sabore hori be eskatzen dabe, eta ekoizleek eskaereari erantzuna emoten deutsie. Txakolin horreek alkohol gitxiago dabe eta garratzagoak dira”. Jatorriak baino, markak Azken bolada honetan txakolinaren kalidadeak gora egin dau Bizkai osoan, eta horretarako behar gogorra egin dabe, bai ekoizleek, bai Jatorrizko Deituraren Kontseju Arautzaileak. Baina batek baino gehiagok jarraitzen dau pentsaten ardaorik onena Bakion eta Getarian egiten dala. “Herri bi horreetan primeran lantzen dabe txakolina, eta euren izenak txakolinari dagoz lotuta, nahitaez. Halanda be, ohiko kontsumitzaileek txakolinaren jatorria kontuan hartzeaz ganera markak be eskatzen dabez. Errioxako ardaoakaz bardin gertatzen da”. Txakolinaren inguruan dagoan beste aurreretxi bat txakolinak kalidade eskasa dauana da, baina Txapartegi ez dator bat horregaz. “Bakotxaren gustuak alde batera itxita, Bizkaiko txakolina Estaduko ardao zuririk onenetako bat da, eta halan esaten deuskue kanpora joaten garan bakotxean. Horrek ez dau esan gura hobetzeko grinarik ez dogunik: gero eta hobeak izan gura dogu eta akatsak zuzendu behar doguz. Ildo honeri jarraituz, kontsumitzaileen artean gehiago zabaldu behar dogu txakolina. Askotan Madrilen harritu egiten dira gure ardaoa ona dalako; baina horrelakoak hemen be gertatzen dira eta horrek amorrua sorrarazten deusku”. 2009 (Txorierri/Bizkaia) Upeltegiak 14 / 56 Ekoizleak 71 / 285 Mahastien lursaila (ha) 55 / 334 Txakolin-kopurua (l) 280.000 / 1,24 milioi