Mikel Martínez eta Patxo Telleria: “Euskarareki

Aikor aldizkaria 2010ko urr. 25a, 14:12
Testua: Gaizka Eguskiza
Mikel Martínez eta Patxo Telleria bilbotarrek Ez dok hiru biko teatroa osatzen dute. Askotan etorri dira Txorierrira eta azken aldian Derion egon dira. Bertan Euskarazetamol saioa izan genuen ikusgai. Barre egiteko aukera paregabea. Batzuetan txantxetan, beste batzuetan serio erantzun digute. Ez da Txorierrira etorri zareten lehenengo aldia. Hemengo publikoak badu berezitasunen bat? Mikroklimak ez dira hain zehatzak izaten (kar, kar). Bizkaiko publikoak biziagoa den fama dauka. Dena dela, zenbat eta publiko gehiago egon, orduan eta giro beroagoa da edozein tokitan. Lekua beterik ez badago jendeari lotsa ematen dio barre egiteak, nahiz eta gogoa izan. Euskal Herriko areto gehienetatik ibili zarete? Bateren bat falta zaizue? Araban oso gutxitan ibiltzen gara, eta batez ere Gasteizen. Bitxia da, baina Iparraldean saio gehiago egin ditugu Araban baino. Herri handi gehienetan ibiliak gara eta guztietara joatea gustatuko litzaiguke, baina ez dago gure esku. Zer da Euskarazetamol? Patxok drogatuta idatzi omen zuen... Drogatuta baino, dopatuta idatzi nuen antzezlana. Osagarri bitaminikoak hartu eta idazteari ekin nion. Izan ere, gu aktore profesionalak gara eta, txirrindulariek egiten duten moduan, zerbait gehiago hartu behar duzu, euskaldun profesionalak izateko pilulak, alegia; bestela, zalea baino ez zara. Ez, txantxa hutsa da. Euskarazetamol saioa trilogia baten zatia da; beste biak Euskara sencilloaren manifiestoa eta Larru haizetara saioak dira. Eta hirukote horretan gure helburu bakarra jendeak ondo pasatzea izan da, bestelako asmorik gabe. Fribolitate hutsak dira saioak, eta bertan euskararekin jolastu eta barre egiten dugu. Sketch-ez osatutako ikuskizuna da. Errezetarik behar da ikuskizuna ikusteko? Ez dakit guk hartzen duguna arriskutsua den ala ez. Pilulak hartzen jakin behar da eta guk hori egiten badugu ere, oso zuhurrak gara besteei aholkuak emateko. Saioetan gure pertsonaiek porrot egiten dute eta hori oso barregarria da. Guk publikoari dopina ematen diogu euskararekin barre egiteko. Zuentzat euskara hizkuntza baino, hizpidea da... Kasu honetan bai. Beste saio batzuk euskaraz egin ditugu eta gaztelaniara itzuli ahal dira arazorik gabe. Hala ere, trilogia hori ezin da itzuli. Izan ere, euskara ez da soilik komunikatzeko tresna, saioen gai nagusia baizik. Hitz-jokoak daude eta ez lirateke hain barregarriak izango beste hizkuntz batera itzuliko balira. Euskaldun berria izan behar da zuen lanak hobeto ulertzeko? Askotan esan digute hori. Askotan euskara ikasleak ikaratuta etortzen dira gure ikuskizunetara, uste dutelako ez dutela ezer ulertuko. Baina saioa ikusi eta gero pozik daude ia dena ulertu dutelako. Gu ere euskaldun berriak gara eta agian horregatik errazago egiten dute bat gurekin. Gainera, gure euskara kutsatuta dago gaztelaniarekin. Beste alde batetik, guk egiten dugun umorea nahiko barrokoa da, hau da, hitz-joko pilo bat daude eta horrek oztopatu beharko luke ulermena, baina ez da horrelakorik gertatzen. Hizkuntza aldetik, esate baterako, Anjel Alkainek egiten duen umorea ezberdina da. Gurea hobeto ulertzen dute euskaldun berriek; eta bestea, ordea, euskaldun zaharrek. Mikel taberna baten jabea da eta Patxok gidoiak idazten ditu. Antzerkiak ez du jaten ematen, ala? Patxo: Nik ez dut nire burua enpleguaniztuntzat hartzen. Nire lana saioak idaztea eta antzeztea da. Batzuetan Mikelekin egiten dut, eta beste batzuetan nire kabuz. Antzerkitik bizi izatea oso zaila da gaur egun, askoz gehiago euskaraz, eta askoz gehiago Euskal Herrian. Hala ere, guk zortea izan dugu orain arte, eta ondo gabiltza gure ikuskizunek arrakasta dutelako. Baina salbuespena gara. Mikel: Taberna familiarena da eta ez dakit nik taberna aukeratu dudan, ala horrek ni. Taberna diru iturria da niretzat, eta horrek askatasuna ematen dit nahi dudana egiteko eta nahi ez dudana ez egiteko. Askotan, antzerkian, aktoreok gustatzen ez zaizkigun lanak taularatu behar ditugu, baina guri ez zaigu hori gertatzen. Pribilegiatuak gara.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).