Lagun Probazaleak Zamudioko alkartea: “Afizinoa

Aikor aldizkaria 2010ko urr. 25a, 14:00
Argazkiak: Zamudioko Udala
Entzute handikoak dira Zamudioko idi probak, eta Lagun Probazaleak alkarteak dauka meritua horretan. 20 lagunek eratu eben alkartea 1990. urtean. Bide luzea egin dau harrezkero, eta Txetxu Aurrekoetxeak horren barri emon deusku. Ez dakigu kuriosidadea dan, baina baserritarrak zarie kide guztiak. Bai. Probak iluntzeko 8,30etan egiten doguz, baserriko beharretara egokitu behar izan dogulako proben ordutegia. Alkartea sortu orduko be baegoan afizinoa herrian? Handia; baina dirurik ez. Teknologia Parkea diru-laguntzak emoten hasi zan: hizkuntzetarako, ekimenetarako... eta geuri be emon euskuen diru partida bat. Horregaz hasi ginan idi probak antolatzen orain dala 20 urte. Sarrerea doakoa zan –eta gaur egun be halan da–, eta sari handiak emoten genduzan. Orain be sari handiak emoten segiduten dogu. Zamudioko idi probek entzute handia hartu eben eta orain be badaukie. Baina Parkeak itxi egin eutsan idi probak diruz laguntzeari. Horren ondorioz, urte bi emon genduzan probarik antolatu barik: 2002tik 2004ra bitartean. Udalera jo genduan eta alkartearen jarduerea aurrekontuen barruan sartu eben. Eskerrak! Osterantzean, ez ginan idi probak egiteko kapaz izango. Gauza asko dira: bederatzi sari, trofeoak, mantak, txapelak, lokala... Dirutza handia da. Aurreko urteetako moduan, idi probak izango doguz sanmartinetan. Halanda be, badira urte bi Pazko jaietan ez dirala antolatzen. Zergaitik? Pazko jaietara idi barriak ekarri izan doguz, baina azken urte bietan gure jaiak eta beste herri batzuetakoak batera egin dira eta ezin izan doguz ez egunak, ez ordutegiak adostu. Sanmartinetara, barriz, pisu libreko idiak ekarten doguz. Halakoek jente gehiago ekarten dabe. Zer dago ikuskizunaren atzean? Oso behar handia. Beste herrietako probetara joaten gara idien ugazabakaz hartu-emonetan jartera. Foru Aldundian eta Herri Kirolen Federazinoan eskatu behar doguz erakunde bakotxari jagokozan baimenak. Eta inskripzinoa ixten danean, datu guztiak batu, eta eskuma dauen erakundeari jakinarazo behar deutsaguz, egiaztau daien dana zuzena eta egokia ete dan. Horrezaz ganera, karrajua atondu egin behar da proba egunerako, eta probetan bertan be badoguz hainbat behar. Kinielek giro itzela sortzen dabela entzun dogu. Portzentaje handiak emoten doguzan famea dogu. Egia esateko, jenteak trabes egiten dau. Batzuek ohiturea eukiten dabe halako gauzetan. Eta idiei antidopin kontrola egiten jakela. Probea amaitzen danean, Foru Aldundiko albaitari batek buztarrietako bat aukeratu eta kontrola egiten deutso. Kafea edo beste substantziaren bat emon jakola topaten badau, deskalifikau egiten dau. Hasiera baten hiru tonako harria erabilten zenduen; eta gaur egun, 2.500 kilokoa. Zergaitik? Gerra ostean, hiru tonako harriak erabilten ziran idi probetan, eta guk eutsi egin gura izan geuntsan ohitura horri. Baina ugazaba batzuk kexau egin ziran eta 2.500 kilokoa hasi behar izan genduan erabilten. Eta zelan portaten dira ikusleak? Lagun asko batzen dira karrajuan. Bai txorierritarrak eta baita inguruko herrietakoak be. Gazteak zein helduak. Limusina Txapelketea eta idi probak batera izaten dira, eta batzuek aprobetxaten dabe, ganadu erakusketea ikusi ostean, idi-probetara etorteko. Gu sano pozik gagoz. Beraz, sasoi onean dagoz idi probak. Bai, eta etorkizun ona eukiko dabe. Afizinoa badago eta ez dogu hori galdu behar. Guk eusten segiduko dogu lehengo usadioari, eta hurrengo belaunaldien artean zabaltzen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).